Kezka handiz aztertu du EH Bilduren Mahai Politikoak Ukraina aldean gertatzen ari dena, astelehen honetan. Ondoren eginiko agerraldian Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, «mila egun dira Ukraina eta Erresuiaren arteko gerra piztu zenetik. Komeni da Euskal Herrian bakoitzak hartu duen posizioari erreparatzea. Inbasioaren kontrako kontsentsua egon zen eta EH Bildu hasieratik hor egon da. Baina EH Bilduk hasieratik esan du konponbide bakarra diplomazia eta elkarrizketa zirela».
«Giro militarista sortu zenean, EH Bilduk esan zuen ezin zela gerra irabazi potentzia nuklear baten kontra –oroitarazi du Otegik–. Era berean, hasieratik esan genuen armak bidaltzeak ez zuela ezer onik ekarriko. Duela bi urte esan genuen armak bidaltzeak gizateriaren etorkizunarentzat ondorio ezezagunak izango zituela», berretsi du.
Azken egunetan larriagotu den talka ikusita, «hau ez da Ukraina eta Errusiaren arteko gerra, Mendebaldearen eta Errusiaren aurkakoa da», ondorioztatu du EH Bildu. «Eta horrek ataka larrian jarri gaitu. Zer esaten dute orain jarrera militaristak defendatu zituztenek? Alemania dagoen bezala dago termino ekonomikoetan, inflazioa… Gerra eta militarismoaren ondorioak herriak ordaintzen ditu», aipatu du Otegik.
Gauzak honela, «arduraz jokatzeko deia egiten dugu. Elite europarrari eta armak bidaltzeko apostua egiten dutenei galdetzen diogu: Zein da azken urratsa?», galdetu du.
Indarkeria Matxistaren aurkako egunari erreparatu dio, bestalde, Mahai Politikoak. Eta Uruguain Frente Amplio delakoak hauteskundeak irabazi dituelako poza agertu du.