Koldo Urrutia
Euskeraren Jatorria Elkartea

Ertzaintza eta Iruña-Veleia

Iruña-Veleiako grafitoek dagoeneko gauza gehiegi aldatu dituzte: euskeraren egonkortasun maila handiagoa frogatu dute, Mitxelenaren artikuluaren teoria deuseztatu dute, Euskal Herriko latin arrunta ezagutzera eman digute, euskalduntze berantiarren teoria hankaz gora jarri dute, kristautze prozesua aurreratu dute ia Erromakoaren aldi berera...

Gauza gehiegi hemengo establishment unibertsitarioarentzat eta Vatikanoarentzat. Horregatik, grafitoen sekulako altxor hori lurperatzeko asmoz, hemengo kastak orain zortzi urte faltsukeriaren bertsio ofiziala asmatu zuen.

Bertsio ofizial horretan oinarrituta, Arabako Foru Aldundiak Eliseo Gil eta Lurmen kanporatu zituen eta haien lekuan kanporatzen lagundu ziotenak jarri zituen: EHUko Arkeologia Saila, Euskal Filologia Sailaren laguntzarekin. Sei urte pasatu dira eta erakutsi duten gauza bakarra aldare baten oinarria izan da.

Horrez gain sektore oso bat hondeamakinaz hondatu zuten antzeko grafitorik ager ez zitezen… Eta orain, abenduan, Nuñez, Azkarate eta EHUko Arkeologia Sailaren beste batzuek beste ingurune oso aberatsa suntsitu dute: Errosetoien etxearen albo bat, hainbat grafito, batzuk euskeraz, topatu zituzten lekuaren ondoan. Hormak eta bertako estratigrafia guztiak suntsitu dituzte beste hondeamakina batez. Hori guzti hori Ramiro Gonzalez Diputatu Nagusiaren onarpenarekin eta EHUko Iñaki Goirizelaiaren onespenarekin.

Faltsukeriaren bertsio ofiziala ez da berdina izan 8 urte hauetan eta adabakiak jartzen joan izan dira denboran zehar, ahalik eta sinesgarritasun gehien emateko:

Hasierako filtrazioak. Herritarrak faltsukeriaren alde kokatzeko, prentsan eta interneten izenik gabeko filtrazioak egon ziren. Horietan hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik grafitoak faltsuak zirela aipatzen zuten, arkeologia erabat baztertuta.

Descartes eta osagai modernoa. Geroago, 2008ko azaroaren 19an, ostrakak faltsuak zirela ebatzi zuten gehien bat EHUko Letren Fakultateko irakaslez osatutako Adituen Batzordeak eta Arabako Foru Aldundiak,  besteak beste Descartes agertzen zelako eta osagai moderno bat aurkitu omen zutelako.

Eliseo Gilek hurrengo egunean bi datu horiek gezurtatu zituen. Batetik Descartes ez zela agertzen, Miscart baizik eta bi hilabete geroago, argazkiak publiko egin zirenean, arrazoi zuela ikusi genuen. Bestetik osagai moderno hori apurtutako zeramika zatiak itsasteko kolarena zela erantzun zion Juan Manuel Madariaga EHUko irakasleari. Ez zekien, antza, zeramika zatiak apurtuta agertzen direla indusketatan eta itsatsi egin behar izaten direla.

Txosten grafologikoa. Geroago, Descartes eta osagai modernoarena pikutara joan zitzaienez bi egunkarietan filtratutako artikuluen bidez grafitoak faltsuak zirela frogatzen saiatu ziren, zeramika aztertzeko balio ez duen grafologia txosten batek zioelako. Orain Ertzaintzaren arabera, grafologiaren txostenak ez du ezertarako balio. Hau haiek inpartzialak direla erakusteko egin dute, epaileak txosten hori errefusatu egingo zuela bazekitelako. Baina ez dira inpartzialak, ez.

San Juan komentua. EHUko Arkeologia Sailak Lurmenek baino hobeto egiten duela lan irudikatzeko, orain dela 3 urte San Juan komentuaren aztarnak aurkitu zituztela baieztatu ziguten egunkari guztietan orrialde osoak betetzen zuten bertsio ofizialaren aldekoen albisteek. Gezurra zen, orain 300 urte jadanik kokapena ezaguna zelako.

Instituto de Patrimonio Cultural Españoleko Navarroren txostena. Orain bi urte bertsio ofiziala indartzeko adabaki berri batekin etorri zitzaizkigun: ostrakak faltsuak zirela osagai moderno gehiago aurkitu zituelako Ertzaintzak gomendatutako Madrileko laborategi bateko ikerle bakar batek: Navarro jaunak. Gero, txostena irakurrita, ikusi genuen osagai moderno horiek azaletan agertzen zirela, ez idazkien barrunbeetan. Beraz, Navarrok hauxe frogatu zuen: ostrakak txarrantxa “modernoez” garbitzen direla!

Ertzaintzaren txostena. Beste filtrazio baten bidez, El Correok bertsio ofizialaren azken adabakia jakinarazi digu: Ertzaintzarentzat ostrakak faltsuak dira. Baina, txostena irakurrita, ez digute azaltzen zergatik, nola eta noiz egin ziren eta ez dute froga bat ere eman. Polizi ikerketa lana egin beharrean (froga zientifikoak…), eleberria dirudien txostena egin dute. Eta duten “froga” bakarra orain bi urte haiek gomendatutako Madrileko Instituto de Patrimonio Cultural Españolek egindako zeramiken gainazalen azterketa izan da, Madariagak egin zituen analitiken 2. bertsioa dirudiena.

Hain zuzen ere orain, faltsutzat emandako testu gehienak antzeko indusketetako testuen datu baseetan agertzen direla ikusi dugunean.

Hain zuzen ere orain, Edward Harrisek, arkeologia modernoaren sortzaileak, frogarik gabe arkeologoak horrela inputatzea eta auditoriak eta datazioak egin gabe egotea, munduan beste kasurik ez duela ezagutzen esan digunean.

Hain zuzen ere orain, altxor bat dugula dakigunean Euskera-Veleiako 400 grafito horiei esker euskeraren errekorra 8 mende aurreratu duelako Hegoaldean: Donemiliagako (San Millan de la Cogolla) XI. mendeko 6  hitzetatik Iruña-Veleiako III., IV. eta V. mendeetako euskerazko 70 hitzetara.

Bitartean, noski, Eliseo Gilek eskatu zituen 100 grafitoen datazioek eta kata kontrolatuek, 8 urte eta gero, egin gabe jarraitzen dute. Izan ere, datazioak egingo balituzte, ondotxo dakitenez, egiazkoak direla erabat frogatuko litzateke. EHUk 6 urte hauetan 1.700.000 euro baino gehiago kobratu du eta harresian “zementuzko” bloke batzuk jarri eta aldare baten oina baino ez digute erakutsi!

Aski da! Itzul dadila zientzia Iruña-Veleiara eta dauden interes ekonomiko, akademiko eta vatikanistek ospa egin dezatela. Izan ere, hemen gezurrezkoa den gauza bakarra… haien bertsio ofiziala da!

Recherche