Zeinek ez du gogoratzen iragan uztailaren 26an Parisko Sena ibaian gertaturikoa? Olinpiar Jokoetako inaugurazio ekitaldian, euripean eta mundu guztiaren begiraden artean, Baionako Gojira taldeak txundituta utzi zituen ikusle guztiak bere ikuskizun 'metaleroarekin'.
Lau kideek, Marina Viotti opera abeslaria eta Victor Le Masne konpositore eta musika zuzendariaren laguntzarekin, "Mea Culpa (Ah! Ça ira)" kanta iraultzaile ospetsua jo zuten, gitarra eta bateriaren doinuekin. Euren interpretazio sutsuak hurrengo Grammy sarietarako izendapena eman die, urteko «metal performance» onenaren kategorian.
Ekitaldia otsailaren 2an izango da Los Angelesen (Kalifornia, AEB). Bertan ikusiko da Joe Duplantier (abeslaria eta gitarrista), bere anaia Mario Duplantier (bateria), Christian Andreu (bigarren gitarrista) eta Jean-Michel Labadie (baxua) kideek saria lortzen duten edo ez, baina Parisen eskainitako ikuskizunak mundu osoan sekulako hedapena izan zuela ikusita, ez litzateke harritzekoa garaipena lortzea.
Aditu askok aitortu zuten metal musika estiloa musika panoraman jarri zutela Gojirako lau kideek eta Baionakoei buruz entzundako iritziak eta kritikak oso onak izan ziren.
Hori bai, Gojirak metalaren munduan oso ospetsuak diren beste talde hauek izango ditu 'aurkari': Judas Priest eta bere "Crown of Horns", Metallica eta bere "Screaming Suicide", Knocked Loose Ft. Poppy eta bere "Suffocate", edota Spiritbox eta bere "Cellar Door).