1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian espainiar Poliziak segada batean hil zituen Dionisio Aizpuru ‘Kurro’, Pedro Mari Isart ‘Pelitxo’, Rafael Delas ‘Txapas’ eta Jose Maria Izura ‘Pelu’ gogoratzeko Azpeitiko Enparan dorretxearen atzean dagoen oroitarriari eraso egin diotela salatu dute haien senideek.
Ohar batean azaldu dutenez, honekin laugarren aldia da segada hartan hildakoak oroitzeko eta segada salatzeko dauden oroitarriei eraso egiten dietela. Lehenengo aldia 2017an izan zen; Pasaian hil zituzten tokian bertan Bixi Bixi elkarteak jarri zuen panel informatiboa bere lekutik atera, «txikitu» eta bota egin zuten.
Urtebete beranduago, Pasaian segadari buruzko dokumentala aurkeztu behar zuten garaian bi aldiz egin zioten eraso oroitarri horri palanka baten laguntzaz, panelean kalte nabarmenak eraginez.
Azken erasoa iaz izan zen, uztailaren 22an, hura ere Pasaian. Hildakoen siluetak irudikatzen dituen tokian espainiar bandera marraztu zuten.
Senideen iritziz, Azpeitiko eta Pasaiako oroitarriei «behin eta berriz» erasotzearen atzean «intentzionalitate politikoa» dago. «Batzuek, Pasaian gertatutakoa ezkutatu eta ezabatuz, bazterketan oinarritutako memoria desitxuratu bat eraiki nahi dute. Guk ezinbestekoa ikusten dugu, etorkizuna bizikidetzatik eraiki nahi bada, diskriminaziorik gabeko memoria osoa osatzea», adierazi dute.
Horregatik, beharrezko jotzen dute erakundeetatik eraso hauek «salatu eta gaitzestea». Izan ere, Pasaiako hilketak «exekuzio estrajudizial» gisa onartuta daude Lakuako Gobernuak enkargatutako txosten batean. EHUko Giza Eskubideen Unesco Katedrak eginiko lana da, eta 2020ko martxorako egina zegoen arren, familiei ez zieten jakinarazi hiru urte beranduago arte, segadatik ia 40 urte pasa zirenean.
«Guk, orain arte bezala, oztopoak oztopo, gure senidekin burutu zuten sarraskia argitu arte lanean jarraituko dugu», nabarmendu dute senideek.