Maddalen Iriarte Okiñena
EH Bilduren Gipuzkoako bozeramalea

Abangoardiarako jauzia

Urteak daramatzagu esaten herri honek jauzi kualitatibo bat egin beharra duela, baldin eta herritarren beharrei eta aurrez aurre ditugun erronkei egoki erantzungo badiegu. Betikoa beti bezala egitea ez da aukera bat bizi dugun egoera ezegonkor honetan. Galdera berriak pausatu zaizkigu eta erantzunak eta horiek emateko moduak berritu egin behar ditugu. Helburu honekin egin du EH Bilduk Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde gorenetarako akordio proposamena.

Bidea eginez apurtzen dira inertziak, eta proposamen honek izango ditu bidaide berriak. Hala izango dela ziur gaude.

Adibidez, inork uste al du, krisi klimatikoari aurre egiteko, dependentzia energetikoari aurre egiteko, kultura aldaketa sakon eta oso bat burutzeko, irla isolatuak bagina bezala aritu gaitezkeela? Herri bezala pentsatzea, eta luzapenetan ez ibiltzea ezinbestekoa da.

Beharrezkoa da politika egiteko moduak aldatzea ere. Lidergo konpartituak eta lan egiteko modu kooperatiboak. Erakundeen artean, alderdien artean, gizarte eragileekin eta herritarrekin. Herritarrak politikaren erdigunean jarriz, haien beharrei erantzuteko, baina, era berean, haiekin batera aritzeko proiektu kolektibo baten alde.

Ezinbestekoa iruditzen zait, desafekzioa eta politikaren gutxiespena irauliko baditugu eta horrek sortzen duen giroan ultraeskuinari biderik utzi nahi ez badiogu. Gipuzkoa herri honen abangoardia izan daitekeela sinetsita, badugu zertan aurrera egin.

Urteroko lege nagusiena da aurrekontu legea. Herritar guztiona den dirua ze beharretara zuzenduko den eta politika publikoak zein norabidetan egingo diren erakusten du lege horrek.

Premiazkoa da, besteak beste, gazteen emantzipazioa laguntzeko neurri eraginkorrak hartzea. Gaur egun, 34 urtez azpiko gazteek soldataren %52 bideratu behar dute etxebizitza bat alokatzera eta %57 erostera. Bi errealitate marrazten dizkigu datu honek. Zer nolako soldatak dituzten, eta etxebizitzek, izan erosteko zein alokatzeko, ze prezio duten.

Ondorioz, gazteek zail dute emantzipatzea. Hamarkada batean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan emantzipazio tasak 13 puntu egin du behera, %45,4tik %32,9ra (2022). Europako emantzipazio tasa baxuenetarikoa da gurea. Halaber, ez dugu ahaztu behar Gipuzkoan 18 eta 34 urte arteko gazteen emantzipazio tasa %14,8koa da, oso urrun Europako Batasuneko batez bestekotik, %31,5ekoa. Etxean edo inguruan begiratzea nahikoa da.

Badago zer egin geure egoera sozioekonomikoari egokitutako gutxieneko soldatari dagokionez. Eta egin daiteke.

Hamar gipuzkoarretatik hiruk bezala 65 urte edo gehiago izango ditut nik ere 2039rako. Erronka handi bat, aspaldi ezagutzen genuena eta erabakiak hartu ezean gero eta korapilatsuagoa izango dena.

Zaintza sistema publiko batek bakarrik bermatu dezake kalitatezko zaintza, zaintzarekin ez negoziorik egitea, zaintzaileen lan baldintzak duintzea. Ez da posible une honetan Gipuzkoan 900 pertsona zain egotea eta batez beste 160 egun behar izatea adineko egoitza batean sartzeko.

Baditugu ereduak herritarrekin, erakunde arteko elkarlanean eta hirugarren sektorearekin abian jarri eta denok oso positiboki baloratu ditugunak.

Ezin dugu ahaztu gaur egungo zaintzen sistema feminizatua eta prekarioa dela. Horrek, oro har, emakumeok pairatzen dugun desberdintasun egoeraren inguruan gogoeta egitera narama.

Emakumeok jasaten dugun indarkeria egiturazko gabezien ondorio da, eta uste dut iritsi garela bere jatorrian dauden desberdintasun guztiak gainditzeko neurriak hartzeko garaira. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren bandera gehiengoaren ahotan dagoen une honetan, uste dut neurri aringarriez harago, ezinbestekoak baitira oraindik ere, mugimendu feministarekin, Emakunderekin eta gainerako eragile guztiekin emakumeok pairatzen dugun egoera latz horri aurre egiteko lan egin behar dugula, egoera hori errotik aldatuko duten egiturazko neurriak hartuz.

Ez gara irla isolatu batean bizi eta mundu mailako joerek ere eragin zuzena dute gurean. Gure industrian, gure enpresatan... erronkak izugarriak dira. Krisi ekologiko orokortu batean bizi gara, eta bederatzi muga ekologiko planetarioetatik dagoeneko seietan planetaren karga ahalmena gainditu dugu. Urte erabakigarrietan sartu gara eta, besteak beste, gure aztarna ekologikoa murriztea hil ala biziko kontua bihurtu da. Ildo horretan, eta bakoitzari dagokion lekutik eta arduratik, beharrezkoa da neurriak hartzea. Hala nola trantsizio energetiko demokratiko eta ordenatu baterako bultzada publikoarekin, prozesu deliberatiboen bitartez, adibidez. Mugikortasun jasangarrirako bidea eginez. Edo gertuko elikadura osasuntsuaren aldeko konpromisoak hartuz...

Hamaika erronka ditu herri txiki honek, Europako herrialde garatuenen pare egoteko gaitasuna erakutsi duenak, behin eta berriz urratu arren hizkuntza bat, euskara, eta kultura bat gorde eta maila gorenera eraman dituen herria. Orain ere tokatzen zaigu zaintzen eta hedatzen jarraitzea.

Honetarako eta beste hainbat erronketarako gu guztiona den dirua modu justu eta progresiboan banatzea ezinbestekoa da. Europako herri aurreratuenen pare jarriko gaituen fiskalitatea. Oinarrizko akordio zabal bat lortu, Gipuzkoan zapuztu behar ez litzatekeen bide interesgarri bat zabaltzen duena.

Lehen bezala orain ere, etsi gabe jarraituko dugu herri honen alde, baita orain zabaldu den aurrekontu prozesuan ere. Horixe da gure helburu bakarra, herritarrek izan ditzaten bizitzeko baldintza duinak.

Uste dugu, gainera, baldintza egokiak ditugula lurralde hau herri honen abangoardian jartzeko.

Recherche