Jon Gorriño Arriaga
Euskeraren Jatorria Elkartea

Basque Country ala Basqueland

Gure nazioaren izena gero eta gehiago ikusten dugu gaur egun munduan zehar, modu batera edo bestera gero eta sarriagotan munduratu behar garelako.

Baina zein modutan deitu digute iraganean?  Estrabon geografo greziarrak Baskoiak aipatu zituen. Historialari erromatarren artean, Tito Libiok eta Plinio Zaharrak "Vasconum Ager" eta "Saltus Vasconum" aipatu zituzten Baskoien lurralde eremuan. Gure aroko IV. gizaldiaren hasieran Vasconia hitza agertzen da lehen aldiz Nola-ko Paulinoren gutun batean. Gizaldi batzuk geroago Saint Severko beatoak 1060. urtean, T/O bezalako mapa baten, Wasconia izenarekin kokatzen du Antso III.a Nagusiaren Iruñako Erresuma, beste Europako nazioen artean.

Geroago, Iruñako Erresuma, Nafarroako Erresuma bihurtuko da, eta urteak zehar izen hori agertuko da Kartografia zabal batean.

Errenazimentu garaian,  "Navarre" aipatzen da ingelesez William Shakespeare-ren "Love's Labour's Lost" izenburuko  komedian. Garai horretan ere, "heuscal herria"  izena agertzen da Ioannes Leizarragaren Testamentu Berrian, eta "Eusquel Erria" Joan Perez Lazarragaren eskuizkribuan.

Gaur egun Euskal Herria da askotan erabiltzen dan izena, eta onartzen badugu kontzeptu etno-kultural-linguistiko hori herri hau aipatzeko, garrantzi handia dauka itzulpen zuzena egitea, gehien erabiltzen diren hizkuntzetara.

Hasteko, Euskal Herriaren ingelesezko izenari  buruz gogoeta egin beharko genuke. Gaur egun, munduan, gutxi gorabehera, 250 estatu daude, eta horietako batek ere ez du "country" hitza izenaren barruan. Eta guk "country" hori erabili behar al dugu? Ala badira beste aukera batzuk?

Adibidez, Euskal Herriko lur eremua hobeto adierazteko, agian, "land" hitza erabiltzea egokiagoa litzateke, herrialde askok egiten duten moduan: Finland, Greenland, Iceland, Ireland, Netherlands, Poland, Switzerland eta abar.

Izen hauetako batzuen -land atzizkia Germaniako nazionalismo erromantikoaren garaiko eragina izan zen XIX. mendean, hizkuntza germanikoetatik hartutakoa. Beste batzuk zaharragoak ei dira: Holanda, Islandia, Groenlandia… baina seguruenik hasierako jatorria berdina izan daiteke guztientzat.

Gai horretan, luze-zabal azter genezake land horrek euskal jatorria duen ala ez, Euskal Herriko eta euskera hitz egin zen lurraldeetan erabat zabaldutako toponimoa delako. Akaso, egungo euskeraren arbasoa Europa mendebaldetik zabaldua zegoen garaiko oihartzuna dugu, Theo Vennemann hizkuntzalari alemaniarrak dioen hizkuntza baskonikoen garaikoa. Edo Felix Zubiagak dioen moduan, beste herri askori geuk doan eman diogun izena, geure herriari ukatzea ez litzateke oso egokia izango.

Arrazoi horien guztiengatik, -land(a) atzizki hori, gure uste apalean, country baino egokiagoa da, alegia. Hobe genuke Euskal Herria ingelesez aipatzerakoan Basqueland hitza erabiltzea Basque Country alde batean utzita.

Recherche