Iñigo Jaca eta Josu Albero

Autodeterminazio eskubidea, eztabaidagai Bruselan

ICEC (“International Comission of Europan Citizens”) erakundeak antolatuta, aurreko urtarrilaren 11an Bruselako Europako Parlamentuan autodeterminazio eskubideari buruzko jardunaldia burutu zen.

ICEC-ek eskubide honen alde jarduten duten Europako estaturik gabeko Herri ezberdinetako erakundeak biltzen ditu (besteak beste, Kataluniako ANC edo Flandriako Vlaamse Volksbeweging). Eurodiputatu abertzale batzuen lanak (Josu Juaristi eta Izaskun Bilbao euskaldunenak, Mark Demesmaeker flandriarrarenak, Josep Mº Terricabras katalanarenak, Martina Anderson ipar irlandarrarenak …) ahalbidetu zuen topaketa Europako Parlamentuan burutu ahal izatea; Flandriako ICEC eta Vlaamse Volksbeweging erakundearen ahaleginak, halaber, azpimarratzeko modukoak dira, haiek gabe nekez antolatu bait zitekeen jardunaldi mamitsu hori.

Euskal Herrian oso ezaguna ez izan arren, ICEC erakundeak lau urteko ibilbide oparoa du. Hainbat topaketa eta ekitaldi esanguratsuak burutu ditu, batez ere Flandrian eta Katalunian. Ez da autodeterminazio eskubidea Europako Parlamentura eramaten duen lehenengo aldia, baina bai orain arteko arrakastatsuena (inoiz baino eurodiputatu gehiagoren atxikimendua lortu duelako).  Euskal Herriak ere ordezkapena du ICEC-en, eta une honetan zabaltze prozesuan dago gurean.

Urtarrilaren 11ko jardunaldiak gurea bezalako egoera batean dauden nazioen testigantza entzutea ahalbidetu zigun. Jardunaldian galestarren, eskoziarren, flandriarren, katalanen, venetoarren eta ipar irlandarren nahiak, helburuak eta estrategiak ezagutu genituen. Hizlarien artean, Euskal Herriko bi: Juanjo Alvarez EHUko Zuzenbide irakaslea, eta Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ren bozeramailea. Zer esanik ez dago, baina, katalanek eta haien autodeterminazio prozesuak protagonismo berezia hartu zutela jardunaldian. Anna Arquék, ICEC-Kataluniako ordezkariak, Parlamentuan bildutakoen arreta osoa bereganatu zuen prozesuaren berri eman zuenean. Jordi Domingok eta Montse Dubanek aurrekoaren azalpenak osatu zituzten.

Europako Parlamentuan gure ikurrina ikusteak, eta gure hizkuntza entzun ahal izateak (antolatzaileek euskal itzultzaileak prestatu baitzituzten) bereziki poztu gintuen, eta agerian utzi zuen urtarrilaren 11an Europako estaturik gabeko Nazioak (Euskal Herria, Katalunia, Flandria, Eskozia, Gales, Hego-Tirol…) protagonistak bihurtu zirela Legebiltzar horretan. Beste Europa batek, Herrien Europak, entzuna izateko eskubidea ere dauka.

Jardunaldia amaitzerakoan, Luca Polo venetoarrak Venetoko Parlamentuak onartutako ebazpenak, gaurkotasun handikoa, aurkeztu zuen; Katalunia eta antzeko egoeran dauden nazioentzat oso egokia dena: “This Council therefore recognizes that when the exercise of the universal right of self-determination is denied by the state institutions, citizens and nations of Europe can do and should do the only possible thing: unilaterally exercise through their representative assemblies this right that is configured by its nature in the international law framework” Resolution n. 27 - 29th November 2016”.  Hots, estatu batek bere menpeko nazio bati autodeterminazio eskubidea ukatzen dionean, nazio horrek -bere erakunde edo Parlamentu demokratikoaren bidez- irteera bakarra du: autodeterminazio eskubidea praktikara eramatea aldebakarrez. Ezin argiago esan.

Bestalde, Izaskun Bilbao eurodiputatu euskaldunak bere mintzaldi laburra bukatzerakoan  eurodiputatu abertzale guztiek (katalanek, euskaldunek, galestarrek, eskoziarrek, flandriarrek, hego-tiroldarrek….) agerraldiaren adostasunezko  deklarazio bat  argitaratuko zutela jakitera eman zuen. Une honetan, eragileen ekarpenak jasotzen ari zirela argitu zuen Bilbaok. Dekalogo modura aurkeztuko da, eta bertan estaturik gabeko Herriek beren estatus politikoaz hartzen dituzten erabaki demokratikoak estatuek eta nazioarteko komunitateak errespetatu behar dituztela azpimarratuko da.

Baina Parlamentuaren jardunalditik haratago, Bruselako bidaiak aukera eman digu harremanak sendotzeko beste nazioen ordezkariekin, eta ICEC-eko jarduerari buruzko planifikazioa egiteko. Gauza asko ikusi eta ikasi ditugu. Garrantzitsuena, epe laburrean Europako mapan aldaketa esanguratsuak ikusiko ditugulako uste osoa. Kataluniakoa eta Eskoziakoa, laster. Flandriakoa, uste baino lehenago. Eta Euskal Herriak erne eta prest, etxeko lanak eginda, egon beharko du olatua harrapatzeko. Ezin gara despistatu, gure etorkizuna jokoan dago.

Recherche