Amaia Aldai Dimako pilotaria faborito garbia da igandean Sestaoko Las Llanas pilotalekuan Emakumeen Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketa laugarren bider irabazteko. Laugarren txapela jarraian izango luke 24 urteko pilotari bizkaitarrak, eta irabaztera irabazi ahala bakarrik ohitzen delako, Aldai izango da berriz ere txapela janzteko hautagai nagusia. Hala adierazi dute igandeko protagonista biek finaleko aurkezpen ekitaldian.
Goiuri Zabaleta, 15 urteko pilotari gaztea izango du aurrean. Iaz ere elkarren aurka neurtu zituzten indarrak eta orduko hartan dimoztarrak 22-13 menpean hartu zuen nafarra. Oraindik oso gaztea bada ere, Goiuri Zabaletak urtebeteko eskarmentua berekin darama bigarren aukera honi heltzeko sasoian, nahiz eta onartu egungo txapelduna Amaia Aldai dela eta, ondorioz, faboritoa ere bizkaitarra dela.
«Ni presio nahiko gutxirekin kantxaratuko naiz, Amaia delako faboritoa. Ez da kasualitatea berak dagoeneko hiru txapel izatea. Nire helburua, beraz, ahalik eta lasaien kantxaratu eta nire jokoa ateratzea izan behar da», adierazi du.
Zentzu horretan, ondo hasteari egundoko garrantzia eman dio Zabaletak. «Partida gogortu ahala tanto ilara handiak kosta egiten zait. Ondorioz, ondo hastea ezinbestekoa izango da aukerarik izateko», gaineratu du.
Amaia Aldaik uda ostean pilota bertan behera lagatzea burutik pasa zaiola aipatu duen arren, igandeko finalera begira lasai dago. «Lan psikologiko handia eginda nator faborito izateak kalterik eragin ez diezadan. Lehen asko eragiten zidan baina orain ezetz uste dut», adierazi du pilotari dimoztarrak. Nolanahi, txapela laugarrenez lortzearen aldean «gozatzea» letra larriz markatu duen helburua dela azpimarratu du.
«Nire helburua, hasteko, kantxan gozatzea da eta ikusleei partidaz gozaraztea. Eta gero, bai, ahal bada, txapela irabazten ahaleginduko naiz», sailkatu ditu bere xedeak Lau eta Erdiko egungo txapeldunak.
Partida irekia
Amaia Aldai faborito argia izanagatik, «partida irekia» espero dute biek ala biek. «Gaztea den arren, Goiurik badu eskarmentua dagoeneko; gaitasun fisikoa eta teknikoa ditu eta urduritasuna kontrolpean mantentzen daki, tantoa amaitu edo pilota galtzen badu ere. Horrez gain, adinagatik bada ere, nik baino hobetzeko tarte handiagoa dauka», iritzi dio pilotari bizkaitarrak.
Goiuri Zabaletak, bere aldetik, «Amaiak nik baino indar handiagoa du», onartu du finalaren aurkezpen ekitaldian. «Niri, berriz, joko azkarra eta erremateak komeni zaizkit. Nolanahi, ikusten dut iaztik hona gorantz egin dudala. Lasaiago jokatzen dut orain eta gainera, jendaurrean hazi egiten naiz», gaineratu du Leitzako pilotariak.