Larunbat honetan, 18.00etan, Easo Plazan elkarretaratzea deitua zuen ‘Lo que no te cuentan de Donosti’ mugimenduak. Egia auzoan KAS kolektiboak antolatzen dituen afari solidarioen aurka egitearren hartu zuten hauspoa herritar talde honek, beraien lehen mobilizazioan Donostiako Udaleko PPko hiru zinegotziak ere gehitu zirela.
Aipatu elkarretaratze horren ondotik sortu ziren tentsio uneak aitzaki hartuta, Udalak afari solidarioak debekatzeko hautua egin zuen eta KASeko kideek antolakuntza «kriminalizatu» nahi dutela salatu zuten.
Ordutik, «segurtasunaren» izenean aritu dira batzuk, aipatu afari solidario horiek hirian «intseguritatea» hauspotzen zutela argudiatuta. Alegia, delinkuentzia eta afari solidarioen hartzaileak lotuta zeudela arrazoitu zen ‘Lo que no te cuentan de Donosti’ izeneko Telegram kanalean. Beharrizan gehien dutenak laguntzeak –ezer edo gutxi daukatenei mokadu bero bat eskaintzeak–, «zikintasuna eta delinkuentzia» areagotzen dituztela, alegia.
Diskurtso populistak indarra hartzen duten garaiotan –esfera handietatik hasi eta herriko mugimenduetaraino–, ‘Lo que no te cuentan de Donosti’ mugimenduak kalean eragin nahi izan du. Hala, larunbat honetan mobilizatzera deitua zeuden, «hiri seguruago bat lortzearren» lelopean. Easo plazan batu dira hamarnaka pertsona baina ordurako, herritar talde bat ere mobilizatu da, «faxistak kanpora» oihuekin hauen ideia atzerakoiak argitara atera asmoz.
Gaur jendetza batu da Donostian, Easo plazan, «Lo que no te cuentan de Donosti» deialdi xenofoboaren aurka.
— Malcolm iXa (@ideiazabaldub) November 16, 2024
Ertzaintza bertaratu direnen kontra oldartu da.
Faxismoaren, arrazakeriaren eta klasismoaren aurka; ez dira pasako! ❌✖pic.twitter.com/mvMiIS6B6R
Tentsio uneak ere bizi izan dira, ertzaintzak aurre egin baitie «faxistak kanpora» lelopean gerturatu diren herritarrei, ‘Lo que no te cuentan de Donosti’ mobilizazioak Udalaren baimena edukita, poliziaren babesa izan baitute.