Kukai Dantzak eta Kolonbiako Cenit Teatrok, Gipuzkoako Aldundiaren Lankidetza Departamentuak lagunduta, lankidetza proiektua abiatu berri dute bi herrialdeen arteko zubi-lana egin eta kultura eta artearekin lotutako proposamen berria sortzeko.
Proiektua astearte honetan aurkeztu dute Donostian eta Jon Maya Kukai Dantzako sortzaile eta dantzariak azaldu duenez, proiektuaren onuretako bat «bi konpainiok gure leku geografikoetan lan egiten dugula» da, «gure lana nortasunaren baliotik abiatzen dela, eta arte eszenikoak gizarteratzeko, bizikidetza eta kultura-aniztasuna hobetzeko motor gisa ulertzen ditugula».
Proiektua une honetan lehen fasean dagoela zehaztu du, hau da, ezagutza eta esperientzia trukea ari dira gauzatzen. «Hori izango da abiapuntua, eta ikusiko dugu aurrerantzean zer proiektu komun eraiki ditzakegun», azaldu du Mayak. Hala, Cenit Teatroko kideak Gipuzkoan dira egunotan, Kukairen lana ezagutzen, eta euskal ordezkariak 2025ean bidaiatuko dute Kolonbiara.
Cenit Teatroko Nube Sandoval eta Bernardo Reyk proiektua eurentzat «garrantzitsua» dela nabarmendu dute, «Kukain identitatetik eta hizkuntza gutxitu batetik lan egiten duen talde bat aurkitzen dugulako. Hortik abiatuta, mundu osoko herrialdeetara iristeko gai den hizkuntza garaikidea sortzen du». Cenit Teatroren onarria «artea eta gizartea batera doazen proiektuak garatzea» dela gaineratu dute, «horregatik, garrantzitsua da Kukaik garatzen duen ekintza-eredua ezagutzea, Kolonbian ezarri ahal izateko».
Baterako lanak funtsezko hiru zutabe izango ditu: batetik, antzerkia erabiltzea gizarteratzea eta justizia sustatzeko zubitzat, testuinguru zaurgarrietan antzerki-esperimentazioa eginez. Bigarrenik, tradizio eta mundu-mugimendu indigenei balioa ematea. ‘Gonawindúa, Corazón del Mundo’ proiektuaren kasuan, Kogui komunitate indigenak narrazioaren protagonista bihurtu dira, arte eszenikoa erabiliz antzinako jakintzak transmititzeko tresna gisa. Eta, azkenik, ikerketa eta sorkuntza garaikidea, dantzaren eta antzerkiaren bidez bi lurraldeetako kultura-tradizioak integratuko dituzten proposamenak garatzeko.