St. Exuperyko "Condorito" bideak bigarren errepikapena jaso du.
St. Exuperyko "Condorito" bideak bigarren errepikapena jaso du. (@bau_grego)
Andoni Arabaolaza

Patagoniako ohiko denboraldiaren lehen printzak heldu dira

Pol de Domenech, Bauti Gregorini eta Ignacio Mulero ezohiko errepikapen batekin egin dira: ‘Condorito’ bidea (St. Exupey). Bien bitartean, Seba Pelletti eta Hernan Rodriguezek Trono Blancoren (Paineko Dorreak) hegoaldeko aurpegiaren lehen igoera egin dute.

Txileko zein Argentinako Patagoniako ohiko denboraldiak duela aste batzuk ateak zabaldu zituen. Hain zuzen ere, hango hemisferioko udaberriaren amaieran. Azken urte luzeotan bezala, erpin erakargarri zein estetiko horiek bisitatzera munduko bazter ugaritik makina bat alpinista bertaratu da.

Oro har, orain arte oso leiho on gutxi (laburrak ere) izan dituzte. Alabaina, lehen jardueren berri jaso dugu; ia gehienak erpin ezberdinetako ibilbide klasikoetan egin dira. Baina badira beste ukitu bat izan dutenak.

Lehen geldialdia Argentinako orratz ikusgarri horietan egingo dugu; izan ere, ohikoa ez den igoera bat izan da. St. Exuperyko hegoaldeko horman dagoen ‘Condorito’ (7c, A2, 500 m) da aukeratutako izarra. Eta izarra diogu Kurt Albert, Bernd Ardold eta Egbert Dozekal alemanek 1998. urtean sortutako bidea delako.

Bada, bitxia bada ere, ‘Condoritok’ bigarren errepikapena jaso berri du. Pol de Domenech, Bauti Gregorini eta Ignacio Mulero izan dira protagonistak. Hirukoteak marra horrek duen artesi sistema bat jarraitu zuen, baina, sortzaileek zein lehen errepikatzaileek bezala, talde honek ezin izan du zortzigarren luzea (A2) era askean igo. Oraindik ez dago argi, baina badirudi sekzio hori 8a mailakoa izan daitekeela.

Patagoniako klimak ez du inor epel uzten, eta El Chaltenera joaten diren eskalatzaile guztiek iragarpenekin buruhauste galantak dituzte. De Domenech, Gregorini eta Mulerok ere, asko aztertu behar izan zuten esku artean zuten iragarpena. Hogeita lau orduko eta haizerik gabeko leiho bat aprobetxatu zuten ‘Condorio’ igotzeko.

Eskalatzaileon xedea: bigarren errepikapena sinatu eta A2 mailako luze hori era librean eskalatzen saiatu. Gregorinik sare sozialetan aipatu du ‘Condorito’ kalitate handiko marra bat dela: «Artesi sistema batean zortzi luze eder eskalatzen dira. Hortaz gain, beste bost plaka fanatiko batzuetan. Oso bertikala da, baina handicap handia du: horma erraldoi hori maiz bustita eta izotzarekin dago. Zikin-arrasto beltz horiek irudi beldurgarria ematen dute. Era berean, ederra da oso!».

Ibilbidearen oinarrian zirela, talde horrek ikusi zuen hainbat zati oso heze zeudela. Halere, eskalatzaileoi ekinaldi bat egitea otu zitzaien. Errimaia gainditu ondoren, goizeko 7etan lanean jarri ziren. Lau ordu beranduago, lehen sei luzeak era librean sinatuta zituzten.

Ondoren, Mulero bidearen giltzak diren bi luzeetan sokaburu joan zen. 7c zailtasuna duen luzean bi saio egin zituen, baina ez zuen aukerarik izan guztiz librean eskalatzeko. Gregorinik dio 6c eta A2n gainditu zutela: «Ez genuen energia asko xahutu nahi. Zortzigarren luzea ere zintzilik geratu zitzaigun. Alemanek esan zuten 8a ingurukoa dela, baina guk uste dugu zailagoa izan daitekeela. Polek hurrengo bost luzeak lideratu zituen. ‘Condorito’ hamaika orduan eskalatu genuen. ‘Italiarren’ bidearekin bat egin eta gailurrera arazorik gabe heldu ginen. Gaueko bederatziak ziren. Jaitsierak lau ordu eskatu zizkigun».

Paineko Dorreak

Txileko eskualde horretan, berriz, Seba Pelletti eta Hernan Rodriguezek ekarpen berri bat egin dute. Hauek ere, leiho txiki bat aprobetxatu eta Trono Blancoren hegoaldeko isuriaren lehen igoerarekin egin dira. Horretarako, izotzean, elurrean eta mistoan ‘Ultima ronda’ bidea (AI3, M4, 700 m) ireki dute.

Pelletik aurreratu du leiho arraro bat izan zela: «Elurra egin zigun, baina egun erdi bat oskarbi izan genuen. Igotako ibilbidea ez da zaila, baina irtengune interesgarriak ditu. Ederrena, aldiz, tontorreko ikuspegiak izan ziren. Egunaren azken argi-izpiekin ibilbide beretik jaitsi ginen. Bikaina izan da oso Paineko paradisu horretan izaera horretako jarduera bat gure oporretan egitea. Esan digute Trono Blancoren laugarren igoera izan dela. Biok ala biok urte batzuk daramatzagu elkarrekin eskalatzen. Andeetan zein Patagonian makina bat bide sortu ditugu, eta Trono Blancoko azken horrek, gogorra ez bada ere, gustu ona utzi digu».