Rikardo Arregi Kazetaritza sariak banatu dituzte asteazken arratsalde honetan Andoaingo Bastero kulturgunean. ‘Feminizketak’ eta ‘Ikusgela’ lanek jaso dituzte Kazetaritza eta Komunikazio sariak, hurrenez hurren.
Saridunek 9.000 euro eta Xabier Lakak berariaz egindako oroitikurra jaso dituzte.
‘Feminizketak’ ‘Berria’ egunkarian argitaratutako elkarrizketa sorta da, Maite Asensio, Amaia Igartua, Isabel Jaurena eta Olatz Silva kazetariek egindakoa. Epaimahaiak nabarmendu du lau kazetariek «egin duten ahalegin berezia adin, jatorri eta arlo desberdinetako puntako pentsalarien gogoetak jasotzeko sei hizketaldirekin osatutako bilduman».
Epaimahaiaren arabera, «bizi dugun garai honetan adimenez ekiteko erantzun mamitsuak eskaintzen dizkigute Silvia Federici, Sara Ahmed, Vandana Shiva, Rita Segato, Remedios Zafra eta Irantzu Varela pentsalariek, mundu mailan ezagunak eta eraginkorrak direnek. Ikuspegi anitzak azaltzen dira horien ahotsetan, euskaratik eta feminismoz betetzeko oraina. Euskal kazetagintzan, oraindik ere sarri salbuespen eta luxu izan arren, bada eta badugu emazteon ahotsak plaza eta zentralitatea har dezan landutako maila goreneko kazetaritza».
‘Ikusgela’
‘Ikusgela’, berriz, Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen proiektua da, hainbat gairen inguruko euskarazko «bideo labur, erakargarri eta dibulgatiboak» ekoitzi eta jendearen eskura jartzen dituena. «Gazteei gertuko egiten zaien egungo eduki digitalen ohiko lengoaian, gaiek eskatzen duten sakontasunari uko egin gabe sortzen ditu edukiak ‘Ikusgelak’ ikus-entzunezko formatuan», adierazi du epaimahaiak.
Sari honen bidez, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteari aitortu nahi izan diote Euskal Wikipedian «hainbeste urtez egindako lan eskerga».
Ana Galarraga
Bi sari nagusi horietaz gain, ekitaldian epaimahaiak ‘Ohorezko mugarria’ eskaini dio Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko kideari, Xabier Lakak diseinatutako lana oparituta.
Bere ekarpenari buruz zera nabarmendu du epaimahaiak: «Desinformazioa nonahi dugun garai honetan zientzia dibulgazioaren garrantzia mahai gainean jartzeko egiten duen ahalegin eta ekoizpen aparta; iparrorratz darabilen ikuspegi feminista, asko aurreratua dugun arren oraindik ere erresistentziak eragiten dituen gaia ere baden garaiotan; eta, komunikazio jarduna euskaraz eta zero kilometrotik egitea, gertuko begirada hori geruza globalekin ere osatuta hainbat plataforma, formatu eta esparrutan».
«Zientziaren protoi bihurtu du feminismoa eta elektroi euskara. Dena aldatzen eta aldatzeko ari den atomoetako bat da. Erreplikatzeko moduko eredua», amaitu du.