NAIZ

Oiartzungo Hitzen Lihoa batu da Doinuele euskara hutsezko plazen sarera

Doinuele euskara hutsezko plazen sarek partaide bat gehiago du gaurtik aurrera: Oiartzungo Hitzen Lihoa liburu azoka. Sarearen parte diren azoken 2025eko datak ere iragarri dituzte eta irakurzaletasunaren aldeko aldarria egin dute: «arropa ez da nahikoa janzteko; liburuek ere janzten gaituzte».

Doinuele sarearen 2025ko egitarauaren aurkezpena.
Doinuele sarearen 2025ko egitarauaren aurkezpena. (DOINUELE)

Ziburuko Baltsan elkarteak hartu du ostegun honetan Doinuele euskara hutsezko sarearen partaide diren azokek 2025erako dakartzaten proposamenen aurkezpena. Aurtengoan, nobedade batekin dator Doinuele. Izan ere, orain arteko zortzi kideei bederatzigarren bat batu zaie, Oiartzungo Hitzen Lihoa liburu azoka.

Euskal kulturako berritasunak bertatik bertara ezagutu nahi dituzten irakurleak egile eta argitaletxeekin zuzeneko harremana izan dezatela bideratzen duten eta euskara hutsean funtzionatzen duten egitasmoek osatzen dute Doinuele.

Aurtengoan, ‘Azokak janzten gaitu!’ mezua zabaldu nahi dute eta, aurkezpenean, zapi eta gainerako jantzien artean aldarri bat egin dute: «Jantzi, gorputza, burua, barru eta kanpo egin beharra dagoelako, arropa ez da nahikoa janzteko. Liburuek ere janzten gaituzte».

Euskal Herrian nork bere gustuen araberako kultur lanez «janzteko aukera» badela nabarmendu dute eta 2023an Doinuele sortu zenetik azokak «indartsuago» daudela ziurtatu dute. Esan dutenez, sarearen bidez herri bakoitzak dituen zailtasunak partekatu egiten dituzte eta besteengandik ikasteko modua ematen die horrek. «Nazio mailako sare bat osatzeak ematen digu bakoitza ez bere txokoan bakartuta sentitzea», azaldu dute.

Esaterako, sare honi esker bi herriren arteko elkarlana gauzatu dela jakinarazi dute, «Ikusi Mikusiko kide batzuk lan egin dugu Ziburuko Azokan eta trukean berdin. Aurrera begira beste herri gehiagoren artean sortu daitezke horrelako elkarlanak», ziurtatu dute.

Aurtengo euskara hutsezko sareen egitaraua ere jakinarazi dute. Urtarrilaren 20tik 26ra (H)ilbeltza, Baztango nobela beltza astea ospatuko da; martxoaren 27tik 29ra Azkoitiako Geure Gelatik, emakumeek idatzitako liburuen azoka; apirilean Sormene Galdakaon; maiatzearen 23tik 25era Zauzko Literaturia; ekainaren 7an Ziburuko liburu eta disko azoka; irailaren 27an Hernaniko (H)azoka; urriaren 11n eta 12an Sarako Ikusi Mikusi haur eta gazte literaturako azoka; azaroaren 12tik 16ra Oiartzungo Hitzen Lihoa; eta urtea Lazkaoko azokak itxiko du, abenduaren 12tik 14ra.