Kattalin Miner
GAUR8

Ezkontza eta haurdunaldia, serio?

Ez zen nire intentzioa inondik inora gaur, ekainak 28, sexu askapenerako egunaren inguruan idaztea, baina azken egunetako eztabaida batzuek zer pentsatua eman didate. Aurreko batean ni eta nire lagun batek –lesbiana bera ere–, aspaldiko ezagun batzuekin egin genuen topo. Une batean, elkarrizketan ez batek eta ez bik, ea galdera bat egin ziezagukeen esan zigun. Guk «bai, noski» esan genion, nolabait, intuituz, lesbianismoarekin zerikusia zuen zer edo zer izan zitekeela.

Esan zigun, askotan pentsatzen zuela horren inguruan, baina inguruan lesbianarik ez eta tira, kontua zen jakin nahi zuela ea arduratuta geunden umeak edukitzearen inguruan. Ea nola egingo genuen, ea kontua nola dagoen. Gure aurpegiak ikusteko modukoak izango zirelakoan nago.

Nik edukazioz esan nion, oraintxe bertan gutxienez ez zela nire ardura handiena, baina edozein kasutan ere, mila modu daudela. Nire lagunak esan zion bere alura nahi adina kontu sartu zitezkeela, baina atera ez zuela uste ezer aterako zenik sekula. Oso fin geratu zitzaion.

Total, honekin shockean geratu nintzen apur bat. Izan ere, 24 urteko hetero araututako neska baten lesbianismoaren inguruko kezka nagusia ea ama nola izan gintezkeen, eta haurdun nor geratuko litzateken, eta halakoak dira. Nireak ordea, ni neu lesbiana izanda ere, kezka horietatik oso urrun daude.

Geroago herriko lagun maritxu batzuekin topo egin nuen, bueno ziurrenik maritxu ez, gay-ak dira eta ezkontzera doaz. Esan zidan lehenbailehen egin nahi zutela, PPk edozer aldatu aurretik, «bestela udaletxe aurrean izango naute protestan, zuek ere gurekin, ezta?». Nahikoa edukatua naiz halakotan ere, eta «bai, noski» esan nion. Baina ez, ez nintzateke sekula protesta horretara joango, sekula «sexu berekoen ezkontzen» aldeko protestetara joan ez naizen bezala. Eta konturatu nintzen, haien homosexual izatearen kezka bakar eta nagusia, ezkontzen ingurukoa zela.

Eta ni pentsatzen jartzen naiz, eta ikusten dut nire bollera izatearen aukerak beste hainbat arazo ekartzen dizkidala, baina amatasunari eta ezkontzari dagozkion arazorik batere ez.

Agobiatzen nau lesbofobiak, ingurukoen artean lesbiana hain ikusgarria izateak, nazkatzen nau gure partez hitz egiten dutenean esaten dituztenak, lesbofobia, homofobia eta transfobiaren atzean dagoen faxismo atzerakoiak, kezkatzen nau, lesbianek eta homosexual batzuek nahi duten gauza bakarra heterosexual arautuek egiten dituzten gauza normal eta (nire ustean) aspergarri guztiak egitea izateak, kezkatzen naute harreman ereduek, kezkatzen naute gorputz nahitaez depilatuek, zakilik gabeko gizonek jasaten dituzten eraso transfoboek, lesbiana oso maskulinoak izateagatik jasotzen dugun uneoroko dudan jartzeak, agobiatzen naute ipurdiarekin zerikusia duten broma eta adierazpide homofobo guztiek eta zipaioei putaseme eta marika deitzen bakarrik dakiten horiek.

Esango duzue arraroa naizela, baina ez, ez nau kezkatzen amatasunak, ez behintzat lesbiana izateagatik. Ez nau kezkatzen ezkontza eskubideak edo ezkontzeak, heterosexualei baino gehiago. Izan ere bai, lesbiana naizela argi geratu da, baina nik lehenago esandako guztien inguruko ardura dut, lesbiana izatearen erabaki politikoa hartu nuenetik. Normal hitzak alergia ematen dit, arau hitzak ere bai, eta esan esaten badut mila aldiz bada ere, lesbiana naizela, horretxegatik esaten dut. Normaltasuna gailendu egiten delako beti, jan egiten gaituelako aspergarria delako, uniformea, itsusia eta itogarria ere izan daitekeelako. Zentzu horretan arnas hartzeko idazten dut, norbaiti arnas hartzen lagunduko diolakoan baita ere. Baina sekretutxo bat kontatuko dizuet, oso baxu: lesbiana izateaz gain, beste mila kontu ere banaiz. Eta kontatuko dizkizuet horiek ere. Promesten dizuet.

Recherche