Datorren 2025eko urtarrilaren 29an epaitegitik pasa beharko dute Joseba eta Eñaut Alvarezek, bi urte eta erdi eta urte eta erdiko espetxe zigor eskaerekin, 2023ko Donostia Egunaren bezperan Konstituzio Plazan «Etxera» jartzen zuen pankarta zintzilikatzen saiatzeagatik.
Bi auziperatuek azaldu dutenez, «Euskal Herriko auzo eta herrietako jaiak festarako eta aldarrikapenerako espazioak izan dira beti, biak jai giroan uztarturik». Eta Donostiako San Sebastian Eguna «ez dela salbuespena» defendatu du. «Ohikoa da aldarrikapen ezberdinak hiriko kale eta plazetan presente egotea. Hala, urte askotan egin dugun moduan, Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatzeagatik espetxean dauden lagun eta senideen etxeratzea aldarrikatzen zuen bandera zintzilikatzeko asmoz bertaratu ginen Plaza Berrira hainbat herritar ugari».
Ekimena abiatzerakoan udaltzainak aldarrikapen ezberdinak jartzea debekatua zegoela esan eta «oldartu» egin zirela salatu dute. «Borra eta ezkutuak baliatuz, oihu eta mehatxu artean, bandera jartzen ari ziren herritarren aurka egin zuten udaltzainek. Azkenean laban bat baliatuz banderaren soketako bat moztea lortu zuten, pankarta jartzea ezinezko eginaz», adierazi dute.
Pasa den maiatzaren 18an, Udaltzaingoak ezarritako salaketaren ondorioz eta nahiz eta gertaeren egunean poliziak ez zuen inor identifikatu, Eñaut eta Joseba Alvarezek epaitegira deklaratzera joan behar izan zuten. Geroztik, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak Eñaut Alvarezi urte eta erdiko espetxe zigor eskaera egin dio eta bi urte eta erdikoa Joseba Alvarezi, «autoritateari atentatua» eta «lesioak» eragitea egotzita. Era berean, isun administratibo bana ere jaso dute biak, 750€koa, Mozal Lege bezala ezaguna den arautegia aplikatuz.
Elkarretaratzea
Piztu Donostiatik adierazi duenez, urtarrilaren 29an Donostiako epaitegian egingo den elkarretaratzean parte hartzera animatu dituzte gipuzkoar hiriburuko eragile sozial, sindikal eta politikoak. «Oso gertaera larria deritzogu kalean aldarrikapen ezberdinak jartzen ari diren herritarren aurka poliziak era honetan ekitea, baina are larriagotzat jotzen dugu gertaerak judizializatu eta ondorio penalak bilatzea, Eñaut eta Joseba Alvarezen kasuan gertatu den moduan» adierazi du herri mugimenduak.
«Adierazpen askatasunaren eta oinarrizko eskubide sozial, zibil eta politikoen aurkako beste gertaera» baten aurrean daudela salatu dute, eta auziperatuak izan diren Eñaut eta Joseba Alvarezi beren «babes osoa» helarazi diete.