Desirak eta nahiak
Gure eguneroko hizkera arruntean desira kontzeptua gutxi erabiltzen dugu eta nahiak nagusitzen dira; aitzitik, batzuetan ez al dira nahietan ezkutaturiko (mozorroturiko) desirak?
Gizakiak etengabe gabiltza hau nahi izaten edota hura desiratzen. Are gehiago, ausardiaz esango nuke batzuetan gizakiak giltzapeturik gaudela ez dugun horretan pentsatzen, ez garen horretan gure indarrak xahutzen. Nerabe ilehori eta begiurdinak ile beltz eta begi berdeak nahi ditu; Nike Airforce zapatillak erostea lortu duenak azken puntako Vans modeloa nahi du orain, eta Medikuntza atzerrian ikasteko aukera duenak Filosofia ikasi nahi du eta ez daki nola esan.
Zalantzarik gabe, geure buruari eta, gizarte gaixotu honi berari, galdetu beharko genioke zergatik daukagun begirada ez dugun edo ez garen horretan. Hala ere, nik hemen nahiaren eta desiraren izaeraz galdekatuko dut gaurkoan: gauza bera al da zerbait desiratzea eta nahi izatea? Zein da, bestela, ezberdintasuna? Nahi gehiago al ditugu desirak baino? Nahiak gureak dira (indibidualak) ala gizartearenak?... Galdera horien inguruan jirabiran aritu ginen duela bizpahiru aste Filosofiako hainbat irakasle Pentsatu 2022 jaialdian. Bada, etxera eraman nituen zalantza horiek eta hona, zuengana, ere ekarri nahi izan ditut.
Esango nuke, oro har nahiak eta desirak une honetan ez dugun baina noizbait izatea nahiko genukeen zerbaiten esperoa adierazteko erabiltzen ditugula biak. Hala ere, intuizioz ezberdintasunen bat badutela iruditzen zait: nahiak lorgarriagoak dira epe motzera, desirak, ordea, urrutiago ikusten ditugu, epe luzera lortzekoak agian edota ezinezkoak kasu batzuetan. Haatik, lagun min batek, nire ikuspegiarekiko desadostasuna adieraziz, zoriontasunaren adibidea jarri zidan, esanez, berak «zoriontsu izan nahi duela» ez duela desiratzen; beraz, nahiak lorgarriagoak diren ideia baztertu zuen horrekin. Hor, hasteko behintzat, nire ustez ikusi behar da nola ulertzen duen hark (norberak) zoriontasuna. Izan ere, esaterako, zoriontasuna hedonismotik ulertuta eta, beraz, epe laburreko plazerekin, hots, bizitzan une eder, alai eta pozgarriak pilatzearekin ulertzen bada, orduan zoriontasuna nahi bat izan liteke, bai. Gakoa, beraz, zoriontasunaren ulerkeran dagoela iruditzen zait kasu horretan, horren arabera erabiliko baita «nahi izan» edo «desiratu».
Halaber, elkarrizketarekin jarraitzeko desira sexual-afektiboez galdetu zidan, orduan. Izan ere, bere aburuz desira sexual-afektiboak epe laburrean lorgarriak dira, baina desirak izaten jarraitzen dute; hortaz, ideia honek ez luke bat egingo nik arestian emandako definizio xumearekin, ezta bien artean eginiko bereizketarekin ere. Ados nago zerbaitekin: ez ditugu pertsonak nahi, pertsonak desiratu egiten ditugu eta, egia da, oro har desira mota horiek asetzea azkarra eta erraza izaten dela. Alabaina, nik komenigarria ikusten dut «desira» kontzeptuaren erabilera zehaztea. Nire irudipena da, desira kontzeptuak bi erabilera edo adiera dituela; bata, orain arte azaldu dudana, hots, guk ez dugun baina, epe luzera bada ere, lortzea espero dugun hori adierazteko eta, bestea, pertsona batekiko sentitzen dugun bulkada sexuala adierazteko; hau da, funtsean, atrakzio sexual-afektiboari erreferitzeko. Nire irudipena da, laguna desiraren bigarren adieraz ari zela eta azken batean, pertsona hau edo bestea desiratzen dugula diogunean, gure grina sexual horri modu eder eta sexy batean adierazteko dela. Dena den, bigarren adiera horrek ez du ukatzen neuk nahia eta desira ulertzeko zein bereizteko eman dudan ikuspegia… ala bai?
Edonola ere, agian hizkera kontu bat ere egon daiteke hor eta, hizkeraren atzean, gizarte mota jakin baten isla. Gure eguneroko hizkera arruntean desira kontzeptua gutxi erabiltzen dugu, eta nahiak nagusitzen dira; aitzitik, batzuetan ez al dira nahietan ezkutaturiko (mozorroturiko) desirak? Nahiak erabiltzen ditugu, agian, noizbehinka bada ere, desirak adierazteko. Bizi dugun gizarte kapitalista eta teknologiko honetan, balioa ematen zaie objektuei eta bat-batekotasunari: gauzak nahi ditugu eta azkar gainera. Nerabe gazteei nahiez edo desirez galdetuz gero, hasiera batean behintzat, gehiengoak objektu materialen zerrenda luzea egingo dizu, baina denbora apur bat eskainiz gero, orduan hortxe irteten dira denok barnean iltzaturik dauzkagun kezkak eta desirak, denborarekin, geure burua ezagutuz, geure ingurukoak baloratuz baina haiei beharrezko mugak jarriz, eta geure bizitza nahi dugun bide hartatik bideratuz, agian lor daitezkeen horiek; bat-batekotasunik gabe, denboraren joanean nabigatuz.