Isuna jaso duten Ernaiko 133 kideetako biren helegiteen epaiketak egin dira ostegun honetan Gasteizko Administrazio Auzien epaitegi batean. Maddi Bilbao antolakundearen abokatuaren aburuz «frogatuta geratu da administrazioak arbitrariotasunarekin jokatu zuela isun hauek jartzerakoan».
2023ko irailean Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratze agindua salatzeko Gasteizen eta Bilbon egin ziren mobilizazioetan parte hartu zuten gazte antolakundeko kide batzuk dira isunak jaso zituztenak, besteak beste desordena publikoak egotzita, guztira 290.000 eurokoak. Maddi Bilbao abokatuak arratsaldeko 16.00ak pasatxo epaiketak amaitu direnean errepikatu duenez, isunak «proportziorik gabekoak dira eta ez datoz bat Zuzenbidearekin».
9.00etan hasi da lehenengo bista, Gasteizen izan ziren gertakarien inguruan eta, ondoren, Bilbon gertatutakoari buruzkoa egin dute. Aztertu diren bi kasuak «lehentasunezkoak» dira epailearentzat eta, Bilbaok azaldu duenez, hilabete edo bi hilabete barru jakingo diren epaiek aldaketak eragin ditzakete auzi honen beste kasu batzuetan. Hurrengo epaiketa otsailean izango da, beraz, «ikusiko dugu zer gertatzen den».
Ernairen defentsak eskatu du 133 ebazpen administratiboak «Zuzenbidearen kontrakoak» direla deklaratzea. Horrekin, administrazioak isuna jaso dutenei eragindako kalte ekonomikoa berrezartzeko eskatu dute, baita prozesuaren kostuak ordaindu ditzala ere.
Administrazioak, bestalde, helegiteak bertan behera uztea eskatzen du. Bilbaoren esanetan «bere aburuz frogatuta dago manifestazio bat aurretiaz ez komunikatuta egiteagatik desordena publiko bezala tipifikatu daitekeela eta garraioan edo errepideetan izan diren kalteek arriskuan jartzen dutela herritarren segurtasuna». Auzi gelan hori gertatu zenik «desmuntatu» dutela adierazi du, epaiketak luzatu dituzten hainbat lekukoren deklarazioekin.
Gainera, azpimarratu du prozedura administratibo honetan «agerian» geratu dela «administrazioak, kontuan izanda zigortzeko ahalmena duela eta gertakari horiek horrela izan zirela frogatzeko ardura duela, ez duela hori egin».
«Epaitegiak dira funtsezko eskubideak defendatu behar dituztenak eta epaitegia da administrazioari mugak jarri ahal dizkion organoa», adierazi du. «Epaitegiari eskatzen diogu kasu honetan Segurtasun Sailak erabakitzeko ahalmen hori kontrola dezala».
«Borrokarako beste bide bat»
Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak ere hartu du hitza Justizia Jauregiaren atarian. Gogorarazi duenez, antolakundearentzat prozesu honen helburua «Segurtasun Sailak bereziki gazte independentiston aurka darabilen jarrera sistematikoa jopuntuan jartzea da».
Hortaz, isunen helburua «Ernai eta gazteria independentista isiltzea» bazen ere, «azken hilabeteotan ikusi dugu ez dela hori gertatu, gero eta gehiago garelako».
«Ez dugu atzera urratsik emango, aurrera jarraituko dugu datozen hilabeteetan, bide judizial hau borrokarako beste bide bat bezala ulertzen dugulako», azaldu du Egurrolak.