Telesforo Monzonen jaiotzaren 120. urteurrena bete berria dela, Olaso dorretxeak museo izaera eskuratu du Lakuako Gobernuaren aldetik. Horren karira, Olaso Dorrea Fundazioak bultzada eman nahi dio bere proiektuari, «Euskal Herrigintza Laborategia indartzeaz gainera, museoa eta bertan jasoko den artxiboa gorpuzteko».
Horretarako, Olaso Dorrea Fundazioak diru funtsak bildu eta dohaintzak jasotzeko kanpaina abiatuko du, pertsona fisikoei eta juridikoei zuzendutako laguntza ekonomikoko «eredu zabal baten bidez, ideien laborategia sendotzeko eta museoa eta artxiboa garatzeko behar den bultzada emateko».
Ohar batean gogora ekarri duenez, duela bost urte hasi zen Josefa Ganuza alargunak eta Isidro eta Maria Dolores anai-arrebek Telesforo Monzon hil ondoren sortutako Olaso Dorrea Fundazioa berritzeko prozesua, Monzonen beraren nahiari erantzunez, alegia, etxea, bere biblioteka eta artxiboarekin, «Euskal Herriari eta Bergarari uztea».
XX. eta XXI. mendearen hasieran Monzonen ondarea mantentzea abertzalegoaren figura garrantzitsuak zituen patronatu baten esku egon zen (Itziar Aizpurua, Mari Carmen Ayastui, Jose Luis Elkoro, Patxi Zabaleta, Eñaut Larralde, Angel Mari Arregi eta Ramon Mendibil). Monzonen ondareari eta balio politikoari eustea, eta dorretxea mantentzea eta berritzea izan zen haien ekarpena. Haien lorpenen artean aipatu ditu dorretxea berritzea eta hura Jakiunderen egoitzetako bat bihurtzeko lortutako akordioa, baita Euskaltzaindiarekin lortutako akordioa ere.
2019an Olaso Dorrea Fundazioak beste ibilbide bat hasi zuen Iratxe Esnaolaren lehendakaritzapean, patronatu eta proiektu berrituarekin, eta lehen erronka TMeLab Telesforo Monzon Euskal Herrigintza laborategia eratzea izan zen.
Bost urte hauetan, TMeLabek «sinergiak eta lankidetzak bilatu ditu herrialdeko beste eragile batzuekin, etorkizuneko erronka konplexuei erantzun ahal izateko». Lankidetza hitzarmenak eta elkarlanak landu ditu unibertsitateekin (EHU, Mondragon Unibertsitatea eta UEU), Eusko Ikaskuntzarekin, Arantzazulab-ekin, Sabino Arana Fundazioarekin, Pete Cenarrusa Foundation-ekin, Jakinekin, Gure Esku Dagorekin eta beste hainbat erakunde eta fundazioarekin, besteak beste.
Egun, laborategia hiru ardatz nagusitan zentratuta ari da lanean: «euskarari, kulturari eta nortasunari buruzko erronkak identifikatzen etengabe aldatzen ari den mundu eta herri batean»; erronka globalen aurrean «beharrezkoa den gizarte eraldaketara bideratutako politika publikoak» aztertzen; eta «erronka horiei aurre egiteko herrialdean behar diren status juridikoen aldaketen inguruan hausnartzen».
Horrekin batera, dorretxean dagoen artxiboa aztertzeko eta handitzeko lan berritua egiten ari da, Joseba Sarrionandia idazlearen laguntzarekin.
Irati Jimenez lehendakari eta Maite Aristegi lehendakariorde izendatu eta dorretxea museo izendatu ondoren, «erronka eta aukera berriak» daudela nabarmendu du Fundazioak, «ondare historiko horrek herrialdeari egiten dion ekarpena indartzeko». Horren baitan kokatu du abiatuko duen funtsak biltzeko kanpaina.
Bost urterako dohaintza
Azaldu duenez, irabazi asmorik gabeko fundazioa izateak pizgarri fiskal batzuk ematen dizkie proiektuari ekarpena egiten dioten guztiei, eta horrek beharrezko den ekarpen hau «are erakargarriago» egin dezake, hainbat ordainketa modalitateren bidez.
Pertsona fisikoei begira, «ohorezko babesle» dohaintza berritu du eta bost urterako izatea proposatu du, hain zuzen ere Monzonen jaiotzaren 125. urteurrenera arte iraungo duena. Fundazioaren esanetan, aldi horrek «funtsezkoa» izan behar du proiektua garatzeko. Hala, 120. eta 125. urteurrenen erreferentziarekin, dohaintza urtean 300 eurokoa izango da; urtero behin bakarrik edo zatika ordaindu ahal izango da, eta eskubidea emango du dorretxera lau lagunentzako bisita gidatua egiteko, Fundazioaren jarduera biltzen duen buletina jasotzeko eta Fundazioak editorial ezberdinekin lankidetzan argitaratzen duen liburuetako bat eskuratzeko.
Jasotzen dituen ekarpen ekonomikoen bitartez, Olaso Dorreak «Monzon familiak hasitako lanean sakontzen jarraitu ahal izango du, Euskal Herria beti zerumugan dagoela».
Dohaintza edo bestelako lankidetzak gauzatzeko, interesdunek www.olasodorrea.eus/babesletzak orrira, fundazioa@olasodorrea.eus posta elektronikora edo 638121675 telefono zenbakira jo dezakete.