NAIZ

B Serieko Binakako pilota Txapelketak Agirre eta Iztueta txapeldunen oinordekoa bilatuko du

Ostiralean Beasainen hasiko da txapelketa eta martxoaren 22an jokatuko da finala, Iruñeko Labrit pilotalekuan, txapelketa nagusiko formatu berbera jarraitu ostean. Aurreneko jardunaldi honetan Alberdi II.ak Agirre ordezkatuko du eta Bakaikoak, berriz, Larrazabal.

Agirre eta Iztueta nagusitu ziren iazko B Serieko Binakako Txapelketan.
Agirre eta Iztueta nagusitu ziren iazko B Serieko Binakako Txapelketan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Baiko eta Aspe enpresek asteazken goizean aurkeztu dituzte 2025eko Binakako Serie B Txapelketa irabazten saiatuko diren zortzi bikoteak. Baiko Pilotak bere koadroko lau bikote hauek aukeratu ditu txapela lortu nahian: Agirre-Ugartemendia, Larrazabal-Salaverri II, Senar-Eskiroz, Zubizarreta III-Morgaetxebarria. Aspe Pelotak, berriz, Egiguren V-Bikuña, Salaberria-Gaskue, Zabala-Eskuza, eta Dario-Gabirondo bikoteak aukeratu ditu.

Agirrek eta Iztuetak irabazi zuten iazko ekitaldia, finalean Larrazabal eta Eskiroz sei tantoan lagata. Iazko finalistekin alderatuta, aurten Iztueta Unai Lasorekin Binakako Txapelketa nagusia jokatzera doa eta Larrazabalek berak ere min hartuta dagoen Artola ordezkatuko du aurreneko jardunaldietan.

Beasaindik Iruñera

Esan bezala, ostiral honetan bertan, Beasainen emango diote hasiera lehiaketari B Serieko pilotariek. Zubizarreta III.a-Morgaetxebarriak eta Senar-Eskirozek, hain zuzen. Larunbatean, berriz, Alberdi II.ak –Agirreren ordez– eta Ugartemendiak, Bakaikoa –Larrazabalen lekuan– eta Salaverri II.aren aurka jokatuko dute Lizarran. Larunbatean baita ere, baina Eibarren, Egiguren V.a-Bikuña eta Salaberria-Gaskue izango dira aurrez aurre. Eta azkenik igandean, Basaurin, Dario-Gabirondok eta Zabala-Eskuzak itxiko dute txapelketako aurreneko jardunaldia.

Ostiralean, Beasainen hasi eta martxora bitartean luzatuko da Eskuz Binakako B Serieko lehia. Txapelketa nagusiaren formatu berbera errespetatuko du honek ere; hau da. aurreneko fasean 14 partida jokatuko dituzte, bikote bakoitzak gainontzeko zazpi bikoteen kontra bina partida jokatu beharko duelako. Bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligaxkara; bestetik, hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatuek play-offak jokatu beharko dituzte aurrera egin ahal izateko. Finalerdietako ligaxkak ere hiru jardunaldi izango ditu eta, hala, finala Labrit pilotalekuan jokatuko da martxoaren 22an.