Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPI) gora egin zuen urrian Hego Euskal Herrian aurreko hilabetearekin alderatuta, baita duela urtebetetik hona ere, INE espainiar estatistika institutuak gaur eman dituen datuen arabera.
Herrialde guztietan egin dute gora prezioek. Hilabete arteko datuei dagokienez, Nafarroak izan ditu daturik okerrenak, %1 igo baita KPI urrian, irailarekin alderatuta. Gipuzkoan hamarren bat gutxiago garestitu da, %0,9, Araban %0,6 eta Bizkaian %0,5.
Urte arteko eboluzioari erreparatuta, ordea, inflazioa nabarmen hazi da urrian azken hamabi hilabeteetan. Gipuzkoan inflazio tasa %2,4ra igo da, Bizkaia %2,3ra eta Araban eta Nafarroan, %1,8ra.
Aurtengo urtarriletik urrira bitartean, berriz, Gipuzkoan %3,2koa da metatutako inflazioa, Bizkaian %2,7koa, Araban %2,3koa eta Nafarroan %2,2koa.
Sektore guztietan igo, garraioan izan ezik
INEren arabera, erregaien, argindarraren, gasaren eta elikagaien garestitzeak eragin du gehienbat KPIaren igoera urrian, iazko hile berean behera egin zuten bitartean.
Nolanahi ere, prezioak sektore guztietan hazi direla nabarmendu du estatistika erakundeak.
Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokionez, prezioak %3,1 hazi dira elikagai eta alkoholik gabeko edarietan, %4,1 alkoholdun edari eta tabakoan, %0,1 jantzi eta oinetakoetan, %4,7 etxebizitzan, %1,3 tresnerian, %2,5 botiketan, %2,5 aisia eta kulturan, %2,8 hezkuntzan, %3,8 hotel, kafe eta jantokietan eta %3,6 besteetan. Komunikazioetan ez da aldakuntzarik izan (%0,0).
Garraioa da EAEn prezioak jaitsi diren sektore bakarra, %2,6ko beherakadarekin.
Nafarroari dagokionez, jantzi eta oinetakoen sektorean hazi dira gehien prezioak, iazko urrian baino %4,9 gehiago. Bestelako ondasu eta zerbitzuetan %3,8 hazi dira, hezkuntzan %3,2 eta %3 alkoholdun edari eta tabakoan.
Garraioan, aldiz, KPI %3,1 jaitsi da eta komunikazioetan %0,4.