NAIZ

NUPen kredituen %29a baino ez da euskaraz, salatu dute ikasleek: «Ogi apurrak dira horiek»

Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperetan agerraldia egin dute Iruñean Gazte Euskaltzaleen Sareak eta NUPeko Euskara Taldea, unibertsitatea sortu zenetik 37 urte pasata oraindik kredituen %29a baino ez dela euskaraz eskaintzen salateko eta %100era pasatzeko beharra aldarrikatzeko.

Iruñeko Burgoen Enparantzan gazteek eginiko agerraldia.
Iruñeko Burgoen Enparantzan gazteek eginiko agerraldia. (GES)

Iruñeko Burgoen Plazan hamarnaka gazte bildu dira Euskararen Nazioarteko Egunaren bezpera hauetan, Gazte Euskaltzaleen Sareak eta NUPeko Euskara Taldeak deituta. Beren aldarrikapena, hauxe: «Nafarroako Unibertsitate Publikoan %100 euskaraz ikasi ahal izatea da gure oinarrizko eskubidea eta, borrokatuz, posible egingo dugu. Nafar gazteak gure hizkuntzan, euskaraz, ikasi eta bizi nahi dugu. NUP euskalduna lortuko duen belaunaldia gara».

Abenduaren 3ko honi begiratu diote, «instituzio nagusietako arduradunak euskararen egoera bide onetik doala aterako direla» aurreikusiz. «Baina errealitatea oso ezberdina da –ziurtatu dute–, errealitatean ez dute euskararen alde egiten».

Gogora ekarri dutenez, 1987ko apirilean 21an sortu zen NUP, orduan UPNA zena, «erdara/espainol hutsean». Eta 37 urte geroago «oraindik euskarak bigarren edo hirugarren mailako hizkuntza trataera jasotzen du bertan. Magisteritza eta Gizarte Laneko graduak kenduta, ezin da beste gradurik ikasi euskaraz NUPen. Ikasgai batzuk euskaraz ere egin daitezke, unibertsitateak bermatu gabe, irakasleak euskaraz baldin badaki. Soilik NUPen eskaintzen diren kredituen %29a da euskaraz. Hori da NUPek ikasle euskaldunoi eskatzen diguna, ogi apurrak besterik ez».

«Egoera honek erantzuleak ditu –erantsi dute–: Nafarroako Gobernuko eta NUPeko arduradun ezberdinak. Momentu honetan, Patricia Fanlo kontseilaria eta Ramon Gonzalo errektorea dira egoeraren erantzule nagusiak. Hauei esijitzen diegu egoerari buelta emateko ardura hartu dezaten. Hala ere, soberan dakigu eskakizun hutsarekin ez dugula ezer lortuko, eta, horregatik, ez gara horretan geratuko. Mobilizatzen jarraitu beharko duug eta Nafarroako ikasle eta gazteei deia egiten dizuegu».

Testinguru honetan, NUPeko Euskara Taldetik euskara astea antolatu dute aste honetan, urtero bezala. Bertan Nafarroako zonifikazio legearekin amaitzea, euskararen aurkako jarrera aldatzea, euskara ardatz izango duen hizkuntza estrategia berri bat ezartzea, irakasleen lan baldintzak hobetzea eta kalitatezko euskarazko ikasketen orokortzea izan dira aldarri nagusiak.