Aster Navas
irakaslea

Arotzaren semea

Egia esanik gai soberan ditugu mintzatzeko. Nahikotxo daukagu jadanik Nico Williamsenarekin, Concha Velascorenarekin, Netanyahurenarekin; dermatologoak pasaden hitzorduan esan zigunarekin… Ez, ez da ezertarako beharrezkoa sakontzea, ur handitan, sartzea. Baina, bai, gutxi hitz egiten da maitasunak dakarkigun nortasun-galeraz.

Anerekin –holan deituko diogu– maitemintzen zara eta bere helbideak helbide xume bat izateari uzten dio eta Aneren kale bihurtzen da. –Aneren kalean kinkilidenda bat dago –diogu kale horri –aintzineko Lope de Vega– izen berri horrekin bataiatuz. Lan egiten duen enpresa ez da, demagun, «Vitrocar» izango; orain Aneren lantegia da. –Aneren lantegian kotxe haizetakoak konpontzen dituzte –jakinaraziko diozu kristal hori apurtu berri zaion koadrilako bati. Aneren gurasoek Blas eta Carmen izateari utziko diote. –Aneren gurasoekin egon gara oporretan –kontatuko duzu.

Kepak, Mirenek, eta Jabik beraien izenak galduko dituzte eta Aneren laguna edota lagunak izango dira hortik aurrera. Nieves, Kerman, Julia, Kepa… –beraiek ez ba dute aldaketa berezirik nabarituko ere- Aneren auzokideak izaten hasiko dira. Zu zeu Aneren ingurunekideontzat ez zara Josu sekula gehiago izango baizik eta Aneren bikotekidea, nobioa. Zure burua –Aneren bikotekidea naiz– era horretan –harro, gainera– aurkeztuko duzu.

Beraren gauzek ere une horretaraino zeukaten identitatea galduko dute eta, ordutik, Levis horiek Aneren prakak izango dira, telefono zenbaki bat, Aneren mobila etabar.

Eztialdia ez da berriro –zuretzat behintzat– eztialdia izango baizik eta Aneren begirada; haize bolada, Aneren ilea. Bikaintasuna, Aneren horkatilak.

Agian berarekin bizitzera joango zara eta seme bat –Mikel deituko dioguna– izango duzue eta, haziko den heinean, den dena berrizendatu beharko duzue: Mikelen eskola, jostailuak. Mundu osoa kartografiatu beharko duzue berriro: Ane berak izena galduko du eta Mikelen ama bihurtuko da; ardura ez da berriro –zuretzat behintzat– pentsatzen zenuena izango baizik eta Mikelen sukarra, goizalde honetako Mikelen berandutzea; samurtasuna, Mikelen matela; abenduaren hamaika ez da beste data bat gehiago izango Mikelen urtebetetzea baizik.

Agian –edo agian ez, lasai– zerbaitek –edo norbaitek– bananduko zaituzte– eta gutxien uste zenuen egunean Ane ez da zure alboan egongo. Orduan zure amaren sukaldeko leihotik begiratuko duzun munduak, nortasuna aspaldian galdu zuten gauzek, arinka eta presaka, berreskuratuko dute. Eraldaketa zorabiagarri horrek arnasarik gabe eta dardarka utziko zaitu. –Hotz egiten du –esango duzu ozenki zure burua lasaitzeko; hor kanpoan –eta barruan– dena estaltzen, ezabatzen doan abenduko laino zerratu horri garrantzia kentzeko.

Auzunean –hauxe oso leku txikia da– komentatzen hasiko dira itzuli zarela, Amparoren mutila, arotzaren semea bueltan dagoela. –Pasaden egunean arotzaren semearekin topatu nintzen –esango du Marisaren alargunak Alfredoren tabernan. –Bai, ama, Alfredo… okinaren iloba, Markelen aita… gogoraraziko, alferrik, diozu.

Egia esanik solasaldian ibiltzeko gai soberan ditugu. Nahikotxo daukagau jadanik Ayusok esandakoarekin, «verificadorenarekin», Bilbao Basketeko bilakaera eskasanarenarekin, urologoak asteartan esan zigunarekin. Ez, ez da ezertarako beharrezkoa sakontzea, ur handitan sartzea.

Nori interesa dakioke?

En fin.

Recherche