Sambou Diaby, Ibrahima Balderen larruan “Miñan” antzezlanean
Will Smith telebistan ikusi eta aktore izateko grina piztu zitzaion Sambou Diabyri. Hollywoodera begira jarri gabe, aktore beltz euskaldun bezala belaunaldi gazteagoen artean erreferente bihurtu nahi du berak. Ibrahima Balderen larruan sartu da Artedramaren “Miñan” antzezlanean.
Galtzak bete lan dabil, baina senti dezakeen presioak ez dio irribarrea ahotik kendu. Atzo igo zen herritarren aurrean agertokira Ibrahima Balde gorpuztera. «Zumaiakoa da denetan emanaldi bereziena. Estreinaldi eguna ez zen erraza izan, baina norbere herrian, denen aurrean... Urduri jarriko naiz. Gainera, publikoari hitz egiten diot eta denak aurpegi ezagunak izango dira. Bertigo pixka bat emango dit», aitortu zigun Sambou Diabyk egun batzuk lehenago.
Zurrunbiloa nola daraman jakin nahi dugu. «Emozio handiz ari naiz bizitzen. Obrak kristoren harrera izan du eta oso pozik nago. Oraindik zehazki ez dakit non murgilduko garen. Aurrerago, ea noraino iristen garen!», bere erantzuna. Artedrama konpainiaren “Miñan” da antzerkigintzan duen lehen esperientzia profesionala. Ibrahima Baldek hitzez azaldu eta Amets Arzallusek idatziz kontatutako istorioa ezagutzen zuen, baina liburua ez zeukan irakurrita.
Protagonista anaiaren bila abiatu izana egin zitzaion deigarria. «Nire aita bizitza hobe baten bila etorri zen. Ibrahimak Alhassanen bila hasten du bidaia. Anaia berandu baino lehen aurkitu nahi du eta etxera bueltatzeko esan nahi dio. Libian dagoela esaten diote anaiari zer gertatu zaion. ‘Beranduegi, etxea urrunegi dago’, dio berekiko Ibrahimak. Errudun sentitzen da, pentsatzen du ez duela merezi amaren begiek bera berriz ikus dezaten. Kristoren pisua dauka, ilun-iluna. Eta aurrera egiten du».
Balde ezagutzeko aukera izan du. «Madrilen elkar ezagutu genuen lehen aldiz, Parlan bizi da. Ez genuen gauza handirik esan, bera ere ez da asko irekitzekoa. Bilboko estreinaldira etorri zen gero. Hunkigarria izan zen. Denok negar batean bukatu genuen».
Timberlake Wertenbaker dramaturgoak Amets Arzallusen liburua Londresen taularatzea zuen asmoa. Ander Lipus izan zen hemen euskaraz egitea proposatu ziona. «Jende askok ez daki gu, aktore beltzak edo arabiarrak, euskaldunak, existitzen garenik. Timen kasuan, dena den, ez dakit horrela gertatu zen, Londresen bizi eta lan eginda logikoa da buruan hiri hura izatea».
Aurretik telebistan eta zineman -“Altsasu”, “Kartzela”, “Itsaso”, “Faisaien irla”, “El Hoyo 2” eta “La regla de Osha”- parte hartzeak egin ditu.
Dantzaria ere bada, autodidakta. «Michael Jackson imitatuz hasi nintzen, gero dantza urbanoak egin ditut. Eskolako festan-eta beti dantzan aritzen nintzen, eta inoiz beste bat hasiz gero, pikea!», esan du barrez. «Herrian dantzari bezala ezagutzen ninduten». Frantsesa eta ingelesa menderatzen ditu. «Hizkuntzak asko gustatzen zaizkit», dio.
Interpretazioak erabat asebetetzen du. «Hitz gutxiko pertsona naiz eta agertoki gainera igotzeak edo kamera aurrean jartzeak asko betetzen nau. Dena ematen dut eta hustu egiten naiz. Dena askatzen dut, dena!», esan du, irribarrez. Lotsatia? «Erreserbatua, lotsatia baino gehiago», zehaztu du. Obserbatzailea -«batzuetan gehiegi, dio»-, ahal duen dena xurgatzen ari da. Ikasten.
Nola lan egin emozioetatik? «Antzerkian ari naizenean, hor bai, ireki egiten naiz eta oso fidela naiz une horretan sentitzen dudanarekiko. Barrua irekitze hori ez zait oso zaila egiten. Pertsonaiaren araberakoa da…», adierazi du.
Zer pentsatua
«Ohikoan egiten ez duzun hori egiteko aukera duzu aktore moduan. Izaera ere alda dezakezu beste pertsonaia barruan zaudenean», kontatu du. Terapia? «Bai, terapia pixka bat ere bada, benetan!», barre algaraz. «Pertsonaia batzuek ematen dizute zer pentsatua. ‘Nik ere badut horretatik pixka bat eta ez da ona’, esan izan diot neure buruari».
«Asko sinesten dut energian, harriak-eta erabiltzen ditut», argitu du Diabyk. «Kalean, jendearekin nagoenean, energia asko gastatzen dut. Gero, bizpahiru egun etxean pasatzen ditut energia orekatzen. Etxean lasai egoten naiz, ez dut beste ezeren beharrik».
Umetan begiak zabal-zabal egoten zen telebistaren aurrean “El Principe de Bel-Air” ikusten. «Nik Will Smith izan nahi nuen, berak egiten zituen gauzak egin! Familian desberdina zen bera, gainera, eta erabat identifikatzen nintzen. 14-15 urterekin esan nien gurasoei ez nuela musulmana izan nahi. Hainbat kontu ez nituen ulertzen, eta, egindako galderen erantzunak ez banau konbentzitzen, nahiago beste bide bat hartu», aitortu du.
Txikitatik oso argi zeukan. «Batxilergoa Zumaian bukatu eta Donostiara joan nintzen TAEn (Arte Eszenikoen Tailerrera) ikastera. Madrilen pare bat ikastaro egin nituen ondoren, eta handik Bartzelonara joan nintzen».
TAEn lehenengo urtea ezkutuan egin zuen. «Gradu bat ikastera nindoala esaten nuen etxean, eta ez zidatenez galdetzen zer zen… Hantxe joaten nintzen autobusean Donostiara! Bigarren urtean, ‘aita, jada eskolan hemen nago eta bide hauxe hartu dut’, esan nion. Grazia handirik ez zion egin. Beti beldurrez, ondo aterako al da? ‘Nik bidea egin dut, zuek etorkizuna izan dezazuen, eta zuk artista izan nahi duzu?’, esan zidan. ‘Sinesten ez baduzu, ez dakit, nik behintzat sinesten dut!’, erantzun nion».
Orain pozik bizi dute semea urratzen ari den bidea. «Emaitzak ikusten hasi direnetik sinesten hasi dira. Arriagako estreinaldira etorri zen aita, eta oso emozionatuta zegoen!».
Ama distantzian ari da bizitzen. Parisen dago, bi seme-alabekin. «Nik uste ez duela irudikatzen zer den egiten ari garena. Argazkiak eta bidali dizkiot, baina... Emozionatuta dago, ikaragarri pozik, aspalditik zekien zertan ari nintzen. Ea bideo natural bat egiten duten eta berak pelikula bat balitz bezala ikusteko aukera duen. Anai-arreba denak poz-pozik daude».
Aitak bere larruan sufritu du migratzailearen kalbarioa. «Bide ia bera egin du. Badaki ‘Miñan’-en kontatzen duguna zer den». Aitak askotan kontatu izan die bere bidaia lau seme-alabei. «Oso interesgarria izan da entzutea. Gu hemen jaio gara eta ez gara konturatzen zenbat denbora pasa behar izan duen, zer jasan behar izan duen bide horretan… Gogorra ere bazen entzutea. Orain ‘Miñan’-eko esperientziarekin askoz gehiago… Ibrahimarena eta beste pertsona askoren bidaia da, nire aitarena, tartean. Trabesia oso antzekoa da guztiena».
Senegaldik Euskal Herrira
Senegaldik Europarako bidea egin zuen aitak. «Bidaia egiteko dirua behar zuen, beste ezeren aurretik. Boli Kostara joan zen, oso gaztea zen eta bakarrik joan zen. Dirua lortu eta goranzko bidea egin zuen, pixkanaka. Mauritania osoa pasatu, Libiara iritsi, eta ondoren Marokora. Denbora luzea egin zuen han baso batean, zain. Gero, Almeriatik honaino».
Iruñean egin zuen lehen geltokia. Bertan lanean hasi zen eta, denborarekin, emaztearekin eta Fanta alaba zaharrenarekin Euskal Herrian elkartzea lortu zuen.
Sambouk urtebete inguru zuela Oikiara (Zumaia) aldatu ziren. «Iruñean hiltegi batean ari zen lanean eta hemen lana eta etxea eskaini zizkion enpresa batek. Iruñean pisu partekatu batean geunden. Aita, ama, Fanta eta ni gela batean; zalantzarik ez zuen egin».
Lehen afrikarrak izan ziren Oikian. Bertan jaio ziren Diakhalaye eta Dambo. «Etxekoek esan izan didate hasieran gogorra izan zela. Begi asko. Beste begi batzuekin ikusten zaituzte, bertakoei dioten errespeturik ez dizute ematen». Orain ez dauzka saltzeko oikiarrak. Bertan bizi da. «Goitibeherak egiten genituen menditik behera», gogoratu du irribarrez. «Oso haurtzaro polita izan dut. Zumaian, adibidez, edozeinek ez du bizi ahal izan nik bizitakoa. Oso aberasgarria izan da. Dena da mendi giroa, baserri giroa… Beste mentalitate bat daukate eta oso euskalduna da».
Birritan izan da Senegalen. «Hango familiarekin harremana baneukan, baina pixkanaka galtzen joan da, lehengusuak-eta ezkontzen joan dira… Frantzian ere familia dezente daukat. Momentu honetan oso nirera nago», kontatu du.
DBH egitera Zumaiako ikastetxera joan zen. Han du kuadrilla. «Lau bat urtetan hainbat tabernatan aritu naiz lanean Zumaian. Herri txikia da eta denok elkar ezagutzen dugu». Elkarrizketa egiten ari garela herritarrak hurbildu zaizkio.
Modelo lanetan, lehen aldiz
«Madrilen ere lagunak baditut. Modeloak, diseinatzaileak, aktoreak… denak afrikarrak. Elkar elikatzen gara», dio. Lagun diseinatzaile batek “XV Strange” marka sortu zuen eta Madrid Fashion Week-en desfilatzeko aukera izan zuen. «‘Erdiak modelo profesionalak eta beste erdiak zuek izango zarete!’, esan zigun. Hantxe desfilatu nuen!». Gustatu? «Bai, errepikatuko nuke. Kristoren jendetza zegoen, denak niri begira». Fokupean egotea gustuko duenaren seinale. «Oso!», dio barrez. «Edozein tokitan sartzen naiz ni. Ateak beti irekita. Diseinua eta arropa gustuko ditut».
Euskal Aktoreen Batasunak emandako Besarkada Saria -telebistako errebelazio saria- jaso zuen “Itsaso” teleseriean egindako lanagatik. Modu berezian bizi izan zuen unea. «Sorpresa handia izan zen. Ekitaldian nengoen eta nik ez nekien ezer. Engainatu egin ninduten. Ekitaldian ‘Miñan’ aurkeztu behar genuela esan zidaten. Gezur horrekin ez dakit zenbat egun egon nintzen. ‘Orain errebelazio saria dator’, iragarri zuten galan. Eta pistak ematen hasi ziren. ‘Tortilla ez du gustuko’. ‘Nik ere ez, baina auskalo zenbat dauden gustatzen ez zaienak…’, nioen, neurekiko. ‘Kolore gustukoena morea du’, jarraitu zuten. «‘Nik ere bai, baina ez naiz ni’, ari nintzen. ‘Dantzaria da’, hurrengoa. ‘Baita ere, baina hainbeste jende dago dantza egiten duena…’. ‘Gaur Iparraldetik etorri da‘. ‘Ni ere halaxe etorri naiz, baina izango da besteren bat, seguru’... Eta bat-batean nire izena entzun nuen. Zer? Eta hantxe agertu ziren eszenan aita eta arreba. Kristoren sorpresa izan zen, ez nuen batere espero eta momentu oso polita izan zen! ‘Miñan’-eko denek zekiten nik izan ezik». Ametsik? «Aurrera begira bizitza guztian honetatik bizi ahal izatea, lanik ez falta izatea. Eta ‘Miñan’ bezalako proiektuak gorpuztu eta aztarna lagatzea». Erreferente izan? «Nahiko nuke, nire ustez garrantzitsua da. Zuk egin nahi duzun hori egiten ikusten baduzu norbait, ateak ireki egiten dizkizu. Esperantza puntua ematen dizu. Will Smith Hollywooden dabil, oso urrutiko zerbait iruditzen zitzaidan. Badaude gazte asko, beltzak edo beste arraza batzuetakoak, aktore izan nahi dutenak», adierazi du Diabyk.
Arnasa luzeko bidea egin nahi du. «Orain topera nabil ‘Miñan’-ekin, baina gero jakin ezazu… Burua hotz eduki behar da, oinak lurrean, eta pazientzia izan». •