Mario Zubiaga
Durangon konfinatuta

Birusaren osteko aberria

Nazio sentimendu guztiak barne hartzen dituen aberri zabal eta abegikorraren eguna ospatuko dut, espainiar sentitzen direnekin edo Senegal bihotzean beti eramango duten euskal herritarrekin bat eginik

Elkarlana eta gatazka dira, aldi berean, komunitate politiko ororen biziraupena ziurtatzeko ezinbesteko logikak. Garenari eusteko eta izan nahi dugun horri atea zabaltzeko beharrezkoak ditugun jarrera biak. Taldekide sentiarazten gaituen kooperaziorako sena eta interesen edo egitasmoen arteko liskarrek erakusten duten grina. Eskubide berrien sorrerak behar duen bultzada arautu gabea eta eskubideen egikaritza lasaiak eskatzen duen berme arautua, gehiengo zabalen kontsentsuan oinarritzen dena. Finean, demokratizazioaren motorra inoiz gera ez dadin, erakundearen eta ekintza kolektiboaren arteko dialektika etengabea.

Bi logika horien arteko oreka abagunearen araberakoa da, noski. Batzuetan kontsentsua gailentzen zaio gatazkari, besteetan, aldiz, liskarrak hartzen du aurrea. Bizi dugun egoeran pentsa genezakeen politikaren lege aski arrun bat beteko zela gurean: ustekabeko krisi bati arrakastaz aurre egiteko unean, komunitate politikoek barne adostasun ahalik eta zabalena bilatu ohi dute.

Alabaina, erantzun teorikoaz harago, krisien kudeaketari heltzeko unean sistema politikoak bizi duen egoerak baldintzatuko du erantzunaren izaera. Sistemaren egoera erlatiboki egonkorra bada edota lidergo politikoa ezbaian ez badago, orduan eta modu adostuagoan emango zaio erantzuna krisiari. Aldiz, ustekabeko krisia datorren unean sistema politikoaren legitimitatea ezbaian badago, edo bere oinarriak finkoak ez badira, aurreko egoeran indarrean zeuden logika polarizatzaileak berretsi eta sendotu egin daitezke.

Izan ere, politikaren beste lege ezagun baten arabera, polarizazioa izaten da aldaketa garaietako ezaugarria eta pizgarria, aldi berean, paradigma berrien kausa eta ondorioa: muturreko posizioen urruntze bizkorra eta ordura arte kontsentsu posizioetan zeuden eragile eta diskurtsoen krisia, desagertzea, edo, kasurik hoberenean, erradikalizatze prozesuaz ari gara. Aldaketarekin batera baitator zirt edo zart egin beharra, erdibidean geratu ezina.

Ezin esan genezake euskal sistema politikoan legitimitate krisi sakona bizi genuenik birusaren etorreraren aurretik. Alabaina, era berean, argi dago ETAren amaierak ekarritako aldaketa sistemikoa ez dela oraindik orain erabat liseritu. Azken berrogei urteotako euskal politikagintza paradigmaren krisiak polarizazio-kontsentsu logiken arteko orekan eta, halabeharrez, honen inguruko eztabaidan eragin zuzena izan du: “Lizarra/Maltzaga” ereduaren azken aukera ala barne kontrabotereari ekitea? Aliantza abertzalea lehenetsi edo ezkerrekoa? Gehiengo instituzionala hobetsi ala gizarte giharra indartu? Txuri-beltzean aurkeztuz gero, eztabaida hauek, neurri batean, ulermen marko zaharrean kokatuta daude. Biziko dugun egoerara egokitu nahi badugu, gure aldaketa sistemiko “txiki” hau, aldaketa sistemiko globalaren baitan ulertu beharko genuke: demokrazia bera, gizateriaren biziraupen duina eta herrien erabakimena jokoan dituen aldaketa sistemikoaren baitan, alegia. Horregatik, krisi global honek gure eztabaida eta analisi estrategikoaren markoa zabaltzea eskatzen du: biak beharrezkoak izanik, barne lehiaren eta herri ikuspegiaren arteko oreka ondo neurtu beharko da aurrerantzean.

Gauzak horrela, birusaren aurretik gurean hasita zegoen paradigma aldaketan sakonago murgilduko gara ziurrenik. Datozen hilabete eta akaso urteetan biziko dugun krisiak kudeaketa eredu berria eskatuko du, dena delakoa izanda ere agintean dagoen alderdia: politika publiko lotesleak erabakitzeko izapidean, erakunde, alderdi, eragile eta herritarrak lankidetzan jarriko dituen eredu politiko demokratikoagoa, batetik, eta euskal herritar guztion bizitza duina ziurtatuko duen eredu sozioekonomiko bidezkoagoa, bestetik. Biek ala biek “banaketa” eskatuko dute, lehenak, agintearena, bigarrenak, errentarena. Hirugarrenik, bizitza duin hori ziurtatzeko erabakimena, zaintzara bideratuta dauden politika publikoak guk geuk erabakitzeko gaitasun osoa bermatzea ere ezinbestekoa izango da aurrerantzean: think global, act local. Alegia, orain galduta dugun autogobernua berreskuratzea, bermatzea eta berau libreki garatzeko tresna guztiak gure eskuetan egotea.

Eta abagune bitxi honetan heldu zaigu urteroko zita: aberri eguna. Gure gizarte hedonista laikoan, hau ere, krisian. Aberria egun batez ospatzea, Estatu bat duzunean aberri horren zerbitzura, harropuzkeria susmagarria da, eta Estaturik ez duzunean, berriz,  keinu antzu eta marmartia. Aurtengo aberri eguna aipatu dugun paradigma aldaketa horren aldarrikapenerako baliatu beharko genuke, ospakizun zaharra biziberrituz.

Oraingo honetan, balkoia edo leihoa –klase arrakala–, ez da soilik omenaldi sinbolikorako lekua izango. Omenaldiak eta salaketak iturri beretik datozen urak izaten baitira maiz, eta hemen denok ari gara egokitu zaigun lana ahalik eta modu txukunenean burutzen: Saltokietako langileak izan edo ospitalekoak, irakasleak edo kazetariak, zahar etxeetako zaintzaileak, pizza banatzaileak edo alkateak… Igandean balkoira irtetzeko arrazoia ez dago lanbide jakin bati lotuta, komunitate oso batek erakutsi duen heldutasunari eta kemenari baizik. Liskarrak liskar, gerra zibiletik hona herri honek bizi izan duen egoera gogorrenari eman zaion erantzun kolektiboaz harro gaudela erakusteko unea izango da igandekoa. Eta baita ere etorkizun laburrean eraiki nahi dugun aberri partekatu hori begiztatzeko eguna, kontsentsu berrira heltzeko oraindik ere beharrezkoak izango diren gatazkak aintzat hartuta, noski.

Nirea ez da euskal patronalaren aberria. Nirea ez da euskal langileriaren aberria, ezta ere euskaldunena edo abertzaleena. Nirea ez da alderdien aberria, eta ez da herrigintzan ari diren militante adoretsuen aberria. Nirea, horien guztien aberria da, euskal herritar guztiena. Bere orainaren eta etorkizunaren jabe den euskal herriaren eguna ospatuko dut igandean. Barnera begira, letra xehez idazten den herriaren eguna, partekatzen dugun elkartasunaren orubean gatazkari muzin egiten ez dion herria, horixe baita –Makiabelok dixit–, askatasunaren iturria. Eta kanpora begira, letra larriz, beste herrien artean nor eta aske izan nahi duen herria, inor baino gehiago, ezta gutxiago ere ez den herria. Nazio sentimendu guztiak barne hartzen dituen aberri zabal eta abegikorraren eguna ospatuko dut, espainiar sentitzen direnekin edo Senegal bihotzean beti eramango duten euskal herritarrekin bat eginik. Eta, ez diot aurreko balkoian bizi den auzokideari bere pentsamoldeaz edo nongoa sentitzen denaz galdetuko, euskal herritar gisa egingo diot dei eguna elkarrekin ospatzeko. Herri honen nortasuna ardazten duen hizkuntzan abestuz, bizirik gaudela eta elkarrekin duintasunez eta erabakimen osoz bizi nahi dugula aldarrikatuko dut. Izan nahi duena oraindik ez den aberriaren izenean, behingoagatik, eta behingoz bada ere, ozen eta batera. Birusaren ondoko aberria, atzean utzi duguna baino demokratikoagoa, bidezkoagoa, eta burujabeagoa izan dadin.

Recherche