Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

220 eragiletik gora batu dira etxebizitza sindikatuek larunbatean deitutako mobilizaziora

‘Etxebizitza eskubidea bermatu, negozioari ez’ lelopean Euskal Herriko etxebizitza sindikatu ezberdinek larunbat honetarako deitutako manifestazioarekin bat egin dute 220tik gora eragilek. 13.00etan abiatuko da Plaza Eliptikotik.

Etxebizitzaren aldeko manifestazioarekin bat egiteko agerraldia Bilboko La Bolsa eraikinean.
Etxebizitzaren aldeko manifestazioarekin bat egiteko agerraldia Bilboko La Bolsa eraikinean. (Oskar MATXIN EDESA)

Duela hilabete inguru, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa deitu zuten abenduaren 14rako Bilbon. ‘Etxebizitza eskubidea bermatu, negozioari ez’ izan da erdigunean jarri duten aldarria, asmo argi bati jarraituz: «Etxebizitza arazoaren errora jotzea, etxebizitza negozioa den bitartean, inoiz ez delako eskubidea izango».

Astearte honetan Bilboko La Bolsa eraikinean egindako agerraldian, mobilizaziora batu diren beste eragileen berri emateaz gain, etxebizitzaren egoera larria jarri dute berriz ere mahai gainean.

«Euskal Herrian etxebizitzaren arazoa gero eta gordinago eta bortitzago azaleratzen ari da. Horren adierazle dira alokairuen eta hipoteken prezioen gorakada etengabea, turistifikazio basatia, etxegabetzeak, okupazioaren aurkako ofentsiba judiziala eta poliziala, etxerik gabeko pertsona kopuruaren gorakada edo etxebizitza ordaintzeko laguntza kaskarren menpe gauden langileon zenbatekoaren hazkundea», salatu dute.

Etxebizitzaren merkantilizazioa langile klasearen osotasunari «gero eta gehiago eta gero eta gogorrago» eragiten dion arren, langile klasearen geruza jakin batzuei modu are bortitzagoan eragiten diela gogoratu dute: «Migratzaileen, pertsona arrazializatuen, errefuxiatuen, emakumeen edo genero disidentzien kasuan, besteak beste, etxebizitzaren arazoa tragedia bihurtzen da, eta eguneroko indarkeria, diziplinamendu eta bazterketa forma hartzen du».

Izan ere, atzo bertan, bi seme-alaba adingabe dituen familia bat etxegabetu zuten Bilboko San Frantzisko auzoan.

«Gutxi batzuen aberastasunaren eta jabetzen atzean, gehienon pobrezia eta desjabetzea ezkutatzen da»

Hala ere, askorentzat eguneroko arazoa den hori, beste batzuentzat negoziorako aukera bat dela salatu dute etxebizitza sindikatuek. «Funts putreek, bankuek, turismo-industriak, erakunde publikoek eta inbertsore handiek etxebizitzaren merkatutik gero eta irabazi handiagoak ateratzen dituzte. Beraz, argi dago zeintzuk diren txanponaren bi aldeak: Burgesiaren irabaziek gora egiteak langileon miseria areagotzea esan nahi du. Hau da, gutxi batzuen aberastasunaren eta jabetzen atzean, gehienon pobrezia eta desjabetzea ezkutatzen da», salatu dute.

Arazoaren larritasuna ikusita, mobilizazio zabala deitu zuten duela hilabete inguru etxebizitza sindikatu ezberdinek, eta horretarako atxikimendu kanpaina abiatu zuten, etxebizitza eskubide unibertsal gisa defendatzen duen euskal herri mailako mugimendu zabala gorpuzte aldera.

Atxikimenduak

Dagoeneko, 220 eragilek baino gehiagok eman diote babesa abenduaren 14ko mobilizazioari, horien artean aurkitu ditzakegu etxebizitza eskubidearen aldeko eta bazterketa sozialaren kontrako eragileak, eragile sindikal eta langile elkarteak, ekosistemaren suntsiketaren aurka borrokatzen direnak, arrazakeriaren kontrako eragileak eta pertsona migrante eta errefuxiatuen kolektiboak, auzo elkarteak, sare komunitarioak, gune autogestionatuak, elkarte kulturalak, antolakunde politikoak, talde antimilitaristak, antifaxistak, internazionalistak, eragile feministak, emakumeen, genero identitateen eta sexu disidentzien diskriminazioaren kontrako eragileak edota gaztetxeak, gazte asanbladak eta gazte antolakundeak.

Eskubide Sozialen Karta, Stop Desahucios, ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, CNT, Ekologistak Martxan, Jauzi, Sos Arrazakeria, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba, Bilboko Konpartsak, Euskal Herrian Euskaraz, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, Donostiako Kaleko Afari Solidarioak, Salhaketa, Askapena, EHKS, Jardun, Bizkaiko eta Gasteizko E28 Koordinadora, EHGAM, Bilgune Feminista, Itaia, GKS, Ikasle Sindikatua, Ernai... batu dira, besteak beste. Hona hemen zerrenda osoa:

Manifestazioa 13.00etan abiatuko da Plaza Eliptikotik.