NAIZ

Azken sprint batekin markagailua irauli dute Larrazabal-Mariezkurrenak Tolosan (21-22)

Peña II.ak eta Albisuk esku-eskura zuten garaipena 21-18koarekin, baina urdinek lau tanto egin dituzte jarraian txapelketako lehen puntua eskuratzeko. Gorriek garaipenik gabe jarraitzen dute.

Larrazabak, pilota astintzeko prest, astelehen honetan Tolosan.
Larrazabak, pilota astintzeko prest, astelehen honetan Tolosan. (Jon URBE | FOKU)

Larunbatean jokatzekoa zen Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko partida hau bertan behera geratu behar izan zuen Tolosako Beotibar pilotalekuak zituen hezetasuna eta urarengatik. Astelehenera pasa zuten programazioa, neurketaren iraupena handituz.
Baina azkenik maratoi bihurtu da, 595 pilotakada eta 70 minutuko lehia eta gero, 21-22ko emaitzarekin amaitu baita azkenean Larrazabal –Artolaren ordezkoa– eta Mariezkurrena II.aren alde.

Nahiz eta oraindik hain luzea den txapelketa bateko bigarren jardunaldian egon, Baiko enpresako bikoteak garaipen garrantzitsua lortu du, hasiera-hasieratik beheko putzutik atera ahal izateko. Hori bai, gogotik lan egin behar izan dute Artolaren ordezkoak eta atzelari nafarrak.

Pentsa, 21-18 galtzen joan dira partidako azken txanpan, baina maratoi honen azken metroetan sprinta egin eta markagailua iraultzea lortu dute 0-4ko partzial bati esker. Kontrako aldean, oraindik punturik batu ez duten Peña II.a eta Albisu daude. Eta hori gaurkoan sendo hasi dutela norgehiagoka, 3-0 aurretik ipiniz, eta ondoren 19-17 eta 21-18 ere jarri dira garaipena lortzeko gertu.

Jon Ander Peñak mina egin du sakearekin. Lau egin ditu hasierako jokaldiarekin (falta bat ere egin du) –Larrazabalek ez du bat ere egin–, baina atzean beste Jon Anderrek, Albisuk, huts gehiegi batu ditu. Bederatzi galdutakorekin amaitu du Beotibarreko partida.

Urdinek, aldiz, jokoan 10 tantorekin amaitu dute lehia, eta horietatik bederatzi Larrazabalek egin ditu. Hasierako gorabeherak eta gero, gauzak berdindu eta bost berdinketa eman dira, azkena 21na. Baina hortxe urdinak inertziarekin zetozen eta lehen puntua eskuratu dute.

Hirugarren jardunaldia ostiralean hasiko da, bi partidekin Urretxun eta Zornotzan, eta Iruñean (larunbatean) eta Bartzelonan (igandean) emango zaio amaiera.

PARTIDAKO FITXA:

Peña II.a-Albisu: 21

Larrazabal-Mariezkurrena II: 22

Pilotakadak: 595. Iraupena: 70 minutu. Markagailua: 3-0, 3-4, 4-4, 4-6, 5-6, 5-7, 7-7, 7-8, 8-8, 8-9, 11-9, 11-12, 14-12, 14-14, 17-14, 17-17, 19-17, 19-18, 21-18 eta 21-22. Sakez egindako tantoak: 4 Peña II.ak (eta falta bat) eta 0 Larrazabalek. Jokoan egindako tantoak: 7 Peña II.ak, 2 Albisuk, 9 Larrazabalek eta 1 Mariezkurrena II.ak. Galdutakoak: 2 Peña II.ak, 9 Albisuk, 3 Larrazabalek eta 5 Mariezkurrena II.ak. Gertakariak: Giro ona Tolosako Beotibar pilotalekuan larunbatean jokatzekoa zen baina bertan behera geratu zen partida ikusteko.