Itziar Aizpurua Egaña
Ezker abertzaleko militantea

Amei, bihotzetik

“Emakumeen” egunean, deitzen zaion bezala, nire garrasirik ozenena botatzen dut, kartzelan, erbestean, deportazioan dauden seme eta alabek beren amek besarkatzea izan dezaten Euskal Herri Askean

Ez dago hitzik norbere sentimenduak beste edonori helarazteko era ulergarrian, are gutxiago, zu, Yolanda, bizitzen ari zarena besteok berdin senti dezagun. Ez dago, hizkuntza aberatsena izanda ere, bere baitan hitz aproposak dituenik besteok jar gaitezen zeure egoera berberean.

Baina Xabierren ama maite horri bihotzez diotsut badagoela geure gorputzak eragiten dituen hainbat elementu fisiko bateratzen gaituena sentipenetan: gorputz osoko ikara; urdailetik ahora datorkigun itolarria; eskuak izotza baino hotzagoak, odolik gabeak; mugimendu dardaratsuak; malko handi eta beroak aurpegi zurbilean lepotik behera doazenak; ahotik irteten diren soinu ezezagunak, batzuk kurrixka ikaragarriak direnak, eta besteak ahopean esandako hitz goxo eta xamurrak; eskuekin aurpegia estali nahi dugunean sinestezineko berria jasotzean, edota beso zabalik hormaren kontra jartzen garenean zerbaiti eutsi nahirik, oraindik harridurak jota, eta samindurako bidea hasten dugunean, eta... ez dakigunean non dagoen bihotza!

Zurekin nago ama! Eta zurekin Euskal Herriko hainbat ama daudela ez dut zalantzarik. Haiek gainera, nik baino hobeto ulertuko dute zer den seme bat galtzea.

Nire esperientziagatik –nire guztia zen Jokin Gorostidi joan zitzaidan– ez duzu Xabier galdu! Zure sabelean eramandako seme kuttuna zeurekin izango duzu beti, ama. Zeuk mantenduko duzu bizirik behar duzulako horrela izatea. Zeuk bizirik jarraitzeko bizitasunak sortzen dituen poz txiki eta handiak ere, gero eta elkartasun handiagoz bizi izango duzue Xabierrek eta biok.

Orain arte elkarrekin izandako guztia gogora etorriko zaizu, une gogoangarriak batzuk, eta ahantzi nahiko zenituzkeenak besteak, baina, denak egiten dute zuen elkarrenganako bizitza. Beraz, ama, poliki-poliki gozatzen joango zara zure semearekin, nahiz ezin izan zaren bere ondoan egon, zure ustez, gehien behar zuenean, eta horrek min ikaragarria sortzen dizun. Baina, egon zara azken unera arte laguntzen, maitatzen, goxatzen zure bihotzeko semea, ez? Bada, egin beharreko guztia egin duzu, ama, egin beharreko guztia! Ez izan zalantzarik berak, Xabierrek, hori esango lizukeela!

Harro egoteko semea duzu, Yolanda. Horrelako hainbat semeren amak ezagutu ditut, eta harro egon behar lukeen Herria daukagu. Gure esku dago harrotasun hori ezagutaraztea belaunaldi berriei.
Emakumeen Nazioarteko Egunean idazten ari natzaizu/natzaizue. Duela 49 urte Jokin eta biok aitta eta nebarekin batera atxilotu gintuen eguna, hain zuzen. Ordutik hona ur asko igaro da zubi azpitik. Denak ez dira ubidetik joan, baina, gehiengo ur ederra bidetik doa itsasora, helburu dugun tokira. Egingo dizkigute ur jaurtiketa zikin, pozoitsuak, eta ingurua galdu edo hil egingo da, baina, aurrera jarraituko du ur garbiak bideari ekinaz...

Horregatik Yolanda, zure ikaragarrizko penak, samin horrek badu itxaropena Xabierren emankortasuna galduko ez delako, ez zure baitan ezta herri borrokalari honetan ere.

“Emakumeen” egunean, deitzen zaion bezala, nire garrasirik ozenena botatzen dut, kartzelan, erbestean, deportazioan dauden seme eta alabek beren amek besarkatzea izan dezaten Euskal Herri Askean.

Horretarako, ezinbesteko dugu guztion konpromiso sendoa hildako gehiagori negar ez egiteko erruduntasuna neurri batean, senti ez dezagun. Etsaia ondo ezagutzen dugu, eta orain inoiz baino etsaiago dagoela garbi  ikusten da. Beraz, ekin diezaiogun borrokari!

Yolandari, eta seme-alabak kartzelan eta erbestean hil zaizkien amei, bihotzez, musu goxo bana besarkada bero honetan. Beti zuekin!

Recherche