«Hogei urteotan sekulako aldaketa ikusi dut, baina asko daukagu ikasteko»
Bi hamarkadako bidea egin du Ertza dantza konpainiak Asier Zabaleta akuilu duela. 20. urteurrena ospatuz Victoria Eugenia Antzokian bilduko dira larunbat honetan. Bidelagun izan dituzten hainbat dantzari eta aspaldian ez bezala Zabaleta bera agertoki gainean ikusteko aukera eskainiko du galak.
«Ikuskizun pila bat egin ditugu, hogeita hiru denera. Asko kalekoak, besteak aretokoak. Nazioartean egindako elkarlanak kontuan izanda asko da, zerrenda osoa ikusi eta harritu egiten naiz». Asier Zabaletaren hitzak dira. 20. urteurrenaren aitzakian atzera begira jarri eta jorratutako bideari errepasoa egitean esanak.
Zein eratako gala izango da gaurkoa?
Ertzatik pasa diren dantzari gehientsuenak bildu nahi ditugu. Guztiak abisatu ditugu baina batzuk ez daude aktiboan edo atzerrian bizi dira, beraz ezingo dute gurekin egon. Helburua da gure sorkuntza batzuen zatiak gogoratzea. Bi zati koreografikoz osatutako gala izango da. Eta erdian atzerrian egindako kolaborazioen eta obren bideoak eskainiko ditugu. Euskal Herritik kanpo ezagututako hainbat pertsonen zorion mezuak ere ikusiko ditugu.
Zu dantzan ikusiko zaitugu?
Urte askotan egon naiz oholtzan dantza egin gabe. Larunbatean dantzatuko dut berriro. 2025era begira badaukat proiektua berriro dantzan hasteko.
Egiptotik itzuli berria zara, ikastaroren bat eman duzu bertan?
Egipton bi tailer eman ditu, bat Minian eta bestea Kairon dantza garaikidearen alorrean.
Bat baino gehiagori harrigarria egingo zaio nazioartean irakasle zabiltzala jakitea.
Brasilen, adibidez, lan asko egin nuen garai batean. Tailerrak zirela, egoitza artistikoak, bertako hainbat talderentzat koreografiak sortzen… Errusian ere izan Uraletako hiri handi bateko konpainiari obra bat sortu nion… Nahiko arrunta da nahiz hemen oihartzun handirik ez duten izaten. Kairon bi tailer eman ditut, bat bi egunetako eta bestea laukoa. Iraupenaren arabera gehiago sakondu dezakezu. Egun batzuk baditugu konpainian egiten dugun bezala lantzen saiatzen naiz. Hasieran beroketak, eta gero inprobisario ariketak. Hortik sortzen diren materialen bidez sorkuntza txikiak egiten ditugu. Adierazi nahi duten ideia edo gai bat aukeratzeko eskatzen diet, eta horren inguruan hasten gara eszenatxoak sortzen. Konpainiako dinamika bera baina modu express-ean. Garrantzitsua izaten da metodologiak irakastea, gero beraien kabuz aplika ditzaten.
Koreografoen erronka da buruan duzuen ideia, pentsamendu filosofikoa, kezka edo aldarrikapena burutik gorputzera eramatea. Horretarako giltzak ematea da zure eginkizuna.
Bai. Ideietatik fisikora nola eraman eta alderantziz, mugimenduen bidez nola adierazi ideiak. Horren inguruan aritzen naiz gehien bat ikastaroetan.
Beti ikasten eta elikatzen joateko alorra da dantzarena ere.
Bizitzan bezala, pentsatzen dut. Zenbat eta gehiago ezagutu, orduan konturatzen zara zer gelditzen zaizun ikasteko. Inoiz ez da amaitzen, eta eskerrak. Bestela, akabatuta geundeke (irribarrea).
Irakasle lanetan nola moldatzen zara?
Irakaskuntzan Iruzurtiaren Sindromea daukat, neurri batean. Neronek ez nuen dantzari bezala formakuntza osorik bukatu. Segituan lanean hasteko aukera izan nuen eta nire eskola lana izan da. Hainbat konpainiatatik pasa naiz besteentzat lan egin nuen. Gero, nire proiektuak aurrera ateratzen hasi nintzenean, beste modu bateko eskola izan nuen. Ez naiz damutzen formakuntza egin ez izanaz baina ikastaroa eskatzen didatenean beti errezelo handiarekin joaten naiz. Askotan tokatzen zait oso dantzari onei, formakuntza handia daukatenei, irakatsi behar izatea. Egia da ez direla dantzaren teknikan zentratzen nire ikastaroak. Sorkuntza arloa lantzen dut gehiago, beraiek ere sor dezaten, koreografo senti daitezen eta koreografo bezala lan egin dezaten. Ikastaroa hasten denean oso ondo joaten da dena, baina egia da beldur pixkatekin joaten naizela.
Eta kultura ezberdinetatik edateko aukerarik izaten duzu zuk? Astirik ematen dizu?
Bai, eta horixe da niretzat interesgarriena. Sakonena izaten da sorkuntza batean murgiltzen zarenean eta beraiekin aste batzutan bizi zarenean. Brasilen ere bi hilabetez egon nintzen. Euren kulturan erabat sartzen zara. Kairon lau egun hauetan ere gertatu zait. Batetik, dantzaren bidez lantzeko aukeratzen dituzten gaiak pertsonalak izaten dira. Horretaz hiz egiten dugu, elkar ezagutzen dugu nahiko sakon… Niretzat ere badago hartu emana. Ez da norantza bakarrean ematen den jakintza zabalkundea, baizik eta bi norabideetan ematen dena. Niretzat oso aberasgarria izaten da askotan, pertsonalki eta profesionalki. Asko ikasten dut, bai.
Mozambiken ere ibilia zara.
Bai, esperientzia oso aberasgarria izan da niretzat maila pertsonalean. Asteak eman nituen. ‘Meeting Point’ ikuskizunarekin joan ginen bertara 2019an eta han geunden bitartean Unibertsitatean sorkuntza tailer bat eman nuen. Beste bi dantzarik dantza urbanoen tailerra eman zuten aldi berean. Tailer hartan ezagutu nituen Fenias Nhumaio eta Deissane Machava. Autodidaktak, hainbat diziplinatan saiatuak. Ikusi nuen sekulako talentua zeukatela eta profesionalki horretan aritzeko aukerak gutxi ala zero zirela. Bizitza aurrera ateratzeko bakoitzak lauzpabost lan zituen baina dantza hobby bezala zeukaten. Eta gehien gustatzen zitzaienaz bizi ahal izateko aukera eman diegu. Ez zuten inoiz pentsatuko. 2021ean estreinatu genuen ‘Otempodiz’ eta oraindik martxan daukagu. Bi dantzariei bizitza aldatu zaie. Ikustea nire lana egitearekin bakarrik ze eragin izan dezakeen beste pertsonengan, hori pozik egotekoa da.
Ertzaren bidean denetarik egongo zen, bizitzan bezala, penak eta poztasunak?
Nik uste dut ‘txip’ bat edo daukadala sartua, momentu gogorrak segituan ahazten ditut (irribarrea). Gehien bat oroitzapen politak datozkit burura. Eta oso aberasgarriak.
Dantzarien sartu-irten handia duen konpainia da Ertza ala establea da?
Oso zaila da konpainia establea mantentzea urteetan zehar. Nahiko sartu-irten handia du eta niregatik da hori. Obrak oso desberdinak dira bata bestearengandik eta dantzari bat agian ez da egokiena hurrengo obrarako. Azken lanak dantza urbanoetatik oso gertu daude. Beraz dantzariak aldatuz joaten gara. Izan ere, ideiatik bertatik abiatuta, elenko desberdina eskatzen dizu. Horregatik, gala antolatzerakoan neukan 30 dantzariz osatutako zerrenda Ertzatik pasa diren guztiak kontatuta.
Pertsonalki zein da egiten duzun balantzea?
Oso positiboa eta polita. Bestela ez nintzen ospatzen arituko, ahaztu egingo nituen hogei urteak! (barrez). Ertza ezagutzen ez duen norbait etortzen bada galara ikusiko du asko dela egin duguna. Bai, benetan pozik egotekoa da. Batetik, dantzan hogei urte egotea ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula eta bestetik egin duguna niri interesgarria iruditzen zaidalako. Alor asko ukitu ditugu, kolaborazio interesgarriak egin ditugu, musikariekin, idazleekin, artista plastikoekin…
Ertzaren ekarpena zein izan da Euskal Herrian zein atzerrian?
Nik uste hori ikusleei galdetu beharko geniekela.
Zure motoreetako bat izan da artearen diziplina anitzak dantza garaikidearekin uztartzea.
Bai, ni Arte Ederretatik nator. Beti interesatu izan zaizkit arte plastikoak, ikus-entzunezkoak ere bai. Ekarpen naturala izan da lankidetzak bilatzea. Iruditzen zait dantzarekin ondo lotzen direla. Ideiari edo esan nahi dudanari ematen diot garrantzia eta irudi edo proiekzioaren bidez ondo esan daitezke kasu batzuetan, hitzarekin beste batzuetan eta hitza iristen ez den leku urrunetara dantza irits daiteke. Lurralde hibrido horietan mugitzea gustukoa dut, ikusle bezala ere gustukoa dudalako arte ezberdinetan ibiltzea, ezagutzea, ezagutzea.
Ur sakonetan sartzeko joera daukazu gaien eta hausnarketen aldetik. Galderak luzatzen dituzu, hau izan daiteke Ertzaren zigiluaren ezaugarri bat.
Bai, ez gara dantza ikuspegi estetiko batekin bakarrik lantzen duen konpainia bat. Kontraesan horiek argitara atera nahi ditut, ikusle bezala ere hori interesatzen zaidalako. Ikuskizun batera noanean eta dena emanda eskaintzen zaidanean ikusle bezala nire lekua pobrea ikusten dut. Barrua astinduko didaten lanak ikusi nahi ditut. Nire kokapena eta nire segurtasuna zalantzan jartzen dituzten galderak nahi ditut, hausnarketara gonbidatzen nauten ikuskizunak. Nire sorkuntzetan ere horretan saiatzen naiz, nik ikusiko nukeen ikuskizuna egiten. Nire burua ikusle bezala jartzen dut.
Erraza zaizu zure gustuko lanak aurkitzea Euskal Herrian? Nola ikusten duzu dantzak –baztertuta dagoen diziplina– bizi duen egoera?
Hogei urte hauetan sekulako aldaketa ikusi dut. Egia da beste herrialde batzurekin alderatuz asko daukagula ikasteko. Aldaketarik handiena Gipuzkoan eman da eta Foru Aldundiak bultzatutako Dantzaguneak asko lagundu du horretan. Tokia edukitzeak ardura handia kendu digu burutik, lokala bilatu behar izatearena. Madrilgo edo Bartzelonako konpainiekin hitz egiten dugunean ‘ez dakizue ze zortea duzuen’ esaten digute. Dantzariok elkar ikusten dugu, klaseak partekatzen ditugu… Lekuak bakarrik hazia erein du. Lehen dantza garaikide konpainia gehienak Bizkaian zeuden. Gauzak aldatu egin dira. Bizkaian urteak dira antzeko zerbait eskatzen ari direla baina ez da adostasunera iristen. Dantzagunearen inguruan oso konpainia potenteak sortu dira azken urteotan, proiektu oso interesgarriekin. Laguntza behar da, gehiago beharko genuke, baina asko egin da.
Zer da behar den hori?
Dirua inbertitzea. Eta badago lana egiteko programatzaileen aldetik. Euskal Herrian sekulako antzoki sarea daukagu baina programazioa zabaldu egin behar da. Beti saiatzen dira telebistan edo agertzen diren aurpegi ezagunak kontratatzen ikuslego gehientsuenari gustatuko litzaiokeen lan errazak jartzen. Ikuslea hezi nahi badugu abangoardiako proiektuen aukera ere eman behar diogu. Badago lan pixka bat egiteko.
Errekonozimendua sentitzen duzue ikusleen aldetik? Eta erakunde publikoen aldetik?
Publikoaren aldetik, handia. Ondo erantzuten du bai aretoan bai kalean egindako emanaldietan. Instituzioen aldetik? Estatu mailan konparatuz laguntza nahikoa daukagu sorkuntzarak baina Ipar Euskal Herritik gora egiten badugu, oso atzetik goaz.
Publiko berriak sortu nahi izan dituzue. Esango zenuke lortu duzuela?
Nik uste dut baietz. Azken urteotan garrantzia handia ematen diet kalerako sortzen ditudan piezei. Azken finean kalean ez duzu topatzen zu ikustera joan dena bakarrik topatzen, paseatzen edo kasualitatez pasatzen ari den ikuslea ere aurki dezakezu. Eta bukatu arte gelditzea eta gainera gustatzea lortzen baduzu, ikusle bat gehiago daukazu. Askotan gure konpainiaren inguruko interesa agertzera hurbildu zaizkigu. Eta bizi izan ditugu oso momentu hunkigarriak. Gogoratzen dut Portugalen ‘Meeting Point’ ikuskizunaren ondoren ia 100 izango zituen aitona bat inguratu zitzaigun. Begiak bustita, inoiz dantzarik ez zuela ikusi kontatu zigun. Jendearekiko hurbiltasuna oso potentea da kalean eta beharrezkoa da gure presentzia kalean sendotzea.
Erronkarik?
Nire proiektuetan uzten naiz bizitzak gida nazan. Azken orduko erabakien arabera ateratzen dira proiektuak aurrera askotan. Saiatzen naiz helburuak oso aurrera begira ez markatzen. Oraingoz ez naiz kexatzen, leku oso interesgarrietatik eraman nau bizitzak eta beraz aurrerantzean ere horrelaxe jarraitzea espero dut. Sortzen jarraitu eta bitartean ikasi.