Avanza autobus enpresarekin iraungitzear den kontratua ez luzatzea eskatu diote Debagoienako alkateek Gipuzkoako Aldundiari. Honekin batera, kontratu berrian hobekuntzak jasotzea beharrekoa dela gaineratu dute.
«Azken urteetan erabilerak gora egin duen bezala, zerbitzuaren kalitateak nabarmen egin du behera azken urtetan; autobusen egoera, matxurak, puntualitate eza, jendez lepo doan autobusa hartu ezinik geratzen diren erabiltzaileak.… Debagoienak duen garraio publiko bakarra autobus zerbitzua da eta iruditzen zaigu zerbitzu publiko honek ez dituela gure eskualdearen mugikortasun beharrak egoki erantzuten. Horregatik, kalitatezko garraio publikoa ezartzeko aukera aprobetxatzeko», azaldu dute alkateek.
Avanza enpresarekin kontratua amaitzear den honetan, «ez litzateke ulertuko Diputazioak egungo kontzesioaren iraupena luzatu nahi izatea», horrek, «zerbitzua dagoenetan utziko luke», salatu dute. «Orain da momentua autobus zerbitzu publikoa hobetzeko, aukera hau aprobetxatuta, baldintza berriak ezarri eta kontratu berria egiteko. Gipuzkoako Foru Aldundiari autobus zerbitzua hobetzeko aukera hau ez galtzeko eskatzen diogu», adierazi dute.
Hobekuntzak kontratu berrian
Gauzak horrela, kontratu berrian hobekuntzak ezartzea premiazkotzat jo dute. Horrela, maiztasuna hamabost minutuako izatea bermatu nahi dute, horretarako herrien arteko linea azkarrak jarriz eta linea batzuen kapilaritatea zabalduz. Honekin batera, hiribururekin dauden loturak hobetzea eta puntualtasuna bermatzeko neurriak ezartzea.
Maider Morras (Arrasate), Edorta Zubizarreta (Eskoriatza), Garikoitz Iturbe (Aretxabaleta), Izaro Elorza (Oñati), Gorka Artola (Bergara), Olatz Lezeta (Antzuola), Ibon Unzetabarrenetxea (Elgeta) eta Dorleta Elkorobarrutia (Leintz Gatzaga) alkateek sostengatzen dute eskaera hau.