Jose Luis Erdozia Mauleon
Euskal Filologian doktore eta Geografia eta Historian lizentziaduna

… et domuimus vascones!

Horrela luzaroan jarraituz gero, museo baten atarian emanen ditu bere atzeneko aztalkak eusk(o)erak eta berarekin herri izaerak. Eta hantxe, museoan, iraunen du irautekotan. Badirudi horixe baino ez dela euskaldunon patua.

Bazen behin, lurra ia erabat izoztua zenean, herri bat oso zaharra. Horren zaharra zen, inork ez zekiela noiz izan zen sortua, hitzik ere ez baitzuten egiten oraindik orduan. Esaten zuten bere kabuz sortu zela, sortzaileak ere ohartu gabe. Soinuz edo hitzez ingurua izendatzeari ekin eta beranduago konturatu ziren herria zirela, pentsamenduak eta sinesmenak beraien artean partekatzean eta oinarrizko antolakuntza adierazteko “herri” hitza asmatu zutenean. Eta horrela jarraitu zuten mendeetan, elkarrekin komunikatzeko gero eta handiagoa zen hitz bildumak herrikide bihurtzen zituela baliatuz.

Lurra epeltzen hasi zenean, bizitokia txiki gelditu nonbait, eta haietako askok herriaren eremua utzi zuen beste leku batzuetara joateko. Zenbait tresna eta herri zaharraren hitz egiteko era eraman zuten beraiekin eta inguru berriei ere izenak jarri zizkieten.

Herri zaharrak betiko tokian jarraitu zuen hitzak sortzen belaunaldiak pasa ahala, trebetasun eta sinesmen berrien egoeretara egokituz.

Ehunka urte beranduago hasi ziren hitz egiteko era ezberdinetako beste herri batzuk agertzen herri zaharraren eremuetan. Orduan konturatu ziren ez zirela bakarrak eta, gauzak behar-beharrezko direnean egiten den bezala, zehaztasunera joaz, eurenari izen nagusia jarri zioten, Basoko herria, basoa baitzen haien eremurik zabalena.

Bisitarietako batzuek denbora gutxi egin zuten herri zaharraren eremuan eta beste batzuek gehiago. Batzuekin harreman erraza izan zuten, berdinekoen artekoa, eta zailagoa aldiz, jakina, menderatu nahi zituztenekin. Bisitari guztiek erakutsi zizkieten tresna, ekai eta ohitura berriak herri zaharrekoei eta hauek euren hitz bilduma handitu zuten. Hala ere, herri izaten jarraitu zuten. Azkenekotariko bisitari guztiek, hitz egiteaz gain, idatzi ere egiten zituzten beren hitzak, baita zenbaitek herri zaharraren batzuk ere. Herri zaharrak, “basko” edo “uasko” jada orduko esaten zutenak, orduan oraindik ez zuen horren beharrik.

Duela hamabosten bat mendeko bisitariak, ordea, behin eta berriz saiatu ziren bas(o)koak menderatzen eta hala utzi zuten idatzirik beren buruzagiek, batak bestearen atzetik, baina bas(o)koek herri izaten jarraitu zuten. Zazpiren bat mende beranduago hasi zitzaizkien bas(o)koei herri bezala irauteko eraso bortitzenak egiten, eta aldameneko herriek mendean hartu zituzten hauen lurrak.

Azken zortzi mendeetako eraso horietan guztietan, gainera, bas(o)koen herrikide zenbait ere izan zen, izan da, menderatzaileen zerbitzura, ganbela mukuru izatearen truke. Bas(o)koen eremuak menderatu dituzte ordutik hona, bai, baina euren hitz egiteko era baliaturik gaur egun arte herri izateari eutsi dio honek, enperadoreen, erregeen, diktadoreen, sasidemokraten eta ganbelakoen asmo gaiztoen gainetik.

Bas(o)koen herriak (vasko, uasko, ausko edo eusko –nahi den bezala–), noiz sortu zen ere ez dakigun herriak, Europako zaharrenak antza, lortu du irautea XXI. mendera arte, aurreko mendeko eraso bortitzenei bere nortasunaren ikurrarekin eutsi dielako etxeko sutondoaren gerizpean, klandestinitatean. Eutsi, nahiz eta honen eremuaren murrizketa etengabea eta nabaria gertatu den, bereziki azken zortzi mendeetako mendekotasun egoerari esker.

Aurreko mendearen amaierako bi hamarkadetan bazirudien indartzeko bidean zela azkenik euskoen hitz egiteko era eta berarekin herri izaera ere, baina, egun, ataka larrian egon daitekeela ematen du. Egia da askok berreskuratu duela eusk(o)era, baina duela zortzi mende bisitari agertu eta honen eremuko jabe egin direnek XXI. mende honetan estrategia aldatu dute. Ganbelako bihurtu dute euskal intelligentsia (intelektualitate bezala autoizendaturikoa) eta honek, egungo masa akritikoa baliaturik, bas(o)koen gizartea “hirikotu” du globalizazioaren eta errealismoaren aitzakian, Sarrionandiak “Bizitzea ez al da oso arriskutsua” azken laneko “otsailak 20” azpiatalean azaltzen duenaren antzera. Indarrean dagoen ideologiak, indar horretan dagoenak, gure gizartea irentsi eta indar erlazioen araberako errealista bihurtu nahi du. Eusko herriaren izateari berari kalte gehien egiten dion hizkeraren erabileraren gutxitzea dakar errealismo honek eta erosotasunean oinarriturik dagoen pragmatismoaren atzaparretan erortzen ari da euskoen herria.

Horrela luzaroan jarraituz gero, museo baten atarian emanen ditu bere atzeneko aztalkak eusk(o)erak eta berarekin herri izaerak. Eta hantxe, museoan, iraunen du irautekotan. Badirudi horixe baino ez dela euskaldunon patua, irautea.

Lozorroan aurkitu duela euskal gizartea zioen lehengo batean kartzelatik aterata Rafa Diezek. “Autonomia eta bakea” aspaldiko leloa zilegia da, jakina, baina lehentxeago aipatzen nuen erosotasunak luzaroan badirau, leloaren lehen zatia bera ere kolokan izanen dugu laster eta, bigarrena, aldiz, XX. mendeko berrogei urteetakoaren jarraipena. Orduan, Madrilen kokatuko dute Eusk(o)eraren Museoa, ganbelako baten zuzendaritzapean. ¡Por fin hemos domesticado a los vascones! irakurri ahal izanen da museoaren ezkaratzean.

Recherche