Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Aparteko distirarik gabeko lehian Laso eta Iztueta lidertzara itzuli dira

Laso eta Iztuetak Binakako txapelketako zazpigarren garaipena pilatu dute astelehene honetan Eibarko Astelena pilotalekuan, Senar eta Mariezkurrena garaituta (22-16). Distira handirik gabeko partida izan da, egun hauetan pilatu zaizkien partida andana tarteko.

Unai Laso, pilotari tentuz begira.
Unai Laso, pilotari tentuz begira. (Jon URBE | FOKU)

Gabon egun hauetako partiden tourmaleta Eibarko Astelenan bukatu da astelehen honetan, Laso-Iztueta eta Senar-Mariezkurrenaren arteko lehia garrantzitsuarekin. Garaipenak balio handia hartzen zuen partida honetan, bikote bat lidertzara itzultzeko aukerekin zelako eta bestea, goialdea are gehiago estutzeko moduan ikusten zelako.

Horrelako partida gehienetan gertatzen den legez, jokoan balio handiko puntua dagoenean, distiratik baino borrokatik izaten du gehiago eta gaurkoan, Lasok esperientziatik tiratu du lehia bereganatu eta lidertzara itzultzeko. Martxel Iztuetak konfiantza gutxirekin hasi du partida eta aurrelari nafarrak esku bat bota dio zentzu horretan. «Partida hasieran konfiantza falta izan du, konturatu naiz, laguntzera joan naiz eta asmatu dugu. Beste batzuetan niri egokitu ahal zait kili kolo hastea; borrokatu dugu eta puntua eskuratu», azaldu du Bizkarreta-Gerendiaingoak.

Aurrean, makal aritu dira Senar –Artola ordezkatuz– eta Jon Mariezkurrena. Biek ala biek zortzi galdutakorekin bukatu dute partida. Ataungoak apur bat txukundu du bere partida bigarren erdian, egindako sei pilatuta –Laso alde batetik bestera mugitu eta txokora bidalitakoa (18-15) edo txokoan hilda utzitakoa (18-16), besteak beste– baina beraien hutsegiteek kondenatu dituzte porrotera.

Distira eta ordenik gabeko partida izan da, oro har. Orden apur hori Lasoren eskutik ikusten zen eta honek ere eskuin eskua ez zeukan batere fin, partida bukatzean onartu legez. 4-1 hasi dira gorriak irabazten baina Iztuetak egindako hutsegiteak probestuta, partidan sartu dira urdinak. Seina ere berdindu dute, oraindik urdinek egindako tantorik gabe; alegia, guztiak gorriek galdutakoak.

Partida guztian zehar gorriek agindu dute eta lehen atsedenaldi luzera bost tantoko abantailarekin joan dira, Mariezkurrenak eskua izterrera eraman eta kezkak piztu direnean. Gabonetako oporrek iraun duten 18 egunean, orotara, 16 pilota jaialdi jokatu dira; laugarren jardunaldia amaitu berritan iritsi ziren gabonak eta hauek bukatzean, zortzigarren jardunaldia jokatuta dago. Hau da, bikote bakoitzak lau partida jokatu ditu 16 egunean, atera kontuak.

Egun hauetan sailkapena ere argitzen hasi da; goialdean nortzuk dabizen eta behean, behintzat play-offetara sailkatzeko aukera apurrei eusten nork jarraitzen duen argitu dira. Hor erdian aurkitzen da Artola-Mariezkurrena bikotea, azken bi partidetan Senar aurrelari moduan. Peio Etxeberria eta Julen Martijari irabazita konfiantzaz beteta zeuden eta beste garaipen batek, goialdean sendotuko zukeen.

Dena dela, nahi eta ezinean ibili dira uneoro Astelenenan eta 18-16ra gerturatzea lortu badute ere –aipatu Senarrek egindako tanto ikusgarriei esker–, gorriek azken esfortzu bat egin eta 22raino joan dira, zazpigarren puntua batu eta lidertzara itzultzeko, Ezkurdia-Rezustarekin berdinduta.

Modu honetan, zazpi punturekin daude bi bikote eta bost punturekin beste bi: Elordi-Zabaleta eta Artola-Mariezkurrena. Oraindik ere beste sei jardunaldi falta dira lehen fase hau bukatzeko eta lehen bi posturako lehia interesgarria aurreikusten da. Lasoren ustetan, bide handi bat urratu duten arren, oraindik ere asko geratzen da lehiatzeko eta beraz, borrokan jarraitzea ezinbestekoa zaie.

FITXA TEKNIKOA

LASO-IZTUETA 22

SENAR-MARIEZKURRENA 16

Iraupena:657:38 minutu. Pilotakadak: 419 pilotakada. Sakez: 0 Lasok eta 1 Senarrek. Jokoan egindako tantoak: 14 Lasok eta 2 Iztuetak; 5 Senarrek eta 1 Mariezkurrenak. Galdutako tantoak: 3 Lasok eta 6 Iztuetak; 8 Senarrek eta 8 Mariezkurrenak. Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 4-1, 4-2, 4-4, 5-4, 6-4, 6-5, 6-6, 7-6, 7-7, 8-7, 12-7, 12-8, 12-10, 13-10, 14-10, 14-11, 14-12, 15-12, 17-12, 17-13, 18-13, 18-14, 18-16, 19-16, 22-16. Gorabeherak: Binakako Txapelketako zortzigarren jardunaldiko azken partida, Eibarko Astelena jokatutakoa.