NAIZ

Pradalesek «zaila» ikusten du inork ezetz esatea aldundietan proposatutako zerga berrikuspenari

Imanol Pradales lehendakariak EAJk eta PSEk atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioetarako aurkeztutako zerga berrikuspena defendatu du. Bestetik, Aurrekontuei begira, EH Bilduri «Iruñean duen jarrera bera izatea Gasteizen» eskatu dio.

Imanol Pradales, Gasteizko Legebiltzarrean.
Imanol Pradales, Gasteizko Legebiltzarrean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioan izan da astearte goiz honetan Imanol Pradales, lehendakaria, eta bertan EAJk eta PSEk atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioetarako aurkeztutako zerga berrikuspena izan du mintzagai, besteak beste.

Akordioa duela bi aste ezagutu zen eta atzo eman zituzten xehetasunak. PFEZ eta Sozietateen gaineko Zergan jartzen du arreta, eta kontziliazioa, etxebizitzaren alokairua, gazteen emantzipazioa eta pentsio publikoak osatzeko BGAEak babesten dituzten murrizketak eta kenkariak proposatzen ditu.

Lehendakariak ere gako hauek nabarmendu ditu, etxebizitzaren inguruko krisian ikusmira jarriz. «Neurriak etxebitzitza politikei begira oso positiboak dira. Batetik erosteko aukera berriak ematen direlako, gazteei bideratutako neurri berriak. Kenkaria handitzen delako, gazteentzako erosketa momentuan bereziki. Eta bestetik alokairua ere erabat sustatzen delako, gazteei begirako neurri ezberdinekin», goraipatu du.

Bestetik, enpresei begira proposatzen diren neurriak ere azpimarratu nahi izan ditu Pradalesek. «Enpresa txiki eta kooperatibentzako neurriek asko hobetzen dute orain artekoa eta bereziki hartzen dute kontuan tamaina, batez ere txikiak direnean. Zergak murrizten dira. Eta enpresentzat, orokorrean, trantsizio berdearen aldeko apustu oso sendoa egiten da. Kenkari handiak inbertsioekin lotuta». Horri kontziliazio neurriak gehitu dizkio. «Badagao alderdi oso positibo bat».

Gipuzkoan eta Araban beste alderdiren baten babesa behar da aldundietan hau onartzeko. «Bakoitzari dagokio hau aztertzea eta ikustea bere burua non jartzen duten. Edukiak ikusita ez zait batere erraza egiten gauza guzti hauei ezetz esatea eta justifikatzea», adierazi du Pradalesek. Norbait erakartzeko bide horretan, uste du «aukerak ematen dituela» batzuekin eta besteekin akordioak lortzeko eta datozen asteetan egonen diren negozioazioetara bideratu du emaitza hori.

Eneko Andueza, berriz, Radio Euskadin izan da eta erreforma «progresiboa eta progresista» defendatu du, «gauza askotan gauzak aldatzeko» aukera ikusten baitu. Oposizioari begira, aldiz, adierazi du «orain ikusiko dugula batzuk suzko erroberetan edo errealitatean dauden».

Babesaren beharra ikusita, Arabako Batzar Nagusietan PPrekin eta Gipuzkoan EH Bildurekin akordioa lortzea «posible» izan daitekeen arren, «ez luke zentzu handirik», defendatu du.

Honen aurrean, Pello Otxandiano EH Bilduren Gasteizko Legebiltzarreko bozeramaileak erreforma fiskal «estrukturala eta sakona» eskatu zuen astelehen honetan, egungo ikuspegi «neoliberala» gaindituko duena, eta erreforma hori doitze hutsera mugatzea errefusatu du.

EAJk eta PSEk lortutako itun fiskalaren edukia ez ezagutzea eta koalizio subiranistarekin «negoziaziorik» ez izatea deitoratu zuen. «Zein oztopo dago EH Bildurekin ez biltzeko? Gobernuek oposizioaren babesa lortu behar dute».

Elkarrekin, prest

Arabako Batzar Nagusietan Elkarrekinen bozeramaile David Rodriguezek esan duenez, foru Gobernuarekin negoziatzen ari dira errebisio fiskalaren inguruan akordio batera heltzeko. Araban eta Gipuzkoan oposizioko alderdiren baten beharra dute EAJk eta PSEk erreforma aurrera ateratzeko, eta Rodriguezek adierazi duenez prest daude hiru herrialdeetan akordioetara iristeko.

Aurrekontuak

Lehendakariari, gaurko elkarrizketan, aurrekontuen inguruan ere galdetu diote. Zentzu horretan, adierazi du badutela gehiengo nahikoa Parlamentuan, baina babesa zabaldu nahi dutela. «Aurrera ateratzeko ez dugu oposizioaren beharrik, baina erronka nagusiei begira oposizioko alderdien ekarpenak ongi egonen lirateke aurrekontuak aurrera ateratzeko».

Atzo bertan Sumar eta PPrekin bildu ziren eta gaur arratsaldean gauza bera eginen dute EH Bildurekin. «Entzuketa momentuan gaude. Lehen helburua haiei entzutea da, kezkak eta proposamenak. Atzo Sumarrek ez zuen paperik ere ekarri baina esan zuen proposamen zehatza ekarriko duela. Eta horiek entzunda guk proposamen bat egingo diegu guztiei, zintzotasunez», adierazi du lehendakariak.

EH Bilduren eskaintza globalaren harira, aldiz, aurrekontuetan «egunerokotasunean zerikusi zuzena duten neurriak eta diru partidak» agertzen direla nabarmendu du. Honela, Otxandianok «askotan eraldaketaz» hitz egiten duela adierazi du Pradalesek. «Hitz handiak erabiltzen ditu, baina erretorika horretatik haratago joan nahiko genuke. Martxan jarri behar dira hainbat politika berri, baina egunerokotasunean ere eragin behar da: osasuna, medikuak erakartzeko beharrak, segurtasun aldetik gure kaleetan lasaitasunez ibiltzeko beharra... Hitz handietatik ekimen zehatzetara joateko beharra ikusten dut», erantzun du.

Honela, «mesfidantza» agertu du beste behin EH Bilduren proposamenari uko egiteko. «Mesfidantzak gainditzeko denbora beharrezkoa da eta gauza txikietan adostasunak lortzea. Oso garrantzitsua izango da osasun itunaren inguruan gertatzen dena. Norabide onean doa. Eskertu nahi dut, zintzotasunez ari garelako. Trantsizio energetikoaren inguruan ere badago adostasun bat eta aurrekontuak beste aukera bat dira».

Honela, koalizio abertzaleari «Nafarroan izan duen jarrera» eskatu dio. «Nahi nuke EH Bilduren jarrera eta jokaeran Nafarroan hartu duen papera Gasteizen errepikatzea. Jarreretan eta edukietan berdintsu ariko balira, adostasunerako aukerak egonen dira EH Bildurekin».