Aster Navas
Burdinibarra BHIko zuzendaria

Ba al dakigu irakurtzen?

Administrazioak eta zentruko klaustroek ere utzi behar diogu hezkuntza egoera «leitzeari» eta irakurtzeari ekin beharko genioke.

Orain dela hiru urte, Hezkuntza Sailak, PISA ebaluazioan makilakada ederra jaso ondoren, PEG izendaturiko programaren barne, irakurketa planak bultzatu zituen ikastetxeetan, eta azkar eta gaizki prestatu gintuzten ahalik eta lasterren martxan jartzeko: ikastetxe bakoitzak proposamen bat diseinatu zuen baina gehienetan formakuntza-arratsalde aspergarri lautan, Drivera igotako txosten hirutan eta inor motibarazi ez zuten ikasunitate bitan geratu zen asuntoa; ikuskaria zentrura hurbiltzekotan ikasketa buruaren karrajoan gorde egin genuen zerbait; gelara, azken finean, iritsi ez zen zerbait. Larriena: ekimen horri ez zaiola inolako jarraipenik eman. Ez Departamentutik aldetik ezta ikastetxeen autonomiatik ere; ez, ezin ditugu baloi guztiak kanpora bota.

Bikaina, ordea, ahalegin puntual horren sarean geratu den islada: «irakurgunea» weba.

Leitu-Irakurri. «Haurrak begiak itxi, desio bat pentsatu eta kandelei putz egin zien. Begiak ireki orduko denak itzalita zeuden: hogeiak».

Mikroipuin honekin ematen diot hasiera ikasturteko lehenengo eskola saioari. Ikasle gehiengoak ederki «leitu» egiten dute; batzuk –gero eta gutxiagok– istorio labur hori «irakurtzen dute», ulertzen dute, bere nerabezaroarekin urtebetze horren protagonista harremantzen dute.

Gizartearen zati handi bat analfabeto funtzionala da, maila handiagoan edo txikiagoan. Izan ere, jokabide sozial asko gabezia horren ondorio dira. Datuak, titularrak, albisteak «leitzen» ditugu; ez ditugu irakurtzen, ez ditugu interpretatzen, lerro fisiko horietan ez dugu maiz ezkutaturik dagoena igartzen. Ez gara «leitze» huts horretatik zerbait ondorioztatzeko, atzemateko gauza izaten.

Bestalde, belaunaldi berriek testuak eskaneatzen dituzte, baita ahozkoak ere. Berehalakotasuna sustatzen duen digitalizazio azkar baten ondorioz, gazteak ia ez dira mezuetan gelditzen, eta horrek haien edukian sakontzea eragozten die.

Ikastetxeko planik onena. Kontatzen dizuet hau irakurri berri dudalako "Zertarako irakurri? Ulertzeko" topikoetatik ihes egiten duen Victor Morenoren gogoeta bikaina eta lehenengo paragrafoetan aipatzen dudan arazoa ederki hausnartzen duena.

Berak dioenez zerbait egin beharko genuke hezkuntzako sisteman arazo larri hori aukera bihurtzeko: irakasle guztiok ez gara hizkuntza-irakasleak baina bai den denok hizkuntza ikasteko eta irakasteko erabiltzen dugula; hain zuzen ere hizkuntza dugu amankomuneko erreminta, lanabesa.

Goazen haratago, jarraitu dezagun topaguneak bilatzen: Hezitzaile guztiok badakigu, soberan, ulertzen ez badugu ez dagoela ikasterik: begibistan dago ikasleon konpetentzia testuala (irakurri, entzun, eta idazten dena ulertzeko eta adierazteko gai izatea) irakasgai guzti guztietan landu beharko genuke.

Funtsean, idealizatzen badugu, gure lana gutxitan entzuten diguten gaztetxo horiei errealitatea irakurtzen laguntzea da; gero eta konplexuagoa, konnotatiboagoa eta subliminalagoa den errealitate bat. Eta ez badugu ongi burutzen «leitu» baino ez dute egingo.

Beraz, hezkuntza-komunitate osoa inplikatuko duen irakurketa-plan on bat izango litzateke, zalantzarik gabe, ikastetxeko planik onena.

Beharbada, klaustro bateko giza baliabideak kudeatzeko orduan, konplexuena abiapuntua eta ardatza izango den baterako zerbait bilatzea izango da; arkatz horrekin, denok partekatzen dugun helburu baterako bidea erakutsiko digun ibilbide-orria marraztu genezake.

Eta ez da ikastetxeen puntu ahulenetako bat bakarrik, sistema osoarena ere bada: deskoordinazioaren arazo sakon bat dago, eta etengabeko hezkuntza-erreformen horizonte-aldaketak elikatzen du; azkena, Celaarena, makillaje hutsa.

Irakurketa plana da, zalantzarik gabe, elkargune hori.

Apustu irmo baten premia. Laburbilduz, Administrazioak eta zentruko klaustroek ere utzi behar diogu hezkuntza egoera «leitzeari» eta irakurtzeari ekin beharko genioke. Apustu irmoa eta etengabeko egin behar dugu bide horretatik; ez da nahikoa aldizkako keinu xumeak egitea. Estrategia, konbentzimendua, baliabideak eta epe luzerako helburuak falta dira: oso adierazgarria da gaur egun ordu-krediturik ez egotea ikastetxeetako liburutegiak berreskuratzeko.

Eta batez ere lema finko bat mantentzea: irakasleok eta berritzeguneek, askotan, norabide finkorik gabe aurrera egiten den sentsazioa dugu, bandaxkak emanez; gaur irakurketari ematen diogu garrantzia, bihar auskalo.

Inoiz ez dugu orain bezainbeste interpretatu, «irakurri» behar izan. Ulertzeko.

Morenorena ere, "Leer con los cinco sentidos". Ez galdu.

Recherche