NAIZ

Xabi Tolosak bigarrenez pasa beharko du kirofanotik eskumuturreko arazoak gainditzeko

Artroskopia bidez egin diote ebakuntza asteazken honetan Anoetako atzelariari. Horrez gain, «eskafolunoko lotailuaren III. graduko haustura antzeman» dio Sergi Barrera doktoreak zuzenduriko taldeak eta ondorioz, kirurgia osagarri bat beharko duela Xabi Tolosak erabaki dute.

Xabi Tolosak eskuin eskumuturrarekin konpontzea nahiko luke.
Xabi Tolosak eskuin eskumuturrarekin konpontzea nahiko luke. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Xabi Tolosa pilotari gipuzkoarrari ebakuntza egin diote asteazken honetan eskuin eskumuturrean. Sergi Barrera doktoreak zuzendu du ebakuntza, artroskopia bidez, Gasteizko Vithas Ospitalean.

Baina artroskopia burutzeaz gain, Xabi Tolosari espero ez zen beste haustura bat ikusi diote. Hain zuzen, Aspe enpresak ohar baten bidez aditzera eman duenez, «eskafolunoko lotailuaren III. graduko haustura» antzeman da, eta ondorioz hurrengo asteetan beste «kirurgia osagarri bat» beharko du Anoetako atzelariak.

Hain zuzen, arazo fisiko hauen erruz Binakako Txapelketa Nagusian parte hartzeari uko egin behar izan dio aurten pilotari gipuzkoarrak; izan ere, aspalditik eskuin eskumuturreko arazoekin zebilen Xabi Tolosa, operatu aurretik ere hainbat espezialistarengana jo behar izan duelako. Aurrez ere, 2019ko urrian, ere ebakuntza egin behar izan zioten eskuin eskumuturreko fibrokartilagoan pitzadura bat konpontzeko.

Jakina den bezala, Aspe enpresak Binakako Txapelketara begira Jokin Altunaren bizkartzain lanetan bikotea osatzeko Baiko enpresako Aitor Aranguren atzelaria aukeratu behar izan du, Rezusta, Zabaleta eta Martijaz gain, horren txapelketa luze eta gogorrak eskatzen duen maila bermatuko duen beste atzelaririk ez omen duelako.