Giro ederrean eta Basauriko pilotalekuko harmailak goraino beteta zirela jokatu dira aurtengo Lau eta Erdiko txapelketako finalerdiak eta, iaz Matienan bezala, Amaia Aldaik eta Goiuri Zabaletak lortu dituzte abenduaren 15ean Sestaon jokatuko diren elite mailako finalerako txartelak. Kasu bietan, gainera, 22-12ko emaitzaz Miriam Arrillaga eta Itxaso Erasun gainditu dituzte.
Sestaoko finala momentu oso desberdinean helduko diren bi pilotariren artekoa izango da. Amaia Aldaik bere laugarren finalean laugarren txapela bilatuko duen bitartean, Goiuri Zabaletak bere lehena jantzi nahiko du, bere bigarren ahaleginean.
Lehen finalerdia estilo arteko talka bat izan da Zabaletaren eskumuturraren magiaren artean eta Itxaso Erasunen indarraren artekoa. eta azkenerako leitzarraren kalitatea nagusitu da partida ikusgarri baten ostean.
Nafarrak hasiera-hasieratik hartu du markagailuaren agintea –(5-0) aurreratu da–, baina tarteka, batez ere lehen erdian, zizurkildarrak asko estutu du, batez ere bere eskuinaren indarrari etekina ateratzea lortu duen bitartean. Finalera sartzerik izan ez duen arren, atzelari gipuzkoarrak sekulako denboraldia osatu du, bere jokoan aurrera pauso handia eman eta zirkuituko izarren artean leku bat egitea lortuta, besteren artean Olatz Arrizabalagarekin Binakako txapela eta igande honetan aurkari izan duen Goiuri Zabaletarekin sanmateotako txapelak jantziz.
Kaiolan, ordea, ikaragarri eroso sentitzen den Goiuri Zabaletaren aurka amore eman behar izan du. Leitzako eskolan horren ondo erakusten duten frontisetik gertuko joko motzean artista da Zabaleta eta, saketik hasita, arriskuak hartuz –bitan saiatu da lehen pilotakada zabalera ateraz– min handia egin dio piloteoan nagusitzen saiatu den aurkariari.
Hasiera gogor baten ostean (5-4 joan dira), sakea eta dejadari esker, zulo handia atera dio Zabaletak. Azkenerako, zortzi tanto egin ditu dejadaz eta beste zazpi sakez eta hor oinarritu du bere garaipena. Tarteka akatsen bat ere batu du, baina errematerako duen gaitasun ikaragarriarekin, 15 urte baino ez dituelarik, txapela janzteko hautagaia dela berretsi du leitzarrak.
PARTIDAKO FITXA:
Zabaleta: 22
Erasun: 12
Pilotakadak: 216. Iraupena: 37,04 minutu. Markagailua: 5-0, 5-4, 10-4, 10-5, 11-5, 11-6, 12-6, 12-8, 14-8, 14-9, 20-9, 20-12 eta 22-12. Sakeak: 7 (1 falta) Zabaletak eta 1 Erasunek. Tantoak: 13 Zabaletak eta 5 Erasunek. Hutsak: 5 Zabaletak eta 2 Erasunek.
Amaia Aldai, zulotik gorenera
Amaia Aldai eta Miriam Arrillagaren arteko lehiak klasiko bat bilakatu dira kaiolan eta aurrekoetan bezala, garaipena dimoztarrarentzat izan da. Hori bai, iazkoarekin alderatuta, partida askoz borrokatuagoa eta estuagoa izan da. Lehen erdian bederen, lehia ikusgarria eskaini dute, tanto luze eta piloteatuak izan dituena eta bi pilotariak kantxan hustera behartu dituenak. 14-12ra arte, garaipena edozein aldetara eror zitekeela zirudien, baina hortik aurrera Amaia Aldai nagusitu da.
Urte gogorra izan da aurtengoa dimoztarrarentzat, partida amaituta pilota uztekotan ere egon dela aitortu du ETB-ko kameren aurrean, baina lanketa prozesu batean murgilduta, aurrera egitea lortu du eta bere txapelketa kuttunean berriz ere finalerako txartela eskuratu du.
Igande honetako partidan ere antzeko zerbait gertatu zaio, unerik larrienean aurre-pauso bat emateko gai izan baita. Partidako une erabakigarrienean, bere ohiko joko oldarkorra kantxaratu ahal izan du, aspaldiko partez, barruan daraman txapeldun handia irten da eta bere laugarren txapela eskaini nahi die horrenbeste lagundu dioten etxekoei.
PARTIDAKO FITXA:
Aldai: 22
Arrillaga: 12
Pilotakadak: 231. Iraupena: 45,48 minutu. Markagailua: 0-3, 2-3, 2-4, 5-4, 5-5, 5-8, 11-8, 11-9, 13-9, 13-10, 14-10, 14-12, 22-12. Sakeak: 4 Aldaik eta 2 Arrillagak. Tantoak: 13 Aldaik eta 8 Arrillagak. Hutsak: 2 Aldaik eta 4 Arrillagak.