Rober Gutierrez
Bai Euskarari Elkarteko zuzendaria

Euskararen bidea argitzen

Erronkari heldu nahi diogu, argi dugulako gure esperientzia eta ikaspenak lagungarriak izaten ari direla Euskal Herriko espazioak euskaraz betetzen joateko, eta bide horretan murgilduko direnei bidea argiztatzeko. Prest gaude.

Bai Euskarari Elkartean datozen urteotarako plan estrategikoaren lanketan murgilduta gaude, aurrera begira sendoago posizionatzen lagundu behar diguna, itsasargiek bezala norabidea zehaztuko diguna. Bai Euskarari ziurtagiria kudeatzeko eta bere bideragarritasuna bermatzeko sortu ginen 2007an eta, urte hauetan, gai izan gara nabarmen garatzeko eta aliantza ugari eraikitzeko.

Bai Euskarari Elkartearen xedea da alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko bidean eragitea, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz. Horien artean, Bai Euskarari Ziurtagiria, Enpresarean –enpresa eta profesionalen sarea–, Lansarean lan-ataria, Euskaragileak, Lanabes eta abar luze bat aipa daitezke.

Urte hauetako oztopoei aurre eginez, euskararen bidea argitzen lanean ari gara Bai Euskarari Elkartean, Bai Euskarari komunitatea osatzen duzuen guztiokin elkarlanean. Izpiz izpi, guztion argiak dira beharrezko euskararen etorkizuna gero eta distiratsuagoa izan dadin eta espazioak argitsuak izan daitezen.

Errotondan bueltaka ibiltzetik, bidea aukeratu eta bidegurutzera iritsi ginen, hortik aurrerako bideari ekiteko. Horiek eta bestelako similak erabili izan ditugu aurreko urteotan egoera zertan zen azaltzeko. Erabaki estrategikoak proposatu eta garatu beharraz ere aritu izan gara, etapa berrian murgilduta gaudela azpimarratuz; eroso sentitzeko zoru komuna eraikitzeaz, konplizitatez aritzeaz… jardun izan dugu. Herri honen ongizateaz ari gara: justiziaz, kohesioaz, berdintasunaz, bizikidetzaz, errespetuaz ari gara gure diskurtsoak blaitzen eta garai berrietara egokitzen. Lan munduari estrategikotasuna aitortu zaio, agendan sartu da, EAEko eremu sozioekonomikoan euskararen plan estrategikoa landu da eta laster aurkeztea, onartzea eta aplikatzen hastea espero da. Arlo sozioekonomikoari estrategikotasuna aitortzeaz harago, bidegurutzetik atera eta ekintzen garaia da, neurriak hartzekoa, urratsak egitekoa. Lan-munduan pausoak ematea da euskarak orain duen erronka nagusia, euskara ezagutzen eta erabiltzen duten belaunaldi berriek ere beren lan-jarduera euskaraz garatu ahal izatea ahalbidetu behar baita eta, horretarako, adostasun soziopolitikoa behar da.

Bai Euskarari Elkarteak sorreratik beretik nabarmendu izan du enpresa munduan, eremu sozioekonomikoaren espazioetan oro har, jauzia emateko garaia dela. Euskal Herri osoan. Denok norabide berean, elkarlanean eta ilusioz, gakoetako bat baita administrazioen, enpresen, kontsumitzaileen, sindikatuen, euskalgintzaren, enpresa eta kooperatiba elkarteen ahalegina behar bezala jostea, osagarritasuna bilatuz. Lurralde osoan. Erronkari heldu nahi diogu, argi dugulako gure esperientzia eta ikaspenak lagungarriak izaten ari direla Euskal Herriko espazioak euskaraz betetzen joateko, eta bide horretan murgilduko direnei bidea argiztatzeko. Prest gaude.

Bai Euskarari sarien aurtengo ekitaldian, euskarari eta euskararen unibertsoari argia, energia eta indarra ematen dizkioten bi enpresa eta emakume bat aitortu ditugu (Bordatxo jatetxea, ABB Niessen eta Mertxe Mugika), euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi dugunontzat bide-erakusleak baitira. Errekonozimendua jasotzeak poza ematen du, egindako lanari balioa aitortzen zaiolako. Horretan ados daude aurtengo hiru saridunak. Berritzaileak dira eta bide diferenteak erakutsi dizkigute helmugara iristeko, ez baitago bide bakarra guztiontzat. Seguru nago Bai Euskarari Elkarteak bezala, aurtengo saridunek ere zubiak eraikitzen laguntzen eta euskaraz bizitzeko aukerak sortzen eta eratzen jarraituko dutela aurrerantzean, abentura honetan murgilduko diren guztiei bidea argitzen. Bejondeizuela!

Recherche