Tasio Erkizia
Ezker abertzaleko militantea

Aspaldiko «Podemos»

Demokrazia formala gaindituz, udaletxeetan herritarren parte-hartze eta protagonismo zuzena bultzatu dugu. Herri mugimendua, udalaren etsaitzat hartu beharrean, gizartea demokratizatzeko lanabes preziatu gisara defendatu dugu, eta horrek haize freskoa eraman du herritar askorengana

Podemos alderdiaren sorrerak «lurrikara» politikoa eragin du. Zerbait berritzat agertu da. Inoiz ezagutu ez dugun molde politikoen asmatzaileak direla dirudi. Jende askorentzat politikagintzan berritzaile azaldu dira, orain arte inork erabili ez dituen hitz egiteko moduak erabiltzen dituztelakoan. Guztiz berritzat bizi du gizarteko sektore zabal batek. Euskal Herrian ere, interes berezia dago inoiz ezagutu ez dugun mugimendu politiko gisara agertzeko.


Izugarri pozten naiz gizartean sortzen duen esperantzagatik. Baina ez da egia aurrekaririk gabeko mugimendu politikoa dela. Podemos mugimendu berriaren ekarpena gutxietsi gabe, eta daukaten meritua aitortuz, aldi berean, egiari zor, argi esan behar da Euskal Herrian badagoela hainbat urtetan bestelako politikagintza praktikatu duen herritar batasuna. Gainera, harrokeriarik gabe baina harrotasunez, zilegi da urte zailetan egin dugun ekarpena aldarrikatzea. Ez noa inoren aurka; aitzitik, gure ibilbide politikoari buruzko kontaketa xumea egitea da helburua. Izan ere, lehendik ere badugu beste molde bateko politika egiteko eredu aurrekari bat, oraindik hobetu eta aberastu behar duguna.


Duela 37 urte, 1978. urteko urrian jadanik, izugarrizko indarrez agertu zen Herri Batasuna izeneko mugimendu politikoa. Lau alderdi politikoren (HASI, ANV, LAIA eta ESB) eta herri mugimenduko gizon-emakume askoren elkartze modura sorturikoa, bat-bateko sumendi gisa bazter guztiak harrotu zituen mugimendu zabal bezain ilusio-sortzailea. Hilabete gutxi batzuk lehenago plazaratua izan arren, 1979. martxoko hauteskunde orokorretan hirugarren indar bihurtu zen Hego Euskal Herrian. Inongo inkestek ez zuten aurreikusten, eta gehienentzat izugarrizko ezustekoa izan zen. Handik gutxira, lehenengo udal hauteskundeetan, oraindik ere ezusteko handiagoa eman genuen, Bilbo edo Barakaldon bigarren indarra izanik, eta Iruñean, lehen indarra. Mila hautetsi baino gehiago lortu genituen, eta, gainera zentralitate osoa politikagintzan.


Eskema guztiak apurtu genituen, alderdi sistemazaleen artean beldur handia eraginez. Abertzaleak izanik, Bilboko hainbat etorkinen auzotan lehen indarra izatea ez zen lasaigarria kapitalaren interesentzat; eta, poltronak hartzeko bidean zebiltzan alderdientzat, ez ziren batere erosoak politikagintzan erabiltzen genituen moldeak. Lehen egunetik deserosoak izan ginen, inposatu nahi ziguten «frankismo mozorrotua» gogor salatzen genuelako eta, gainera, instituzioetan desestabilizatzaileak ginelako. Baina, agian, ekarpen handiena politikagintzako era hori luzaro mantentzea izan da. Ez ginen eta ez gara «ohiko politikariak». Gaur egun ere, gure zuzendaritza kolegiatua da, taldean oinarritzen dena eta ez lidergo pertsonalizatuan. Eta beste era bateko politikagintza egiten segitzen dugu azken hogeita hamazortzi urte luzeotan.


Estatuen bortizkeria guztien gainetik, politikagintzarako molde ezberdinak erabiltzen jarraitzen dugu. Zuzendaritza politiko osoak kartzelatu arren; komunikabideen kanpaina kriminalizatzaile ororen gainetik (ezin ahantzi behin eta berriz gure mezua baztertua eta manipulatua izan dela); legez eta justiziaz zor zaizkigun diru laguntzak ukatu arren eta militanteen esfortzuaz eraikitako egoitza sozialak itxi eta lapurtzen saiatuta ere; Otegi eta beste hainbat buruzagi politiko lotsagarriki luzaro kartzelan eduki arren, bigarren indarra izaten jarraitzen dugu, Europako herri askoren aurrean bestelako politikagintzaren eredu. Hutsuneak hutsune, autokritika eta eztabaida militantearen bidez, egoera bakoitzaren aurrean estrategia egokia eta emankorra asmatzen jakin dugu.


Lehen udal hauteskundeetan erabili genuen goiburua eta kanpaina aski esanguratsuak izan ziren. Molde berrien ispilu eta erakusle. «Alkaterik onena herria» lemak ez ote zuen erakutsi instituzioetan funtzionatzeko bestelako filosofia bat? Beste alderdi guztien kanpaina oso pertsonalizatua zen. Herrietan eta hirietan zintzilikatzen zuten propagandan alkategaiaren argazkia ageri zen; gureetan aldiz, udal taldearen argazkia. Horrela nahi genuen, batetik, herritarren protagonismoa azpimarratu, eta, bestetik, udaletxean herritarren zentralitatea eta talde-lana aldarrikatu, eta pertsonalismoak gainditu beharra. Gaur egun ere, filosofia bera praktikatzeak bereizten gaitu.


Hitzetatik at, egunero aplikatzen dugun politikagintzaren eredua da hori, ezberdina eta eraldatzailea. Demokrazia formala gaindituz, udaletxeetan herritarren parte-hartze eta protagonismo zuzena bultzatu dugu. Herri mugimendua, udalaren etsaitzat hartu beharrean, gizartea demokratizatzeko lanabes preziatu gisara defendatu dugu, eta horrek haize freskoa eraman du herritar askorengana. Eta jakina, eredu horrek PNV-PSOE-PP alderdien «kastarekin» talka egin du. Gipuzkoan gertatzen ari dena da horren adibide.


Herritar batasunaren kode etikoa zorrotza bezain eredugarria izan da ibilbide guztian. Soldata murritzak eta kontrolatuak, alkateengandik hasi eta azken zinegotziarenganaino. Estruktura politikoan liberatutakoek ere soldata berdinak eta murritzak. Bozeramailearengandik hasi eta azken arduradunarenganaino soldata berdina kobratzea ez ote da eredugarria? Hogeita hamazortzi urte hauetan ezker abertzaleak ehunka alkatetza izan ditu. Bederatzi legealdi hauetan hamar mila zinegotzi baino gehiago. Eta zenbat ustelkeria kasu agertu dira? Nik dakidala, bat ere ez. Bizpahiru zinegotzirekin egon dira zenbait gorabehera, baina jakin bezain laster geuk zorrotz argitu dugu gaia, eta lotsarik gabe arduraduna tartetik kendu. Alderdi gehienek ustelkeria kasu larrietan ardura zuzenak dituzten garai hauetan, honelako gardentasuna ez ote da eredugarria? Europan nork erakuts dezake ezker abertzalearen koherentzia eta duintasuna?


Hori guztia horrela izanik, askok galde dezakete: Ezker abertzalea zergatik ez da ageri erakartasun bereziaz gaurko gizartean? Zergatik ez du Podemos taldeak sortzen duen zirrara eta ilusioa pizten? Hasteko, argi utzi behar da sinesgarritasun handia duela gizarteko sektore zabalean. Ez gara ezker ikuspuntutik Euskal Herria eraikitzeko eragile bakarra –guztiak baitira beharrezkoak–, baina bai ezinbestekoa. Desgaste edo higaduraren arrazoiak asko dira. Lehenik, konfrontazio armatu gogorraren erdi-erdian murgildurik egoteak ekarri digun kriminalizazioa. Bestetik, kapitalaren zerbitzura dauden komunikabide gehienek betidanik gure kontra daramaten kanpaina iraunkorra; ahantzi gabe, noski, eguneroko funtzionamenduan izan ditugun eta gaur ere baditugun gabeziak. Eta gabeziaz ari garelarik, ez dugu berreskuratu behar hasieran herritar batasunak zuen freskotasuna eta zabaltasuna? Dena den, Europako ezkerraren eboluzioa eta desitxuratzea ikusiz, nola ez baloratu positiboki urte luzeetan egin dugun ekarpena?


Larrutik ordaintzen ari gara geure koherentzia eta duintasuna; baina merezi izan du. Etorkizun handia duen mugimendu politiko eraldatzailea eraikitzen ari gara. Podemos taldearen filosofia ez da berria Euskal Herrian, aspalditik ari baikara lanean. Ongi etorria haize freskoa dakarren edonor, eta zorionak errebeldia eraikitzailea bultzatu nahi duten guztioi. Herri honen askapen nazionala eta soziala defendatu nahi dutenak besoak zabalik hartuko ditugu. Inor ez dago sobera, guztiok gara beharrezkoak.

Recherche