NAIZ

Gazteen deia U11ko mobilizaziora, «gatazkaren ondorioak bizi dituen azken belaunaldia izateko»

Urtarrilaren 11n ‘Behin betiko’ leloarekin ospatuko da Bilbon Sareren urteroko mobilizazioa. Asteazken honetan «gatazkaren ondorioak bizitzera behartu duten gazte belaunaldiak» bat egin du mobilizazioarekin eta «konponbide prozesu integral» bat galdegin du.

Bilbon egin dute agerraldia gazteek U11ko mobilizaziora deituz.
Bilbon egin dute agerraldia gazteek U11ko mobilizaziora deituz. ( Mikel Martinez de Trespuentes | FOKU)

Bilbon elkartu da asteazken honetan «ETAk bere jarduera utzi zuenean haurra zen» gazte belaunaldiaren ordezkaritza bat, urtarrilaren 11rako Sarek deitu duen mobilizazioarekin bat egiteko. Garazi Alkortak hartu du hitza eta «konponbide prozesu integral» bat aldarrikatu du mobilizaziora dei eginez: «Gatazkaren ondorioak gehiago luza ez daitezen aldarrikatuz, behin betiko bakea, konponbidea eta elkarbizitza aldarrikatuko dugu, gazteok konponbidean».

Agerraldian adierazi dute euskal gatazkaren errelatoaren transmisioa ahoz aho, antzezlanetan, literaturan, filmetan edo serietan jaso duen gazte belaunaldia dela, «gatazkaren ondorioak bizitzera behartu duten gazte belaunaldia».

«Gure artean bada espetxean jaio denik, bada motxiladun haur izan denik ere. Baita biolentzia ezberdinen biktima zuzena izatea tokatu zaionik ere. Baina batez ere, gure belaunaldia zerbait bada Euskal Herriko gatazkaren ondorioak bizitzea tokatu zaion gazte belaunaldia da», nabarmendu dute.

Aldi berean, euskal preso, iheslari eta deportatuak auzo eta herrietan hezi direla azaldu dute, jaiotzez tokatu zaiela errealitate hori bizitzea: «Bizi ez genuen errealitate baten ondorioak bizitzea tokatu zaigu. Gure aurreko belaunaldiek sorturiko korapiloa askatzeko betebeharra egokitu zaigu».

Esan dutenez, konpromiso handiz bizi dute gatazkaren ondorioak askatzeko konpromisoa eta irmoki ziurtatu dute beren asmoa: «Gure belaunaldiak izan behar du ondorio hauek pairatu behar dituen azken belaunaldia».