Javier Herran Gallego

Ba al dago alternatibarik?

1999 urtean, Kofi Annan, Nazio Batuen Idazkari Nagusiak, adierazi zuen: «NBEren Gutunaren 2. artikuluko 7. paragrafoaren eta giza eskubideen aldeko babesaren artean tentsio argia dago. Gutunak adierazten du NBEk ezin duela estatuen barne-kontuetan esku hartu, baina giza eskubideen aldeko babesak esku-hartzea eskatzen du, premia humanitario larriak gertatzen direnean».

Testuinguru horretan, 2001ean, Esku-hartzea eta Estatuen Subiranotasunari buruzko Batzordea sortu zen, eta hilabete batzuk geroago, esku-hartze humanitarioak formalki aitortu ziren «Babesteko Erantzukizuna»-ren bitartez. Txostenaren arabera, esku-hartzeak hiru egoera konkretuetan «legitimoak» bilakatzen dira:

• Estatuak dira beren herritarrak gizateriaren aurkako krimenetatik, garbiketa etnikotik, genozidiotik eta gerrako krimenetatik babesteko ardura nagusia dutenak.

• Nazioarteko komunitateak Estatuak babesteko ardura hori betetzen lagundu behar du.

• Estatuak beren erantzukizuna bete ezin edo nahi ez badute, nazioarteko komunitateak erantzuteko ardura du, eskubide urraketak saihesteko, lehenik eta behin zigor politiko edo ekonomikoen bidez, eta, azken baliabide gisa, indarra erabiliz.

Deklarazio honen puntu nabarienetako bat nazioarteko zuzenbidean subiranotasunaren birformulazioa izan zen. Txostenaren arabera, honek ez du baliatzen «esku-hartzeko eskubidea», baizik eta «babesteko erantzukizuna». Aldaketa horren justifikazioa hainbat marko kontzeptualetan oinarritu liteke. Alde batetik, ikuspegi (neo)liberalarekin bat datorrenak, babesa behar duten banakoen eskubideak defendatu beharrean gaudelako, eta ez Estatuarena bera. Bestalde batetik, «English School» nazioarteko gizartearen solidarismoari hurbiltzen zaiona, ikuspegi pluralisten kaltetan.

Arazoak gutxitzeko asmoz, txostenak esku-hartzerako sei irizpide ezarri zituen. Lehena, esku-hartze militarra Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak baimendu behar du. Bigarrena, kausa larria izan behar da: bizitza galera handiak edota genozidioa edo garbiketa etnikoaren helburua duten hilketa masiboak. Hirugarrena, esku-hartzeak asmo konkretua izan behar du: soilik helburu humanitarioak. Laugarrena, esku-hartze militarra azken baliabidea izan behar da. Bosgarrena, proportzionaltasunak zentrala izan behar du, helburu humanitarioa lortzeko behar den gutxienera mugatuta. Seigarrena, esku-hartze militarrak helburu humanitarioak soilik lortu behar ditu, ez helburu politiko edota ekonomikorik.

Irizpide horietan oinarrituta, Holzgrefe, Emory Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasleak, esku-hartze humanitarioak honela definitzen ditu: «Estatu batek (edo estatu-talde batek) beste herrialde bateko mugak zeharkatuz indarra erabiltzea edo mehatxatzea, beren herritarrak ez diren pertsonen oinarrizko giza eskubideen urraketa larriak eta sistematikoak saihesteko edo amaitzeko, indarra aplikatzen den herrialdearen baimenik gabe».

Holzgrefen arabera, esku-hartzeen helburu nagusia egoera mutur-muturrekoetan giza eskubideak babestea da. Esku-hartzeek xede humanitario esklusiboa izan behar dute. Hori dela eta, Nazio Batuetako erabakigune politikoetan eta arlo militar handi bat parte hartzeak ez luke esku-hartzeen azken helburua lausotu behar. Orduan, galdera kritiko bat sortzen da: Nazioarteko Zuzenbideak legitimatzen al du ekintza humanitario bat Ekialde Hurbilean?

Erantzuna nahiko sinplea da: bai. Hala ere, hainbat faktorek zailtzen dute Ekialde Hurbilean gertatzen ari denari erantzun moral humanitario bat ematea: (1) gobernantza global liberalaren inefikazia gero eta agerikoa da; (2) Estatu Batuen atzeraldia, mendebaldeko aktore nagusien influentzia jaitsiera baita ere baldintzatzen: Europar Batasuna eta bere estatu kideak barne; (3) Hegoaldeko aktoreek hazkunde nabarmena erakusten dute, Txina garrantzitsua izanda ere, Brasil eta India ere kontuan hartu beharra dago. Hiru fenomeno hauek mundua aldaketa estruktural sakon batean murgilduta dagoela adierazten digu.

Aintzat hartu behar dugu hiru faktore hauek elkarlotuta daudela, eta horien arteko erlazioa esplikatzailea izan daitekeela. Horren ondorioz, Estatu Batuen atzeraldi berak nabarmen esplikatuko lituzke eurek sortutako rules-based gobernantza globalaren gabeziak; hots, Mendebaldeak sortutako arau sistema unibertsalista eta haren aplikazioa ez dira gaur egun eraginkorrak, testuinguru berri honen aktoreen eskakizunei eta beharrei erantzuten ez zaielako, gutxi batzuen beharrei baizik. Ondorioz, gobernantza global honek sortzen eta areagotzen dituen desparekotasun estrukturalak eraldaketak aldarrikatzeko ahotsak areagotzen ditu, gobernantza globalaren egituran bestelako ikuspegi, esperientziak eta ethos partikularrak aintzat hartzeko beharretik abiatuta: inklusibitatea eta pluralitatea errespetatzen dituena alegia.

Aldaketa irudi honetan, mendebaldeko aktore nagusiek interes indibidualak, lehiaketa eta bestelako faktore berekoiak aurreikusten direla esango digute behin eta berriz, munduan anarkia eta multipolaritatea nagusitu direlakoan. Horren ondorioz, beren diskurtso eta artikulu akademikoetan etengabe azpimarratuko dute zein garrantzitsua den mehatxua nondik datorren seinalatzea, eta horiek gelditzearen beharra. Modu horretan, herrialde gutxi batzuen portaera interpretatzen, esplikatzen, baina baita ere legitimatzen dute (alegia Israel, herrialde Europarrak eta Estatu Batuak). Euren ustez, anarkia sistema honetan bizirauteko beharrezkoa da botere materiala handitzea, batez ere militarra, eta mehatxu gisa atzematen diren horiek daukaten guztiarekin (arlo militarra) lehiatzea.

Halaber, Nazioarteko Harremanetan aldaketa estruktural horiek ez direla arinak izango errepikatuko digute, eta Mearsheimer ("The Tragedy of Great Power Politics", 2001) eta Graham Allisonen ("Thucydides Trap", 2017) teoriak mahaigaineratuko dituzte etengabe. Figura akademiko hauen arabera ez dago alternatibarik: horrelako testuinguru batean guda izan liteke irtenbide bakarra. Eta zentzu batean arrazoia daukate. Zergatik?

Aztertu ditzagun 90. hamarkadatik presidente estatubatuarren diskurtsoak: Clinton, Obama, Trump, Biden, Bush eta bestelako batzuk maiz esaten duten moduan: «Estatu Batuarrek munduaren lidergoa izateko eskubidea daukate (Destino Manifiesto), eta berez izan behar dute; horrela ez bada, kaosa nagusituko da». Hauxe da, poterearen monopolioa ala guda, ez dago beste biderik. Orduan, Israel kokatzen baldin badugu mendebaldeko puntako aktore gisa Ekialde Hurbilean: ze etorkizuna dagokie Israel ez diren Ekialde Hurbileko bestelako aktoreei? Gudarako prestatu beharko lirateke? Testu inguru honetan, akaso ba al dago beste alternatiba bat?

Recherche