
Beti esan dugu Areches-Beauforten (frantziar Estatua) antolatzen den Pierra Menta lasterketak ez duela inor epel uzten. Eta jokatu berri den 39. ekitaldia horren isla izan da. Halere, azken edizio hori ez da guztiz biribila izan. Eski alpinismoaren eta skimoko aurtengo egutegiek horren errua nagusia dute.
Pierra Menta beti martxoaren bigarren astean jokatu da, eta, oro har, data hori errespetatu egin da. Besteak beste, Mendi Eskiko Nazioarteko Federazioak (ISMF) hala egin du. Baina ISMF erakundearen eta beste lasterketa batzuen aurtengo egutegiek beste aurpegi bat erakutsi dute. Hortaz, planifikazioa ez da batere egoki izan.
Eski alpinismoko lehia mitikoa joan den astean jokatu zen: 12tik 15era. Skimoko Nazioarteko Federazioak, berriz, 14an eta 15ean Munduko Kopa izan zuen. Bi modalitate izan dira: bertikala eta esprinta. Azken horretan, Iñigo Martinez de Albornoz donostiarra finalera sailkatu eta bosgarren postuarekin egin zen. Eta egutegi horrekin amaitzeko,14an, Italian eski alpinismoko proba entzutetsu bat, Selloranda, jokatu zen.
Aipatu ditugun bi hitzordu horiengatik, argi geratu da benetako lehiaren aldetik Pierra Menta hankamotz geratu dela. Horrekin esan nahi dugu, espezialista asko, batez ere italiarrak, ez direla Pierra Mentan nor baino nor lehiatzen izan. Txanponaren beste aldean, aldiz, Pierra Mentan bai baina Munduko Kopan parte hartu ez zuten eskiatzaileak aipatu behar ditugu: Axelle Gachet-Mollaret (bertikaleko erregina), Martina Valmassoi, William Bon Mardion, Matheo Jacquemoud…
Alabaina, Savoiako lasterketak duen aura berezia hala nola hutsune horiek guztiak betetzen saiatu da. Ospe hori ondo merezita du, eta beste behin antolatzaileek nota handia atera dute. Lau egun, 300 bikote, 10.000 metroko desnibel positiboa, ibilbide ikusgarriak, publiko andana, giro bikaina… Hori guztia Pierran Mentaren DNAn dago, eta horrek, bederen, azken ekitaldi horretan ez du hutsik egin.
Oro har, eguraldiak eta mendiaren baldintzek “lagundu” dute. Kota txikietan izan den elur eskasia arazo ia bakarra izan da. Hala eta guztiz ere, egoera horrek ez ditu lau etapak baldintzatu.
Lehiak
Bestalde, lau eguneko lehiari dagokionez, arestian aipatu ditugun hutsune horiek asko nabaritu dira. Emakumezkoen kategorian, adibidez, Axelle Gachet-Mollaret eta Lorna Bonnel frantziarrek osatutako bikoteak erabateko nagusitasuna izan zuen. Goitik behera menderatu zuten Pierra Menta; hots, ez zuten benetako lehiakiderik alboan izan. Lau etapen denborak batuz 12 ordu eta 50 minutuko kronoa egin zuten.
Bigarren talde sailkatua ere frantziarra izan zen: Laurie Renoton eta Marie Pollet. Sailkapen nagusian irabazleek ordubete eta 15 minutuko aldea atera zieten; hots, alde oso-oso handia. Katie Schide estatubatuarra eta Martina Valmassoi italiarra izan ziren hirugarrenak. Irabazleengandik ordu bat eta 50 minutura geratu ziren.
Mutilen kategorian, berriz, egoera pixka bat ezberdina izan zen. Eta hori diogu lehen bi talde sailkatuen artean, etapa batzuetan, soilik segundo batzuetako aldeak egon zirelako. William Bon Mardion eta Xavier Gachet frantziarrak erregularrenak izan ziren. Lau etapa horietatik soilik lehenbizikoaren garaipenak ihes egin zien. Azken horretan, gainera, helmuga puntura irabazleengandik bost segundora heldu ziren.
Lau kronoak batu eta gero, Bon Mardionek eta Gachetek 10 ordu eta 7 minutuko denbora egin zuten. Samuel Equy eta Matheo Jacquemoud frantziarrek bigarren postua sinatu zuten; irabazleengandik zazpi minutura geratu ziren. Eta hirugarrenak: Nadir Maguet eta Damevin Anselme 31 minutura.
Urtero legez, euskal eskiatzaile batzuk Pierra Mentan izan ziren. Asier Labairu iruindarrak Daniel Izquierdo espainiarra izan zuen bikotekide. Talde hori 29. postuan sailkatu zen; irabazle frantziarrek bi ordu eta 39 minutuko aldea atera zieten. Hiru postu atzerago euskal bikote bat sailkatu zen: Asier Alonso eta Ander de Miguel.

Otsagabia, el pueblo de trashumantes que se ha quedado sin carnicería

Persecución, derechos humanos y dobles estándares

Diputación presenta un proyecto para acabar con «el mayor foco de atascos» de Gipuzkoa

Israelen «genozidioaren aldeko hautuaren» aurka manifestazio nazionala, larunbatean Donostian
