Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Pelikulen museoak

Artea gustuko duzu eta Da Vinci-ren ‘Gioconda’ edota Van Gogh-en ‘Gau Izartsua’ margolanak ikusteko amorratzen zaude. Non ikusiko zenituzke, etxeko pantailan ala –aukera bazenu, noski– museoan? Erantzuna bistan da, ezta? Zergatik ez dugu filmekin planteamendu bera egiten?

Argi eta garbi esango dizut zinema aretoak pelikulen museoak iruditzen zaizkidala, eta hauek hobekien ulertu, sentitu eta gozatzeko tenplu txikiak direla. Bai, badakit erromantiko eta nostalgiko hutsa naizela, baina sinesmen hori irmoki defendatuko dut beti.

Fede hori azken hariraino eraman nahi izan genuen iaz eta Hernani Zinekluba sortu genuen herrian. Kultura zinematografikoa bere adierazpen guztietan maite eta kalitatezko filmak Hernaniko herritarrekin partekatzeko irrikaz, Andres Daniel Sainzek eta biok sortu dugun proiektua da.

Kalitatezko filmak aurkezteaz gain, herritarren artean elkarrizketa, solasaldi eta gogoetak partekatzeko kulturgunea da zinekluba, kulturzale guztiei irekia dagoena. Gure programazioaren ardatza lau puntu zehatzetan oinarritzen dugu: zinema klasikoa, euskal zinema, egile zinema eta zinema komertziala, guztiak jatorrizko hizkuntzan azpitituluekin.

Espero ez genuen harrera izaten ari da eta oso pozik gaude. Plataforma digitalen garaian herriko zinema aretoa jendez gainezka ikustea oso pozgarria da.

2025eko programazioa ixten ari gara une honetan eta proposamen bereziak izango ditugula aurreratzen dizuet.