«Kaixo, zer moduz doa dena? Hemen Trumpen garaipenarekin shock egoeran. Nahiz eta alderdi demokratak asko duen pentsatzeko, errepublikanoek hobeto irakurri dute gizartearen egoera. Berri on bat daukat: Madrileko Visor Libros poesia etxe prestigiodunak nire poesiaren bilduma bat kaleratuko du», zioen New Yorketik jaso genuen whatsapp mezuak.
Albistearen garrantziaz ohartzeko, datu bat: joan den asteartean, Madrilen iragarri ziren Zenda Editorial izeneko sarien lehen edizioko irabazlea Visor Libros argitaletxea izendatu zuten, «mende erdi baino gehiago daramalako poesia argitalpenaren erreferentzia nagusi gisa. Irakurle eta poeten hiru belaunaldi irakurle eta poeta bihurtu dira dagoeneko mitikoa den zigilu honetako liburuekin», aipatu zuen sektoreko partaideez osatutako epaimahaiak.
«Niretzat, nobela lana da, eta poesia da etxea. Etxe txiki desordenatu bat, hori da niretzat poesia»
Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) idazlearen ‘En mis sueños siempre tienes veinte años’ (Visor Libros) dendetara iritsi berri da. ‘Bilbao-New York-Bilbao’ edo ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ bezalako nobelen egileak 1999. eta 2024. urte bitartean idatzi dituen olerkien aukeraketa eta, horrez gain, joan den ekainean Arriaga antzokian estreinatu zen ‘Saturraran’ operaren libretoa hartzen du bere barnean. Gerardo Markuleta, Ana Arregi eta Uribe bera arduratu dira itzulpenez.
Visorrek ohi duen bezala, olerkiak bi hizkuntzatan –originalean eta gaztelaniazko itzulpenean, bata bestearen ondoan– argitaratu dira. Ez da Madrilgo etxe honekin Kirmen Uribek atera duen lehen lana –‘Mientras tanto dame la mano’ eta ‘17 segundos’ kaleratu baitzuten 2013 eta 2020an, hurrenez hurren–. Baina hauek ur handiak dira, ezbairik gabe, 25 urteetan idatzitako lanen bilduma izateaz aparte, Juan Carlos Perezek musika jarri eta Kirmen Uribek idatzi zuen ‘Saturraran’ operaren libretoa papereratu delako lehen aldiz.
Liburua bidaia bat izango balitz bezala egituratuta dago, bai denboran, baita ere geografian: Ondarroa, Saturraran eta New Yorkera eramaten gaitu, alegia Kirmen Uribe beraren bizi-bidaiak izan dituen geralekuetara. «Iowa ibaiaren ertzak Euskal Herriko gau izartsuekin lotzen dituen olerkiak dira», Luis Garcia Montero poetaren hitzetan. Garcia Montero berak egin dion hitzaurreak hauxe dakar: «Kirmen Uriberen poesia unibertsala eta intimoa egin da. Horregatik hitz egiten digu munduaz, irakurritako liburuez, entzundako abestiez eta bizitzako gauza txikiez».
Duela 25 urte argitaratu zuen ondarroarrak ‘Bitartean heldu eskutik’ poema liburuan. «Hura funtsezko liburua da nire bizitzan, lanbide bat irakatsi zidalako, idazlearena», aitortzen du lan honen bukaeran txertatu dituen ohar argigarrietan. Bertan, 25 urteotan bildutako hitz hauen guztien barne historia ezagutu dezakegu. Esate baterako, liburu honi izena ematen dion poemaren lerroek, baina gaztelaniaz, kanta bihurtu zituen Quique Gonzalez musikariak.
Eta orain, liburuaren azalean, olerkia Spencer Ostrander argazkilari estatubatuarraren irudi bat bihurtu da. Zuri-beltzeko argazki bat, intimoa. Ostrander laguna du Kirmen Uribek: «Jendeak ezagutuko du Paul Austerren suhia delako, baina artista handia da. Eskatu nionean azalerako zerbait, esan zidan: ‘Izenburu horrekin badakit zer jarriko dugun’. Eta argazki hori bidali zidan, ohetik ateratzen den hankatxo bat»
«Poeta euskaldunak badaki sentitzen munduko txiki guztien minak»
«Niretzat, nobela lana da eta poesia da etxea. Etxe txiki desordenatu bat, hori da niretzat poesia. Bilduma egitearen ideia Visorrena izan zen, nire ibilbide poetikoa jasotzeko eta, tartean, ‘Saturraran’ sartu nahi genuelako», argitu digu Kirmen Uribek berak New Yorketik egun hauetan elkar trukatutako audioetan. Baina, operaren libretoa? «Ez da arraroa libretoa poesia liburu batean sartzea, libretoa poesia dramatikoa delako –erantzun digu–. Atzera jotzen badugu, poema epikoetara, euskal baladek, adibidez, puntu dramatiko hori dute: elkarrizketekin osatutako poemak dira euskal baladak».
Juan Carlos Perezek libretoa idatzi zezan eskatu zioenean, hitz bakarra eman zion: Saturraran. Hortik tiraka, eta hondartza basati honetako bi haitzen inguruko kondaira zahar bat moldatuz, esan daiteke mitologia propioa sortu zutela Perezek eta Uribek, alegia, 80ko hamarkadan droga gogor kolpatu zuen belaunaldien kondaira gordin eta mitikoa.
«Nire izaera izan da beti desagertzea; hau da, beti kontatzen dut nik ikusten dudana. Bestearen istorioak kontatzen ditut eta ez neureak. Horregatik poemak eginda daude irudiekin, eta ez hitzekin. Niri apaindurak ez zaizkit gustatzen, poemak biluziak gustatzen zaizkit», dio idazleak. Eta beste aitorpen bat: «Uste dut poeta egin naizela nazioarteko poesia irakurtzen».
Bildumako orrialdeetan umorea dago, mina ere, baita egoera soziopolitikoari erreferentziak: «Poeta euskaldunak badaki sentitzen munduko txiki guztien minak. Nire hauskortasunetik sentitzen dut hauskor diren pertsona guztien sentipena –esan du–. Ez bakarrik hizkuntzari dagokionez, gutxiengo guztiak sentitzen ditut, baztertuta sentitu diren guztiak ulertzen ditut. Zergatik? Euskaraz idazten dudalako».
Mexikoko Guadalajarako FIL jaialdi ospetsuarekin du hurrengo hitzordua Uribek, abendu hasieran, bere web orrian ikusi dugunez. ‘Maskulinitate berrien inguruan hausnarrean’ hitzaldian parte hartuko du. Eta, hain justu, horri buruz ari zen ‘Udako gau epela’ (2019) idatzi zuenean.
Ingelesez irakurri zuen aldizkari batean Cate Blanchett aktore australiarrak, eta ‘Times Magazine’-ri emandako elkarrizketa batean aitortu zuen, ‘Tar’ filmeko pertsonaia gorpuzteko, poema hau hartu zuela abiapuntutzat.