Itziar Aizpurua Egaña
Ezker abertzaleko militantea

EPPKren inguruko gogoeta

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, EPPK-k, hilaren 11n Euskal Herriko herritar orori ahalbideratu digun agiria irakurri dugunoi zirrara eragin ez bada ere, badut itxaropena hunkitu behintzat hunkituko gintuela. Euskal presoek bizi duten egoera egunetik egunera okerrera egiten ari den berri haien senideengandik edo  presoengandik zuzenean jasotzen dugu nahi dugun orok, eta egoera jasanezina bihurtzen ari dela ondo dakigu. Beraz, hainbat kide buru bihotzean ditudala, gaur azpimarra jartzen diot bereziki emakumezko euskal preso politikoen egoerari: askotxo dira bakartuta bizi direnak kartzeletan, hau da, bakarrik!

Espainia zein Frantziako egiturazko matxismoa ederki asko aplikatzen dute kartzeletako agintariek. Kopuruz emakumeak gizonezkoak baino gutxiago direnez, badituzte emakumezko euskal preso politiko adina kartzela zigor berezia jasan dezaten, borrokalariak eta emakumeak direlako. Zigor bikoitza! Bi deabru pertsona berean, edo? Alajaina! Kiderik gabe, askotan haurrak urrun, etxekoen edo lagunen eskuetan, besteetan senarra edo maite dituztenak ere oso urrun, eta horri guztiari aurre egiteko bakarrik…

Betidaniko etsaiek beren senean krudelkeria daramatela esango nuke, baina era berean matxista arlote ere badira, eskura duten zigor errazena emakumeei aplikatuz, horrekin birrindu ez bada apaldu egingo dituztelakoan?

Ez gaituzte ezagutzen, eta are gutxiago kartzeletan ziegako isiltasunean, bakardade itzelean dagoen euskal emakume politikoa! Irmo eta sendoa, bera!

Sakabanaketa politika lege bihurtu zutenek, PSOEk eta PNVk, PPren gozamenerako, ezin dute esan, ezta beste inork ere, zigor erantsi ikaragarria ez denik, lehenik preso dagoenentzat, baina baita etxekoentzat  eta maite dituztenentzat ere. Eta honi atxiki beharra daukat, abertzale eta ezkertiar zein demokrata sentitzen garen hainbatentzat ere bai, gure sen politikoa urraturik baino apurturik geratzen baita honelako egoeren aurrean.

Samina sortzeko aproproseko iturburua dute eskuetan sakabanaketarekin, diru-trukeko salerosgaien antzera darabiltzate euskal preso politikoak kartzela batetik bestera, nolaz samin handiagoa sortzeko eraginetan. Egoera politikoa nolakoa, zigor-erantzuna halakoa. Eta norbaitek oraindik zalantzan jarriko du euskal preso politikoen politikotasun izaera!… Zein ikuspuntutik? Abertzaletasunetik? Ezkerreko baloreetatik? Demokraziaren ikuspegitik?

Bada, nire iritziz, oraintxe bertan, hil honen 11n, irakasgai ederra eman digute hasieran aipatzen dudan agirian; GARAk jaso zuena, bestalde.

Jakinda zein egoeretan dauden, animatzen gaituzte bestelako mundu bat eta bestelako Euskal Herria ahal dela lortu elkarlanean, borrokaren aldi berri honetan independentzia eta sozialismoa lortzeko bidean.

Gainera, beren militantzia politikoa burutzeko inoiz baino oztopo gehiago jartzen dieten unean, prest daude, eta ilusioz beterik, prozesu politikoari nolaz lagun dakiokeen kezkaturik. Honek guztiak ondorio hauetara narama abertzale-ezkertiar gisa:

1. Edozein erako sakabanaketak ez digu mesederik egiten eta bai kalte handiak ekartzen ireki den prozesu berria tinkotasun eta sendotasunez burutu nahi badugu. Batasuna tresna indartsuena da beti, eta une zailetan zer esanik ez.

2. Euskal Preso Politikoen Kolektiboa kartzeletan dauden preso politikoen ahotsa izan denez beti, ezinbestekoa dugu laguntza ematea hain larriki bizi diren unean kolektibotasuna garatu ahal izateko, bizirik jarraitzeko, alegia.

Etsaiak garbi dauka, PPk eta PSOEk ere bai –kanpoan badirudi ez dugula hain garbi– presoei beren izaera politikoa betirako kendu edo lapurtuta, beste edozein presoren parekoak izango direla, baina ez preso politikoak. Helburu horren atzetik datozkie sakabanaketa, lege bereziak, trabak eta zigorrak: inoiz elkar ez daitezen euskal militante gisa.

Kolektibotasuna preso politikoak leku naturala du bere helburuen eztabaidarako eta pertsona politiko legez garatzeko. Eta Euskal Herria aberastuko luke ireki den ibilbide berriaren prozesua, euskal preso politikoen parte hartzearekin.

EPPK erreferentzia nagusienetakoa izan da gizartean, baita gaur egun ere, independentzia eta sozialismoa lortze aldera egin beharreko ibilbidean, zalantzarik gabe. Euskal Herrian normalkuntzara helduko gara preso, atzerriratu eta iheslari guztiak etxeratu eta bizitza duina egiten dutenean, Euskal Herriaren oroimen kolektiboaren irakurketa zintzoaren baitan.

3. Ibilbide luze honetan, epe motz edota laburreko gune askeak edo erdi askeak behar ditugu, lehen bezala orain ere. Denetan nagusiena, nire ustez, sakabanaketarekin apurtzea da, eta salbuespen legedi guztiak bertan behera uztea, alegia. Gure esku dago!

«2013an kolektiboak ontzat emandako ildoa nola erabili izango da gakoa» diote agirian. Eta herritar, eragile sozial eta instituzionalen adostasun eta inplikazioa eskatzen digute.

Zintzotasun osoz, eta bihotza bero baino burua hotz, hauxe diot: eman diezaiegun laguntza guztia, jakinda ez dela inoiz nahikoa izango, merezi eta behar dutena ikusita.

Beraz, hemen aurreko hiru puntuetan aipatutakoa lortu ahal izateko, Estatuarekin konfrontaziorik gabe ezinezko dela garbi daukat.

Ez dakit hitz honi beldurra diogun, edota ez garen gai jende orori ikusarazteko bakoitzak ahal duena emanaz lortuko dugula gune askeetatik Askatasun osora heltzea.

Niretzat independentzia eta sozialismorako bidea da Herri honi Askatasun osoa ekar dakiokeena. Baina, Askatasuna urrun samar jartzen dudala esan dezake irakurleak, beraz, hortxe dauzkagu oraintxe bertan hiru lurraldeetako hauteskundeak.

Eta, euskal preso politikoak buru-bihotzean ditugula, horien eskaera kontuan izanik, gure botoa Euskal Herria Bilduri eman diezaiogun ate berri bat zabaltze aldera, behingoz sakabanaketa eta salbuespen legediak, behinik behin, bertan behera utz ditzaten.

Hala bedi!

Recherche