Euskararen ibilbideak osasungoan
Eusko Jaurlaritzak 2003ko martxoaren 18an 67/2003 dekretua ebatzi zuen, Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko. Dekretuak euskararen normalizazio prozesua arautu behar duten oinarriak ezarri eta zehaztu zituen, euren esanetan herritarren borondateari jarraituz.
Dekretuak onartzen duenez, Osakidetza, herritarren osasun arreta helburu duelarik, herritarren biziaren alderik pertsonalari lotzen zaio, osasunari, eta honek hurbiltasun animikoa eskatzen du. Pazientearekiko komunikazioa ezinbestekoa da eta, zerbitzuak hobetzeko, osasun arreta ganoraz egiteko, euskaraz izan behar du, pazienteak nahi badu. Osakidetzako Kontseiluak 2005eko maiatzaren 27an Euskara Plana onartu zuen, gure erakundean euskararen erabilera normalizatzeko asmoz. Plan hori «herritar guztien hizkuntza eskubideak babesteko, gure gizarteak adierazitako nahiari eta berariaz eskatutakoari egoki erantzunez» sortu zen.
Gaur egun, zoritxarrez, pazienteen hizkuntza eskubideak ez dira bermatzen. Hiztunak, Osakidetzan, ez daude maila berean, eta eskubideen hierarkia onartzen da.
Euskara Planaren hutsik handienetako bat hauxe da: irizpideak eta lehentasunak jorratzean, unitateak aipatzen dira etengabe. Zatikatu egiten da osasun arreta: lehen mailako arreta, bigarren mailakoa, ospitaleak, osasun zentroak, biztanleen kopurua eta ezaugarriak; eta unitateak dira planaren abiapuntua. Baina kontzeptua guztiz erratuta dago oinarrian, ez doa gakora edo garrantzizkoenera. Ez du ezer konpontzen. Erakundea zatikatzen du, baina pazientea ezin da zatitu, eta Euskara Planak ez du erabiltzailea bere osotasunean kontuan hartzen. Osasun arreta euskaraz eskaintzeko, kontzeptua aldatu behar da, unitateak baztertu behar dira planaren oinarri gisa eta pazientea bera bertan kokatu.
Ibilbideak edo zirkuituak garatu behar dira. Izan ere, pazienteak osasun arretan ibilbide bat egiten du: lehen mailako arretatik bigarren mailara, osasun zentrotik kanpo-kontsultetara edo ospitalera, traumatologoaren kontsultatik errehabilitaziora, etab. Ganorazko osasun arreta eskaini nahi badugu, ez dugu kanpo-kontsultarik sortuko ospitaleko unitaterik gabe; ez dugu lehen mailako arreta sortuko, bigarren mailako arretarik gabe. Euskarazko osasun arretarekin, berdin; hau da, ezin dugu jarri unitate bat edo zentro bat euskaraz eta beste bat aldamenean erdaraz (paziente euskalduna artatu behar badute une diferenteetan), ibilbideak garatu behar dira. Ibilbide hauen helburua erabiltzaileei benetako euskarazko osasun arreta eskaintzea litzateke, osotasunean; hau da, ahoz eta idatziz, lehen eta bigarren mailako arretan, beti ere pazienteen hizkuntza eskubideak eta aldi berean segurtasun klinikoa bermatuz.
Euskararen ibilbideak garatzeko, urratsez urrats baliabideak egokitu behar genituzke, bai giza baliabideak bai baliabide teknikoak. Oinarrizkoa eta ezinbestekoa da lanean darabiltzagun aplikazio informatikoak euskaraz edukitzea. Proba osagarrien emaitzak edo txostenak ele bitan egoteak lehentasuna behar luke. Eta azkenik, osasun langile euskaldunen parte hartzea bultzatu, euren atxikimendua lortu, hasiera batean lehentasuna gehien erabiltzen diren zerbitzuetan kokatuz. Profesional hauek historia klinikoa euskaraz sortzeko gaitasuna izan dezaten trebatu behar ditu Osakidetzak.
Arreta euskaraz eskaintzea arreta hori bere osotasunean euskaraz ematea da, eta horren adierazlea historia klinikoa da. Hau euskaraz badago, berez arreta euskaraz izan behar da, eta hau lortzeko, zirkuituak edo ibilbideak sortu behar dira.
Horrek ez luke ekarriko inposaketarik, ez luke liskarrik ekarri behar, borondate on pixka batekin.