Aroztegiko Auziperatuekin Elkartasuna Komiteak astearteko prentsaurrekoan jakinarazi zuenez, Lekarozen 2021 urtean Aroztegiko egitasmoari aurre egin zioten zazpi lagunen kontrako epaiketa otsailaren hasieran hasiko da. Auzipetuei babesa adierazteko manifestazioa deitu du komiteak otsailaren 1ean Iruñean.
Baztanen hotela, golf zelaia eta 200 etxebizitza osatzeko egitasmoak (Aroztegia delakoak) goitik behera astindu zuen bailara, bai eta beste herrialdeetako jendea ere. Horren adierazpen nagusia 2021an izan zen, abiatutako lanak geldiaraztea lortu zenean. Orain, 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatu dute borroka horretan parte hartu zuten zazpi pertsonen kontra. «Talde kriminal antolatu bat» osatzea eta bortxa delituak egitea egozten diete.
Komiteak azaldu duenez, hasiera batean fiskala «talde kriminalaren» akusazioa bertan behera uzteko prest bazen ere, Palacio de Arozteguia S.L. akusazio honekin «tematu» da. «Beraz, akordiorako aukera zaborrontzira bota dute, ondorioz Aroztegiko auzia epaiketara joanen da», salatu dute.
«Zigor eskaera hori testuinguru baten baitan ulertzen dugu, lurra eta landa eremuaren defentsaren kontrako testuinguruan. Kapitalismo zisheteropatriarkalak ez du onartzen aitzinean paratzen zaion deus ez inor, eta indar poliziala eta judiziala baliatzen ditu erantzunari aitzin egiteko. Gaitzetsi egiten ditu herri batzarrak, antolakuntza komunitarioa eta zuzeneko demokrazia, ez baitira beraien eskema hierarkiko eta zapaltzaileetan sartzen. Baztanen gertatutakoa Euskal Herriko errealitatearen bertze adibide bat bertzerik ez da», adierazi dute.
«Bidegabekeria» hau salatzeko Iruñean otsailaren 1ean manifestazio nazionala deitu dute eta euskal herritar guztiei parte hartzeko deia luzatu diete.
«Zazpi gara auziperatuak baina herri oso baten kontrako zigorra da hau. Aroztegikoa, urteetako herri oposizioak ezaugarritu du. Lekarozko herria xehatzera eta gure lurren bizkar aberastu nahi dutenen kontra egin den borroka da», ziurtatu dute.