NAIZ

BPG %1,8 igo dira urteko hirugarren hiruhilekoan, eta enplegua, %1,6

Eustatek ostegun honetan kaleratutako datuek «hazkunde ekonomikoa egonkorra eta orekatua dela» adierazi du Lakuako Ekonomia sailburuorde den Iñaki Ruizek. Hauek dira zenbakiak...

Gasteizko Mercedes Benz enpresaren zabaltze lanak.
Gasteizko Mercedes Benz enpresaren zabaltze lanak. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordina (BPG) %1,8 igo da 2024ko hirugarren hiruhilekoa iazkoaren aldean, hiruhileko artean %0,5 gehitu ondoren. Enplegua, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuen terminoetan neurtuta, %0,3 hazi da hirugarren hiruhilekoan bigarrenaren aldean, eta horrela, urte arteko hazkundea %1,6koa izan da, hau da, guztira 15.795 lanpostu garbi gehiago sortu dira 2023ko hirugarren hiruhilekoan baino, Eustat estatistika erakundearen datuen arabera.

Zenbatespen horiek Eustaten urriaren 21eko hiruhilekoko kontu ekonomikoen aurrerapenean lortutako BPGren zenbatespenak hobetu dituzte, hamarren batean hiruhileko arteko hazkundea eta bitan urte artekoa, hain zuzen ere. Enpleguari dagokionez, aurrerapena egiteko unean eskura zegoen koiunturazko informaziotik lortutako zenbatespenak berretsi dira.

EAEko BPGren hirugarren hiruhilekoko urte arteko %1,8ko hazkunde zenbatetsia Euroguneko ekonomiarako (%0,9) eta Europar Batasun osorako (%1,0) egindako azken zenbatespenen gainetik dago.

Eskaintzaren ikuspegitik, balio erantsiaren bilakaera positiboa izan da urte artean 2024ko hirugarren hiruhilekoan sektore ekonomiko guztietan, lehen sektorean izan ezik, %1,3 jaitsi baita balio errealetan aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, eta %2,3 aurreko hiruhilekoaren aldean.

Gipuzkoak izan du hazkunderik handiena hiru hilabete hauetan, eta Bizkaiak apalena, baina herrialdez herrialde orekatu samarra edozein kasutan

 

Industriaren sektorean balio erantsia %0,7 igo da urte artean, eta manufaktura industrian %0,5. Bigarren hiruhilekoaren aldean, industria %0,9 hazi da oro har, eta manufaktura industria %0,7.

Eraikuntzaren sektoreak balio erantsiaren urte arteko %1,5eko gehikuntza izan du 2024ko hirugarren hiruhilekoan balio errealetan, aurreko hiruhilekoaren aldean %0,9 igo ondoren.

Zerbitzuen sektorearen jarduera orokorra %2,2 hazi da hirugarren hiruhilekoan 2023ko hiruhileko beraren aldean, eta horrela, balio erantsia %0,3 igo da aurreko hiruhilekoaren aldean.

Zerbitzuen portaera positiboa izan da hiru adar berezietan. Horrela, merkataritza, ostalaritza eta garraioa adarrean balio erantsia %1,5 igo da aurreko urteko hirugarren hiruhilekoaren aldean, aurreko hiruhilekoaren aldean %0,3 igo ondoren.

Urte arteko hazkundea nabariagoa izan da gainerako zerbitzuak adarrean (higiezinen arloko jarduerak, jarduera profesionalak, zientifikoak, teknikoak, finantzarioak eta aseguruetakoak barne), urte arteko %2,4ko hazkunde tasarekin, aurreko hiruhilekoaren aldean hazkundea %0,3koa izan den bitartean.

Administrazio publiko, hezkuntza, osasun eta gizarte zerbitzuen adarrean, berriz, aurreko hiruhilekoaren aldean %0,2 igo ondoren, balio erantsiaren hazkundea %2,6an kokatu da hirugarren hiruhilekoan, iazko hiruhileko beraren aldean.

Sektore agregatuen urte arteko joerak EAEko balio erantsian %1,8ko hazkundea ekarri du 2024ko hirugarren hiruhilekoan, eta urteko bigarren hiruhilekoan erregistratutakoa baino %0,5 handiagoa izan da.

Kontsumoa

Eskariaren aldetik, urte arteko hazkundeak orokorrak izan dira. Horrela, etxeetako azken kontsumoko gastuak eta kontsumo pribatuak %1,8ko urte arteko hazkundea izan dute, aurreko hiruhilekoaren aldean %0,3 igo ondoren.

Administrazio publikoen azken kontsumoko gastua edo kontsumo publikoa %2,2 igo da 2023ko hirugarren hiruhilekoaren aldean, eta aurreko hiruhilekorako zenbatetsitakoa baino %0,4 handiagoa izan da.

Kontsumo publikoaren eta pribatuaren bilakaera bateratuaren ondorioz, azken kontsumoko gastua %1,9 igo da EAEn urte batetik bestera, eta horrek %0,3ko hazkundea dakar urteko bigarren hiruhilekoaren aldean.

Kapital eraketa gordinean edo inbertsioan %2,0koa izan da urte arteko gehikuntza, aurreko hiruhilekoaren aldean %0,6 igo ondoren. Ekipo ondasunetan egindako inbertsioa %2,3 gehitu da aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, eta hiruhileko artean %0,9.

Eraikuntzaren bilakaerari lotuago dagoen kapitalaren eraketa gordinaren gainerakoan %1,9ko urte arteko hazkundea izan da, aurreko hiruhilekoaren aldean %0,4ko igoera zenbatetsi ondoren.

Azken kontsumoko gastuak eta kapital eraketa gordinak osatutako barne eskariak %2,0ko urte arteko hazkundea izan du urteko bigarren hiruhilekoan. Hazkunde hori BPGrako zenbatetsitakoaren gainetik dago (%1,8), eta, beraz, kanpo sektorearen ekarpena negatiboa izan da urteko hirugarren hiruhilekoan.

Ondasun eta zerbitzuen esportazioak %2,0 hazi dira urte artean, inportazioak baino indar txikiagoarekin, aurreko urteko hirugarren hiruhilekoan baino %2,3 handiagoak izan baitira. Kanpo saldoak, beraz, eragin negatiboa izan du EAEko ekonomia osoaren urte arteko bilakaeran.

Enplegua

Enplegu mailei dagokienez, lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtuta, enplegu osoa %1,6 hazi da 2024ko hirugarren hiruhilekoan iazko aldi beraren aldean, aurreko hiruhilekoarekiko %0,3 igo ondoren.

Lehen sektoreak %1,5eko jaitsiera izan du enpleguan 2023ko hirugarren hiruhilekoaren aldean, hiruhileko arteko %1,4ko jaitsierarekin. Industrian, lanpostuen urte arteko hazkundea %0,8koa izan da, aurreko hiruhilekoan baino %0,1 txikiagoa.

Eraikuntzan enpleguaren bilakaera positiboa izan da, bai urte artean (%0,2ko igoera), bai hiruhileko artean (%0,5ekoa). Zerbitzuen sektorean, lanaldi osoko lanpostu baliokideen kopurua %2,0 igo da urte artean, hiruhileko artean %0,4 igo ondoren.

Herrialdez herrialde

Azkenik, BPGk herrialde ezberdinetan izan duen bilakaerari dagokionez, Bizkaiak urte arteko %1,6ko hazkundea izan du 2024ko hirugarren hiruhilekoan, Arabak %1,8koa eta Gipuzkoak %1,9koa.

Aurreko hiruhilekoaren aldean, berriz, hazkundea %0,4koa izan da Bizkaian, eta %0,5nakoa Araban eta Gipuzkoan.