Itziar Aizpurua Egaña
Ezker Abertzaleko militantea

Alkaterik onena... herria!

Hau izan zen Herri Batasunaren iturburua eta goiburu gisa erabilia 1979ko apirilaren 3an Udal eta Aldundi Hauteskundeetarako, Franco hil zenetik egiten ziren lehenetan, hain zuzen. Aurrerantzean, Herria alkaterik onena zela oinarri bihurtuko zen Herri Batasunaren,  eta oro har, Ezker Abertzalearen ibilbide politikoan.

Bada, hau gogoan, eta Pablo Gorostiaga kalean!!! Alkate onenen artean onenetakoa, herrikoiena, maitatuena, eta horregaitik mirestuena ere bazen, gorrotatuena izan den bezala Euskal Herriaren etsaiarengandik. Ez dago ikusi besterik, jasan behar izan duen gurutze bidea espetxe zigorra oso osorik bete arteraino.

Eta gure Pablo bere irribarre goxoz erantzunaz zitalkeriei, ankerkeriaraino  eramandakoak..! Hala eta guztiz, ez da jaio Pablori bere nortasunaren goxotasuna kenduko dionik, eta ziur nago, berarekin egoten garenean, Judith ere bertan izango dela gure artean.

Bi egun lehenago, beste berri zoriontsua jaso dut, Lurdes Txurruka, nire lagun handiaren kaleratzea. Duela 18 urte ezagutu nuen Carabancheleko patioan. Hantxe, tinko eta zorrotz, “raketa”ri ondo eutsiz patioko hormara pilota jaurtiz bere indar guztiekin, hura zulatuko zuelakoan kanporako bidea eginaz, edota ni jotzeko asmotan “eman parlamentariari” zioen, patioan martxan nenbilela bitartean mutur batetik bestera. Bere barruko samina kanporatze aldera zela ederki asko ulertu nuen, baita elkarrekin mintzatzeko aitzakia ere . Izan ere, bere kide eta senar maitatua falta zuen, Angel, Ertzainak eraila, berak kontatu zidan legez.

Pablok eta Lurdesek ibilbide desberdinetatik helburu berberarengatik borrokatu dute irmotasunez eta maitasun handiz, Euskal Herrian benetako Askatasuna izan dezagun. Herri eskubideak gauzatzeko askatasunetik lortuko baititugu herritarren eskubideak.

Baina, biak kalean eta etxean izan arren, batak zein besteak nolako harra  duten beren baitan ere ederki asko dakit: barruan preso utzi dituzten lagunak!  Noiz arte?

Guk ez badiogu galdera honi behar bezalako erantzuna ematen, hil arteraino izango da benetako erantzuna, zeren ondo asko dakigu urteak etorri eta urteak joan nolako lotura duen etsaiaren espetxe-politikak gure kanpoko praxiarekin edota praxia gabeko erantzunarekin.

Europatik datorkigukenea alde batera utzita -etorri behar badu, berez ez da sekula etortzen bultzata baino, gainera, guztiok dakigu zein motatako agintari dauden Europan–, gure borroka mota nolakoa izan behar duen erabaki beharrean gaudela deritzot. Geldotasun honek ez die eta ez digu inolako mesederik egiten, eta ondoren esatera ausartzen naizena jakinda batzuri ez zaizuela gustatuko ere, esan beharra daukat: ez duela ezertarako balio auhenetan ibiltzea, ezta bihotza hunkitu nahian ere, haltzak ez baitu bihotzik!

Beraz, abiadura handiagoan jarri gaitezen berandu baino lehen euskal preso politikoak etxeratu ahal izateko.

Eta bide honetan, eskaera xumea, baina aldi berean indarra izan dezakeena
luzatzen diet alderdi politiko guztiei berehala datozkigun hauteskundeetarako: beren egitarauetan eta kanpainan euskal preso politikoen Euskal Herriratzea aldarrika dezaten, giza-eskubideen karta anitzetan dagokiena, hain zuzen.

Honela, aldarri horrekin bat gatozenok aukera garbiagoa izango dugu aurrera pausoak emateko, garaia baita!

Pablo eta Lurdesi, eskerrik beroenak eman duten guztiagatik, jakinik gainera,  aurrerantzean ere, bidean bat eginik jarraituko dugula.

Recherche