Desdolarizazioa
Munduko ekonomia tenkatzen ari den testuinguruan, non merkataritza, teknologia eta ekoizpen gerrak pizten ari diren, Donald Trump hautagaiak mehatxua egin du desdolarizatu nahi diren herrialdeei muga-zergak biderkatzeko, dolar estatubatuarrak nazioarteko merkataritzan duen hegemoniari eusteko asmoz. Historia hurbilean ezarritako zigor finantzarioen zerrendari gehitzen zaion mehatxua da.
Dolarrarekiko dependentzia murriztean datza desdolarizazioa, merkataritza eta finantza transakzioetan batez ere. Prozesu hori, besteak beste, BRICSeko herrialdeek bultzatu zuten (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika 2010ean, gehi Egipto, Iran, Arabiar Emirerri Batuak eta Etiopia 2024aren hasieran, eta beste 17 bat herrialdek ere sarrera eskatu dute). 1944an Bretton Woods-eko konferentzian sortu zenaren pareko finantza-arkitektura eraikitzen saiatzen ari da gobernuen arteko erakunde hori. Konferentzia horrek dolarraren nagusitasuna zimentatu zuen erreserba globaleko moneta gisa, hasieran dolar-urre patroiarekin –1971ra arte iraun zuena–, eta gaur egungo finantza sistemaren zutabe izaten jarraitzen du, NDFarekin, Munduko Bankuarekin eta G-7 taldearekin batera.
Dolar estatubatuarrak erreserba globaleko dibisa gisa duen nagusitasunak hainbat abantaila garrantzitsu eman dizkie Estatu Batuei. Dolarraren etengabeko eskariari esker, AEBek dolar gehiago inprima ditzakete, txanpona drastikoki debaluatu gabe. Gainera, nazioarteko inbertitzaileek AEBetako bonu publikoak munduko inbertsiorik seguruenetako bat bezala hartzen dituzte, eta horrek gobernu estatubatuarrari interes tasa baxuagoetan dirua maileguak eskatzeko aukera ematen dio.
Beste onura bat da AEBek merkataritza defizit handiagoei eutsi diezaioketela. Esportatzen dutena baino gehiago inportatzeak presioa egiten dio herrialdeko monetari, debaluaraziz. Hala ere, dolarra mundu mailan hainbeste eskatzen denez, debaluazio presioa apaldu egiten da. Hau da, beste herrialde batzuek dolarrak erreserban mantentzen dituzte, eta horrek aukera ematen die AEBei beren inportazioak finantzatzeko, beren monetaren balioan beherakada nabarmenik ikusi gabe. Dolarrarekiko konfiantza globala dela eta, AEBek egonkortasun handiagoa dute barne ekonomian, eta horrek epe luzerako plangintza eta hazkunde ekonomikoa errazten ditu.
AEBek dolarraren nagusitasuna eragin geopolitikorako tresna gisa ere erabili ohi dute. Nazioarteko transakzio gehienak dolarretan egiten direnez, AEBetako finantza sistemak merkataritza globalaren zati handi baten kontrola du. Horrek aukera ematen dio mehatxu gisa hartzen dituen herrialde edo aktoreei zigor ekonomikoak ezartzeko. Adibidez, SWIFT sistemaren bidez herrialde batzuk banku sistema globalera sarrera blokeatuz, Iranekin eta berriki Errusiarekin gertatu den bezala.
Gita Gopinath-ek eta Jeremy C. Stein-ek 2021ean argitaratutako “Banking, trade, and the making of a dominant” bezalako ikerketek epe ertainean dolarraren nagusitasuna mantendu egingo dela ondorioztatzen dute. Egia da dolarrak munduko erreserbetan duen pisua %70etik %58ra jaitsi dela mendearen hasieran, eta dibisa ez tradizionalek %2tik %12ra igo dutela beren pisua (dolar australiarra, dolar kanadarra, renminbi txinatarra, won hegokorearra, dolar singapurtarra eta moneta nordikoak). Hala ere, dolarrak dibisen merkatuko eragiketa guztien %88an parte hartzen du. Eta munduko ondasun eta zerbitzuen merkataritzan fakturazio moneta nagusia da: Amerikako merkataritzan %96 biltzen du, %74 Asia-Pazifikoan eta %79 munduko gainerako herrialdeetan; salbuespen bakarra Europa da, euroa baita nagusi bertan. Baina, epe luzean, «dolarra munduko jokalekuan oso neurri esanguratsuan erori liteke, XX. mendearen hasieran Erresuma Batuko libera esterlinak egin zuen bezala». Izan ere, euren ereduaren arabera, «aldaketa tamainaz nahiko dramatikoa izan daiteke».
Desdolarizazio prozesua ez da dolarrak erabiltzeari uztea bezain erraza. Beste dibisa alternatibo batzuetan transakzioak eta fluxuak sostengatuko dituen finantza-arkitektura behar baitu, hala nola konpentsazio kamerak, likideziako swapp lineak, mezularitza sistemak... BRICS taldearen altzoan arkitektura osagarri hori pixkanaka eraikitzen ari da, Bretton Woods-en sistema imitatuz, baina printzipio desberdinak erabiliz. Garapen Banku Berriaren (NBD) sorrera da adibide garrantzitsu bat. Garapen bidean dauden ekonomietan azpiegitura proiektuak finantzatzen ditu, eta Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren alternatiba izan nahi du.
Beste urrats bat, bere kideen arteko transakzio komertzialetarako dibisa komun berri bat sortzeko proposamena izan da, lehengaiz babestutako dibisa-saski batez osatuta egongo litzatekeenez J.M. Keynes-en “Bancor” proposamenaren antz handiagoa duena. Ideia hori oraindik azterketa fasean dagoen arren, bere ezarpenak nabarmen alda lezake egoera ekonomiko globala, batez ere kideen pisu ekonomikoa kontuan hartzen bada (oraingo 9 herrialdeak bakarrik munduko BPGaren %28 dira eta munduko ekoizpenaren %33,6 izango dira 2028an, G-7aren %27arekin alderatuta).
Gainera, BRICSek SWIFT finantza komunikazioko sareari ordezko sistemak garatzeko asmoa du. Moskuk eta Pekinek mugaz gaindiko ordainketa sistema propioak bultzatu nahi izan dituzte, zigorrak saihesteko eta euren dibisen erabilera sustatzeko. Oro har, urrats horiek agerian uzten dute blokeak asmoa duela AEBek finantza-arkitektura globalean duten eragina murrizteko eta bere ekonomiak Washingtonen presio politikoetatik babestuko dituzten mekanismoak sortzeko.
Muga-zergak disuasio tresna gisa erabiltzeko Trumpen estrategiak ez dirudi oso eraginkorra epe luzera. Paul Krugman Nobel saridunaren ustez, «zigor zergak ohiko tresna politiko bihurtzeak sakon eragingo luke Estatu Batuen finantza ospea suntsitzean». Desdolarizazio prozesua ez da neurri protekzionistekin edo zigorrekin neutralizatu daitekeen mehatxua, funtsean botere globalaren egituran aldaketa sakonago baten sintoma baita.