NAIZ

Zaintza sistema eraldatzeko eskatu du Denon Bizitzak Erdigunean plataformak

Borroka sindikal eta sozialaren bidez, zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatzeko borrokan jarraitzen du Denok Bizitzan Erdigunean plataformak. Instituzio eta patronalei egiten dizkieten eskarien berri eman du ostegun honetan, Bilbon.

Denon Bizitzak Erdigunean plataformak Bilbon egindako prentsaurrekoa.
Denon Bizitzak Erdigunean plataformak Bilbon egindako prentsaurrekoa. (Raúl BOGAJO | FOKU)

Urtebete pasatu da Euskal Herrian Zaintza Eskubide Kolektiboaren aldeko lehenengo Greba Feminista Orokorra antolatu zutenetik. Borroka sindikal eta sozialaren bidez, zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatzeko borrokan jarraitzen dutela jakinarazi du Denon Bizitzak Erdigunean plataformak, hau da, «euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioaren bidean epe ertaineko erronka horretarantz urratsak egiten jarraitu ahal izateko aliantzak eta konpromisoak garatzen».

Zentzu horretan, instituzioen arduragabekeria salatu dute ostegun honetan Bilbon egindako prentsaurreko batean, pribatizazioaren eta negozioaren ereduan sakontzen jarraitzeko egindako hautuagatik eta oraindik ere zaintzaren eremuan ematen diren egoera prekario eta kolapsatuen erantzule egiteko neurririk hartu ez izanagatik. Egoera honen aurrean, instituzioak eta patronalak interpelatu dituzte eremu sindikalean negoziazio kolektibora premiazko neurri batzuk eramateko konpromisoa hartuz.

Neurri horien artean, honakoak aipatu dituzte: «Lanaldi murrizketa, 30ko asteko lanaldiaren bidean, soldata jaitsierarik gabe», «zaintza sistema publikoa» eta «zaintza langileen baldintzak hobetzea», eta «zaintza lanak banatzea, erantzukidetasunez».

«Zaintza duin bat eta pertsonak osotasunean ondo zainduak garela bermatzeko, zerbitzu publikoak indartzea ezinbestekoa da. Gizarte zerbitzu, etxebizitza eta osasun sistema publiko, unibertsal eta eraginkorra lortzeko inbertsio handiagoak behar dira. Eta zaintza lanen egoera irauli nahi badugu,  kontzienziazioa eta heziketa dira tresnarik eraginkorrenak, eta horretarako hezkuntza sistemaz baliatu behar gara», aldarrikatu dute.

Mobilizazio ugari larunbat honetan

Larunbat honetan, azaroaren 30ean, Euskal Herriko hiriburu, eskualde eta herri ezberdinetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute: Bilboko ‘Zaintzen Herria’ mobilizazioetan, Gasteizko kalejiran, Iruñeko topaketetan, Donostiako elkarretaratzean zein Arabako eta Gipuzkoako gainontzeko eskualdeetan egingo diren mobilizazioetan.

«Urtebete igaro da Greba Feminista Orokorra izan zen une historiko hartatik, baina borrokan jarraitzen dugu. Zaintza eskubide kolektiboaren alde ekarpen sindikala egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu. Bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko eta komunitario baterantz goaz, eta horretarako enpleguaren eremuan ere urratsak emateko tentsionamendua eta agenda markatzea da gure hautua», adierazi dute plataformako kideek.