Gernikako olatutik Daniara, «gotorlekua» berpizten saiatzera
Mende oso bat igaro da Miamin lehendabiziko Jai Alai pilotalekua zabaldu zela: Biscayne Fronton. Zesta-puntaren urrezko aroa bukatuta dago Estatu Batuetan, baina esentziak bertan jarraitzen du. 2025ean Jai Alai Ligak Atlantikoa zeharkatu eta Danian jokatuko du master bat.
Mugarri bat ezarri du Jai Alai Leaguek. Euskal Herria nazio ikuspegiz islatzen zuen kirol txapelketa ofizial bakarra izatearen entitatea zuen orain arte eta, aurten, urrats bat harago joan nahi izan du, nostalgiarekin jokatuz: AEBetara hedatuko da, «nazioartekotu» egingo da. Eta, honekin, pilotaleku historiko batera itzuliko dira puntista profesionalak. Noiz arte eta zein modutan? Batek daki. «Jendeak disfrutatzen jarraitzen du, kirola ez da aldatu, ikuskizun zirraragarria da», argitu dio NAIZi Benny Buenok, Dania pilotalekuko intendenteak.
Mende oso bat igaro da Miamin lehendabiziko Jai Alai pilotalekua ireki zela, Biscayne Fronton izenekoa. AEBetan, eta batez ere mendebaldeko kostaldean, urrezko aroa hasi zuen zesta-puntak. ‘Jai Alai’ izena, adiera, oso barneratuta geratu zen gizarte estatubatuarrean. Hamarkada luzez 16 pilotaleku irekita egon ziren, goi mailako koadro profesionalarekin, eta mendebaldeko kostaldean bigarren kirol ikusiena zen. Orain, aldiz, behinolako koadro profesionalik gabe, Magic City (Miami) pilotaleku xumea bakarrik dago irekita urte osoan.
«Asko aldatu dena Jai Alairen negozio eredua da», ohar egin du Buenok. Zesta-puntaren gotorlekua izan zen Dania Beach kantxak 2021ean itxi zituen ateak, eta orain noizbehinka irekitzen du, puntista semiprofesionalen partidetarako, «formula errentagarria» bilatzeko asmoz. «Egun, zesta-puntak konpetentzia handia dauka Floridan, edo AEBetan oro har, eta zaila egin zaio gainerako kirol/negozioekin lehiatzea eta errentagarria izatea», azaldu du.
Urrutiratu zena bereganatu
Patuaren kontuak edo kasualitatea, Daniaren itxierak Euskal Herrian zesta-puntaren olatua berpiztea ekarri zuen, modu xumeago batean bada ere. AEBetatik etorritako puntistak, etxekoak, euskal herritarrak, etxean miresmena irabazi dute Winter Seriesak hauspotuta. Astelehenero bi mila jarraitzaile kontzentratzen dira Gernikan, hamar minutuan txapelketa osoko bonuak saldu ziren –1.200 sarrera– eta astero-astero Euskal Herriko zesta-punta eskoletako gazteenak egunen batean hor jokatuko duten ametsez oheratzen dira.
«Egun, zesta-puntak konpetentzia handia dauka Floridan, edo AEBetan oro har, eta zaila egin zaio gainerako kirol/negozioekin konpetitzea eta errentagarria izatea»
Behin urrutiratu zen kirolak bereganatu du gurean anbizioa eta zaletasuna. Iñaki Osa Goikoetxea, Erkiaga, Lopez, Lekerika edota Barandika berriro bertatik bertara ikusteko irrikaz pilotalekuetara hurbildutakoak orain Urreisti, Gorka Sorozabal, Goitia edo Mancirekin txunditzera ere iritsi dira. Puntista gazteen eskutik, pilotalekuetan belaunaldi aldaketa bat ere egon da.
Pasatu den edizioko Winter Series amaitu berritan, Aritz Erkiagak hedabide honi onartu zion, zesta-puntaren egoerak hobera egin duen arren, partida gehiago jokatzea ezinbestekoa zela. Berak, AEBetan hobetu zuen, kasik egunero jokatzen baitzuten. «Partidak jokatzen hobetzen da norbera», nostalgia nabari zitzaion. Egoera horretara iristea zaila izango da, eta baliteke datozen puntistak ez izatea behinola onenek izan zuten maila. Nolanahi ere, eztanda egin zuen negozio ereduarekin kasik odolustu zen kirola berriro hauspotu izana ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Noranzkoa aldatu da
Euskal Herrian indartzea izan da lehendabiziko urratsa, Gernikan, gure gotorlekua oinarri hartu eta “tournee” modukoarekin, nazio osora hedatuta, hasieran txapelketa xumeekin, ondoren Jai Alai Ligaren parte izanda; beti, pilotalekuak gainezka egin arte.
Estatu Batuetara jauzia emateak ere suposatzen du oraindik, eta entitate handiagoa hartzea, askotan kanpora ateratzean baloratzen delako gehiago gurea. Puntista askoren ametsa ere oraindik badelako AEBetan distira egitea, nostalgiaren pisua handia dela berretsita. Orain, baina, noranzkoa aldatu da. Lehen euskal herritarrak udaren zain egoten ziren, puntista onenak etxera etorri eta festetako jaialdietan ikusteko. Gaur egun AEBetako zaleak zain daude, «Winter Seriesen bero-bero dauden pilotariek laster haien aurrean jokatzeko».